FUTBOLA. Urrea balio duen zilarra

Dellasek azken minutuan lortutako zilarrezko gol batek jarri du Grezia finalean, eta Eurokopa hasi bezala bukatuko da

2004ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Sorpresa eman dutela, historia egin dutela, heroiak direla, jainko bihurtu zirela, denetik esan da greziarrei buruz; beraz, berriz ikaragarria egin dutela esatea geratzen da, eta auskalo, finalerako hitzen bat ere gorde behar agian.

Eurokopa Portugalen kontrako partidarekin hasi zuten. Figoren belaunaldiaren azken aukera zen hau, eta estreinako partida festa bat izan behar zen. Baina greziarrek sorpresa eman zuten, eta lehen jardunalditik Portugal ia kalera bidali. Orain berriro jokatuko dute elkarrekin, eta hasi bezala bukatuko da txapelketa. Noren alde egin apustu, ordea?Etxeko taldeari irabazi diote. Mundial bat eta azken eurokopa irabazi duen taldea bide bazterrean utzi dute, eta Eurokopako talde onena txikitu dute.Frantzia bide bazterrean utzi ondoren sinetsita zelairatu ziren greziarrak Txekiaren kontra, azkenean sinetsi dute gai direla. Horregatik txekiarrek zer egiten zuten zain egon gabe, eurek hartu zuten partidaren erantzukizuna. Txekiak, faboritoak izaki, ez zeuden baina gauzak erraz uzteko asmotan.Lehen bost minututan sekulako bi aukera izan zituzte Karel Brucknerren jokalariek. Lehenengo Rosicky izan zen area muturretik jaurtiketa gogor bat egin zuena. Gora joan zen baloia, baina gutxigatik.Bigarren aukera Jankulovskik izan zuen, honek ere gogor jaurti zuen Nikopoloudisen aurrean, baina atezaina fin ibili zen, eta kornerrera bidali zuen baloia.Handik aurrera behera etorri ziren txekiarrak, galduta eta urduri ibili ziren zelaian, eta greziarrek erasoak behin eta berriz egiteko aprobetxatu zuten. 28. minutuan ezker hegaletik sartu ziren, hiru lagunen arteko triangulazio eder bat eginda, erdiratzea ere lortu zuten, baina Vryssisek lehen zutoinean, eta Charisteasek bigarrengoan ez zuten errematatzerik lortu.Txekiarrek ez zekiten non zegoen bakoitza, baina eskuin hegaletik jokaldi borobil bat egitea lortu zuten. Ufjalusik erdiratu, Kollerrek ezin. Nedved saiatu zen, baina defentsa baten hanka topatu zuen. Azkenean Jankulovsisek errematatu zuen, baina Nikopoloudisek kornerrera bota zuen.Golik ez, eta Nedeved lesionatu egin zen, gainera. Zelaira itzuli zen, baina ez zen zutik egoteko ere gauza, ea Smicerrek hartu zuen bere lekua.

Greziaren harresiaren kontra lanean

Bigarren zatia Txekiarena izan zen, baina Greziaren defentsa sendo aritu zen, eta ez zuen zirrikiturik uzten. Joko gogorra egin zuten bi taldeek, Collinak zortzi minututan lau txartel hori erakutsi zituen. Kollerri hainbat penalti garbi ere egin zizkioten, baina alferrik.

Handik aurrerako jokaldiak berdinak izan ziren, Txekia saiatu eta saiatu, baina ezer egiterik ez Greziaren defentsaren kontra. Dena dela, pare bat aukera izan zituzten. Lehenengoa Kollerrek izan zuen. Korner bat atera, eta bigarren zutoinean buruz errematatu zuen, baina Baros aurrean zuen, eta nahi gabe kanpora atera zuen. Bigarrenean Rosickyk Kollerri eman zion baloia, honek itzuli egin zion, eta aterabota beharrean beste hainbeste egin zuen honek. Kollerrek kanpora bota zuen.Horrenbestez partida bukatu zen, eta luzapenari hasiera eman zitzaion. Ordura arte ezkutuan egondako greziarrak trumilka atera ziren, eta behin eta berriz arriskuan jarri zuten Cechen atea. Aukera bat bestearen atzetik izan zuten, eta gol arriskua behin eta berriz aldendu behar izan zuen atezain txekiarrak.Frantziaren kontrako partidan gauza bera gertatu zen, greziarrak askoz freskoago iritsi zirela 90 minutuen bukaerara. Eta 90 minutu horietan arerioak greziarren harresiaren kontra behin eta berriz saiatzen pott eginda bukatu zutela. Azkenean Dellasek korner bat errematatu zuen, eta finalera sailkatu ziren. Urrea balio duen zilarrezko gola.

Giltzak



Nedveden lesioa: 32. minutuan Nedvedek min hartu zuen. Saiatu zen saiatu berriro jokatzen, baina oinez ibiltzeko ere nahiko lan zuen. Txekiarrek jokoa antolatzeko hamaika arazo izan zituzten handik aurrera.

Greziaren defentsa: Txapelketa guztian bezain sendo aritu zen atzo, eta txekiarrek nekez bilatu zuten tarterik. Tartea bilatu zutenetan ere, gainera, faltak egin zitutzten behin eta berriz.

Karagounnis: Lehendik txartel hori bat zuen, eta atzo bigarrena atera zion epaileak. Grezia Eurokopako finalean, eta ezin jokatu...

grezia 1

txekia 0

Grezia: Nikopolidis, Seitaridis, Kapsis, Dellas, Fysas, Zagorakis, Katsouranis, Basinas (Giannakopoulos, 72. min.), Karagounis, Vryzas (Tsartas, 91. min.) eta Charisteas.

Txekia: Cech, Grygera, Ujfalusi, Bolf, Jankulovski, Galasek, Poborsby, Rosicky, Nedved (Smicer, 40. min.), Baros eta Koller.

Gola: 1-0 Dellas (105. min.).

Epailea: Pierluigi Collina (Italia). Txartel horiak Seitaridis, Charisteas, Karagounis, Galasek,Smicer eta Barosi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.