Aintzane Encinas. Realeko jokalaria

«Futbola inoiz ez zait bihurtu zama»

Realaren sorreratik lehen taldean jarraitzen duen bakarra da Aintzane Encinas. Hamar urteko esperientziak ematen duen patxadarekin, kapitainaren besokoarekin astero gozatzen jarraitzen du zelaian.

unai zubeldia
2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Pasioak» bizi du Aintzane Encinas (Donostia, 1988). Futbolarekiko pasioak, bizitzarekiko pasioak, lehen begiradan ikusten ez diren gauzak azaltzeko pasioak... Bihotz taupada bat entzuten da donostiarraren azalpen bakoitzean. Hamar urte bete ditu Realean; 15 urte urdurirekin iritsi zen, eta kapitainaren besokoarekin jokatzen du orain. Amorratuta dago azken partida gogora ekarrita, baina igandean Bartzelona liderra estutu dezaketela sinetsita dago.

Santa Teresa-Reala. 0-2 atsedenaldian, 1-3 bigarren zatian, 3-3 azken unean... Itzulerako bidaia ez zen izango gozo-gozoa, ezta?

Sentsazio arraroarekin amaitu genuen partida. Lehen zatian oso ondo jokatu genuen; aukerak sortu genituen, eta partida ixteko modua izan genuen. Baina arnasa eman genien, indartu egin ziren, lehen gola sartu ziguten, azken unean berdindu zuten... Erabaki txar askoren ondorioa da hiru gol jasotzea, nire ustez koska bat beherago dagoelako Santa Teresa.

Kapitain gisa, zein mezu helarazten da aldagelan momentu horietan?

Norberak bere kasa eta taldeak multzo gisa hausnartu beharrekoa izaten da aldagelan sartu ondorengo momentua. Partida on dezente jokatuta geunden aurretik, puntuak pilatzen jarraitzen dugu, eta ez da egokia lor genezakeen emaitzari bueltaka hastea. Hobea izan zitekeela? Bai. Baina ez zen izan.

Bost partida daramatzazue galdu gabe, baina puntu garrantzitsu askok ihes egin dizuete. Nondik begiratzen den...

Bai... Bakoitzak nahi duenari begiratuko dio, baina akatsetatik ikasi eta Bartzelonari begiratu behar diogu orain, euren aurka ahalik eta mailarik onena emateko. Horrela haziko gara; batzuetan, nahi baino kolpe gehiago hartuta, eta, besteetan, bide samurragotik. Puntu garrantzitsuek ihes egin dute, bai, baina geroz eta hobeto ari gara lehiatzen.

Zer falta zaio taldeari lehiakorragoa izateko? Etxeko datuak dira bereziki arduratzekoak, partida bat irabazi, beste bat berdindu, eta hiru galdu dituzuelako.

Jakingo bagenu... Bakoitzaren aldartearen araberakoa da futbola, eta bolada txarrean sartuta zaudenean, gehiago kostatzen da partidak irabaztea. Baina puntu asko lortuko ditugun partidak dauzkagu orain, eta horri begiratu behar diogu. Konfiantza pixka bat falta zaigu, baloia edukitzea, gehiago mugitzea, joko landuagoa egitea... Baina teknikoki hazten ari da liga, eta geroz eta zailagoa da edonori irabaztea.

Emaitzak hobetzeko aurkaririk zailena dator bisitan igandean: Bartzelona. Hori bai, aurreko denboraldian asko estutu zenuten ligan euren etxean (2-2), eta baita kopan ere (0-1 eta 0-0).

Ligan ez dago aurkari samurrik, eta eurek ere antzeko iritzia edukiko dutela uste dut. Aurreko sasoian, kopan, 0-1 galdu genuen etxean, estrategia jokaldi baten eraginez, eta lanak eman genizkien Bartzelonan ere, bai ligan eta bai kopan. Dena irabazteko egindako taldea da, baina oso ondo lehiatzeko gai garela uste dut.

Sevilla, Transportes Alcaine eta Albacete iritsiko dira gero, ustez talde apalagoak.

