Nerea Abancens Napo (Pasaia, Gipuzkoa, 1987) «penaz» geratu da agurra zalerik gabe egin behar izan duelako. Hala ere, Oiartzun utzi zuenean egin zioten omenaldia, eta horrekin geratzen da. Bere ibilbide profesionalean euskal taldeetan aritu da, eta Oiartzunekin eta Eibarrekin izan zuen aukera Lehenengo Mailan jokatzeko. Erretiroa hartu berri du: «Niretzako denbora hartuko dut».
Joan den denboraldian bi sasoirako kontratua sinatu zenuen. Bat pasatu da, eta erretiroa hartu duzu. Nekatuta bukatu duzu?
Urte zaila eta luzea izan da. COVID-19aren egoerak futbolean ere eragin du. Harmailak hutsik egon dira, eta horrek asko eragiten dit. Izan ere, gertuko pertsonak ezin ziren etorri ikustera. Gainera, aurten minutu gutxi eduki ditut, baina hori ez da izan erabakiaren arrazoi garrantzitsuena. Beste lehentasun batzuk ditut, eta horiei heldu nahi diet.
Erabaki zaila izan da?
Ez da erabaki samurra izan. Oraindik disfrutatzen dut futbolean, eta fisikoki ondo sentitzen naiz, baina nire hobe beharrez egin dut.
Agurra zalerik gabe egitea egokitu zaizu. Pena?
Bai. Urte osoan ez naute ikusi jokatzen, eta horri gehitzen badiozu Lehenengo Mailan nagoela... Pena ematen dit. Futbola zelaitik kanpo eta zalerik gabe uztea ez da amesten duzun zerbait, baina horrela izan da, eta kito. Oiartzun utzi nuenean egin zidaten omenaldia, eta horrekin geratzen naiz.
Nolakoa izan da denboraldia zalerik gabe?
Hasieran arraroa izan da. Pentsatzen genuen denbora aurrera joan ahala jendea etortzen hasiko zela. Baina ez da horrela izan. Futbolean, gertuko jendea eta zaleak ongi pasatzen ikusten dituzunean, orduan gozatzen duzu. Aurtengo denboraldia zaila, hotza eta gogorra izan da.
Lehenengo pausoak Grosekon, Añorgan eta Hernanin eman zenituen.
Hasieran, futbola gustatu arren, ez nuen talde batean sartu nahi. Pasaiako entrenatzaile bat tematu zen, eta azkenerako konbentzitu ninduen. Grosekon lehen lau urteak politak izan ziren.Hortik Añorgara joan nintzen. Hango klubak beste dimentsio bat zuen. Jon Zabaleta izan zen nire entrenatzailea, eta asko ikasi nuen. Harekin, Añorgatik Hernanira joan ginen hainbat jokalari.
Zenbat urterekin iritsi zinen Oiartzunera?
21 urterekin iritsi nintzen, eta 11 urte egin nituen. Futbol arloko etaparik luzeena eta bereziena izan da. Jende asko ezagutu dut bertan. Kuadrilla Oiartzungoa dut. Gainera, Oiartzunekin lortu nuen Lehenengo Mailarako igoera.
Hain justu, 2014-2015eko denboraldian lortu zenuten hori.
Igoerako urtea ibilbide osoko urterik politena izan zen. Partida asko irabazteaz gain, kuadrilla bat ginen, futbol zelaian eta futbol zelaitik kanpo. Eta hori zelaian islatzen zen. Edozer egiten genuela ere, herrian ospatzen genuen.
Bi denboraldi egin zenituzten Lehenengo Mailan. Nolakoak izan ziren?
Klubean aldaketak egon ziren. Bertako jokalari asko kanpoan geratu ziren, eta kanpotik jende berria etorri zen. Lehenengo denboraldia ondo joan zen. Nahiko erraza izan zen mailari eustea. Bigarren sasoia, berriz, zaila izan zen: ez genuen garaipenik lortu urtarrilera arte. Azken urtea gogorra izan zen.
Izan ere, azken urtean, 2016-2017ko denboraldian, Lehenengo Mailatik jaitsi zineten.
Bai. Ligako azkeneko partidan erdi lesionatuta nengoen, eta aulkian gaizki pasatu nuen. Gure esku zegoen mailari eustea. Izan ere, beste aurkariek galdu egin zuten, eta irabazi izan bagenu, Lehenengo Mailan jarraituko genukeen. Ugaldetxo [Oiartzungo futbol zelaia] bete-betea zegoen, eta jaitsiera sufritzea gogorra izan zen. Horretaz gain, Oiartzunen beste etapa bat hasi zen, eta klubak gerora ere sufritu ditu ondorio horiek.
Alde handia zegoen zuen eta aurkarien artean futbol mailari dagokionez eta baliabideetan?
Bai, lehenengo sasoian ez genuen kobratzen, eta esango nuke bigarrenean 150 euro kobratzen genituela. Hala eta guztiz ere, nik ez dut inoiz diruarengatik jokatu.Bestalde, alde handia zegoen taldeen artean. Beste jokalarientzat futbola zen ogibidea, eta, guretzat, aldiz, ez. Gehienak lanetik ateratzen ginen, eta gaueko zortzietan entrenatzera joaten ginen.
Oiartzunen hamaika urte egin zenituen. Zorretan zaude haiekin?
Zorretan ez dakit, baina Oiartzun bihotzean eramango dut betiko. Nire etxea izan da. Gainera, neukan guztia eman dut. Ez naiz gailentzen gaitasun teknikoengatik, baina bai, ordea, dudan guztia emateagatik. Oiartzungo kamiseta beti sentitu dut, eta hustu egin naiz kamiseta horrengatik. Zorretan baino gehiago, eskertuta nago.