Bai eta ez. Orain hamabost egun Rayori irabazi genion, 0-1, eta, bai, ustez gurea baino talde apalagoak direnen aurka ariko gara lehian laster. Baina oso zailak izango dira partida horiek ere. Bartzelonaren aurka jokatu aurretik, gainera, ezin dugu pentsatu ondorengo hiru partidak irabaziko ditugunik. Orain aurkaria ez da Sevilla, Bartzelona baizik.

Azken urteotan, lehen itzulian, asko sufritu izan duzue beti, eta erreakzioa iritsi izan da gero. Denboraldi-aurreko aldaketetan dago ezin horren arrazoia?

Egia da, zenbakiak esku artean hartuta, hala gertatu izan zaigula, eta joera hori aldatu beharra daukagu. Ez dut uste, hala ere, denboraldi-aurreko aldaketen ondorio denik; edo bai. Ez dakit. Baina taldeari kosta egiten zaio ligari indartsu ekitea, nahiz eta egia den egutegi zaila egokitu izan zaigula azken urteotan. Talde gaztea da gurea, baina beste batzuk ere halakoak dira, eta ez zaie kostatzen hainbeste ligari indartsu ekitea. Ezin gara ezkutatu gaztetasunaren aitzakian. Gauza asko dauzkagu hobetzeko, eta bide horretan ari gara lanean.

Zelai erdiko orekari begira, zenbateko eragina izan dezake Cristina Pizarroren lesioak?

Larria da lesioa. Denboraldi honetan iritsi da taldera, baina esperientzia handiko jokalaria da. Jokoan eragin handiegirik ez izatea espero dugu, nahiz eta nahitaez nabarituko dugun haren hutsunea. Bitartean, ordea, taldekideetako edonork ordezka dezake zelaian. Talde honek kolpe asko hartu ditu bere ibilbidean, eta bat gehiago izango da hau.

Zuri dagokizunez, ekainean hamar urte bete zenituen Realean, eta 300 partidatik gora dauzkazu pilatuta. Noiz arte iraun dezake gorputzak egurrean?

Gaztea naiz oraindik ere, ez pentsa! Pasioak irauten duen bitartean hemen jarraituko dut nik; pasioan dago gakoa. Futbolerako urte asko dauzkat oraindik; hala uste dut, behintzat. 15 urterekin iritsi nintzen Realera, eta Maite Lizasok taldea utzita, bertan irauten duen bakarra naiz. Baina hainbeste gustatzen zait egiten dudana, futbola inoiz ez zait bihurtu zama oraindik.

«Realarekin zerbait irabazi nahi dut». Hala aitortu izan duzu beti. Hala ere, Bartzelona, Athletic, Valentzia... nahiko urrun daudela ematen du oraindik.

Sailkapenari begiratuta, bai; baina gure egungo taldea ez dut uste horiengandik hain urrun dagoenik. Kalitate handiko taldea daukagu, jokalari on askokoa.

Soldatak, seguruak, kotizazioak... Zein egoeratan dago emakumezkoen futbola?

Pauso txikiak ematen ari dira, baina ia inor ez da bizi futboletik. Gehienok ikasi edo lan egiten dugu futbolean jokatzeaz gain. Soldata txiki bat jaso, gizarte segurantzan kotizatu... Bai, pausoak dira horiek, baina jende asko harritu egingo litzateke emakumezkoen futbolaren benetako egoeraren berri izango balu.

Vela, Finnbogason, Granero eta Rulli fitxatu; Moyes ekarri; neguko merkatuan jokalariak fitxatzeko prestutasuna erakutsi... Armarria bakarrik da berbera.

Gizonezkoen futbolak diru asko mugitzen du; beste kirol bakar bat ere ezin da alderatu horrekin, ezta gizonezkoena ere. Emakumezkoen kirola soil-soilik aintzat hartuta, pribilegiatuak gara Realean jokatzeko aukera izanda. Baina, gizonezkoen futbola albo batera utzita, egoera zailean dago kirola orokorrean.

Reala-Bartzelona. Igandean, 12:30ean. Zein mezu helaraziko zenieke zaleei?

Astero euren babesa behar dugula esango nieke, eta Zubietara joateko edo telebista aurrean jartzeko. Senti dezatela euren Realaren emakumezkoen taldea ere, hala delako. Ahal dutenean joan daitezela partidak ikustera, gozatu egingo dutelako oraindik ezagutzen ez duten futbolarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.