Gero, Eibarrera joan zinen. Jauzi kualitatiboa izan zen?
Oso desberdina izan zen. Talde profesional baterako jauzia eman nuen. Baldintza ekonomikoak eta kirolekoak oso onak izan dira. Eibarrek aukera eman dit futbolaz bizitzeko. Oso eskertuta nago haiekin.
Han ere Lehen Mailara igo zineten.
Bai. Hasieran ez genekien nolako sasoia izango zen. Aldaketa handia egon zen bai taldean, baita entrenatzaileetan ere. Talde berria egitea ez da lan samurra, eta lehenengo jardunaldietan kostatu zitzaigun puntuak eskuratzea. Hala ere, azaroan dinamika onean sartu ginen, eta emaitzak alde izan genituen. Denboraldi osoan Osasunarekin ibili ginen borrokan. Hain justu, urtarrilean jokatu genuen norgehiagoka Osasunaren aurka, Tajonarren, eta irabaztea lortu genuen. Hori izan zen denboraldiko inflexio puntua.
Aurtengo sasoian helburua bete duzue: mailari eustea.
Guk argi eta garbi genuen mailari eustea zela gure helburua, eta ez nahi eta nahi ez lortu beharreko zerbait. Jakitun geunden erronka zaila zela. Eibar talde umila da. Hasieratik gauzak ondo egin dira; prestakuntza ona eduki dugu, eta taldekideak inplikatuta egon dira. Denboraldiaren hasieran dinamika onean geunden, baina, gero, bi edo hiru hilabeteko garai txar bat eduki genuen. Azken batean, Real Madril edota Atletico Madril aurrean dituzunean ez da erraza puntuak eskuratzea. Azkenean, hiru partidaren faltan lortu genuen mailari eustea, Logroñoren aurkako partidan.
Eibarren bi denboraldi egin dituzu. Gustura zaude egin duzun lanarekin?
Bai, pozik nago. Eibarrek eman zidan aukera baliatuz, bi sasoitan modu profesionalean bizi nahi nuen. Hortaz, bi ikasturteko eszedentzia hartu nuen irakaskuntzan [horixe du ogibide]. Azken batean, batetik bestera ibiltzea edo zure indarrak gauza batean bideratzea ez da gauza bera. Beraz, bi urte hauetan, entrenamenduez gain, nire aldetik ahal izan dudan guztia egin dut. Futbolari eskaini diot %100.
Emakumeen liga, ondo bidean, profesionala izango da 2022-2023ko sasoian. Zer iritzi duzu gai horretaz?
Horrelako albisteek aurrerapausoak erakusten dituzte. Baina oraindik baldintzak ez dituzte mahai gainean jarri. Beraz, bai, liga profesionala izatea oso ondo dago, baina horrek baldintza hobeak ekartzen baditu. Bai soldatetan, baita baldintzetan ere. Ez da nahikoa hitzez profesionaltasuna aldarrikatzea; jokalariek gero egunerokoan sumatu behar dute hori.
Euskal Selekzioarekin ere aritutakoa zara. Nola ikusten duzu ofizialtasuna lortzeko bidea?
Euskal Selekzioak urteak daramatza borroka horretan. Lehen oso urruti zirudien zerbait ematen du orain gertuago dagoela. Aurten aukera izan dut Euskal Selekzioarekin joateko; Iñigo Juaristi hautatzaileak deitu ninduen. Erretiroa horrekin hartu dut, eta oso berezia izan da hori bizitzea. Bistan da denok nahiko genukeela ofizialtasuna, baina zaila ikusten dut oraindik. Hala ere, gerturatzen ari gara.
Bost euskal talde daude Lehenengo Mailan, eta bi Bigarren Mailan. Emakumezkoen euskal futbola hazten ari da.
Bai, dudarik gabe. Euskal Herriak talde asko ditu Lehenengo Mailan; baita Bigarren Mailan ere. Horrek erakusten du Euskal Herrian dagoen maila. Gainera, aurten Alaves igo da Lehenengo Mailara, eta Osasunak urte asko daramatza Bigarren Mailako lehenengo postuetan. Athletic B ere hor dago, eta Realeko bigarren taldea bere bidea egiten ari da pixkanaka. Berri onak dira euskaldunentzat. Gero eta euskal talde gehiago egon gorengo mailan, hobeto. Azkenean inguruko jendea da, eta ezagunak dira denak. Horrelako albisteak positiboak dira, nahiz eta zelaietan aurkari izan.
Eta futbola uztean, zer?
Lehenik eta behin, niretzako denbora hartuko dut. Ia hogei urte baino gehiago dira astean hiru edo lau entrenamendu egiten, gehi asteburuko partidak. Gauza asko eman dizkit futbolak, baina beste gauza asko utzi behar izan ditut: familia, lagunak, askotariko planak... Gogoa dut disfrutatzeko, nire denbora hartzeko, eta lasai egoteko. Orain, berriro Orereta Ikastolara itzuliko naiz; han bi ikasturtez kanpoan egon naiz. Beraz, gozatzeko eta zoriontsu izateko garaia da.
Nerea Abancens 'Napo'. Futbol jokalari ohia
«Futbola zelaitik kanpo eta zalerik gabe uztea ez da amesten duzuna»
Napok erretiroa hartu du 34 urterekin. Pasaitarrak bi sasoirako kontratua sinatu zuen Eibarrekin joan den denboraldian, baina, urtebete pasatuta, «beste lehentasun batzuk» dituela dio. Soilik euskal taldeetan aritu da, eta ibilbidearen errepasoa egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu