FUTBOLA. Futbolaren omenez

Joko proposamenik aberatsena duten bi taldeak iritsi dira finalera: Bartzelona eta Manchester United. Gaur aurrez aurre izango dira Erroman. Ireki begiak eta gozatu.

2009ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Futbolaren bide guztiek Erromara daramate. Zaleen gogoa Italiako hiriburuan da. Han izango dira gaur aurrez aurre egungo talderik erakargarrienak: Espainiako Ligako eta Kopako eta Ingalaterrako Ligako txapeldunak, hurrenez hurren. Egungo Europako txapelduna da gainera Manchester United, eta Bartzelonak 2006an eskuratu zuen belarri handien trofeoa. Txapelketan zehar ikusi den bezala, Bartzelona da Ingalaterrako taldeei aurre egiteko gai den bakarra. Chelsea eta Liverpool ere finalean egon zitezkeen, lasai asko gainera, baina Bartzelonak saihestu du ingelesen erabateko nagusitasuna.

Gaur denetarik izango da Erromako Olinpiar estadioan; denetarik, eta dena ona. Bi kultura, bi estilo ezberdin, eta helburu bakarra: gailurra zapaltzea. Beste hainbat ezaugarri komun ere badituzte. Jokalari bizkorrak, dohaitsuak, bortitzak, eta futbol planetako bi izarrik distiratsuenak: Cristiano Ronaldo eta Leo Messi. Argi izpi guztiak haien inguruan dabiltza, baina futbola talde lana da, eta gaurko bi aurkariak talentua taxuz antolatuta eta osagai guztiak taldearen mesedetan uztartuta iritsi dira finalera.

Bi entrenatzaile, bi belaunaldi, bizitzaren bi ikuspegi ezberdin. Manchester Unitedek eta Bartzelonak Europako Errekopako finala jokatu zuten Rotterdamen 1991ko udaberrian (Herbehereak). Alex Fergusonek bost denboraldi zeramatzan deabru gorriak zuzentzen, eta kostata, baina hasi zen tituluen bidea urratzen. 1967az geroztik ez zuen Ligarik irabazi Manchester Unitedek. Tartean Ingalaterrako Kopa bat edo beste, Ligako Koparen bat. Deus gutxi hain ospe handiko klubarentzat. Ingalaterrako taldeak Heyselgo sarraskiaren ondorioz zigortuak izan zirenetik umezurtz geratu zen Europako futbola. Gailurrean zeuden orduan. Lana izan zuten joan ziren moduan itzultzeko, eta 1991ko udaberri hartan mugarria jarri zuen Manchester Unitedek. Finala irabazi zion Bartzelonari. Urte batzuk lehenago Bartzelonan aritutako golegile galestar batek eman zion titulua Ingalaterrako taldeari: Mark Hughesek, hain zuzen ere. Bi gol egin zituen finalean. Fergusonen bigarren Errekopa zen. Aurrekoa 1983an irabazi zuen Aberdeenekin, Real Madrilen aurka.

1991ko final hartan Johan Cruyff zen Bartzelonako entrenatzailea, eta bi jokalari berezi, oso gazteak orduan, ez ziren finaletik urrun ibili: Ryan Giggs eta Pep Guardiola. Izan ere, hurrengo sasoian protagonismo handia hartzen hasi ziren euren taldeetan. 18 urte geroago, Guardiolak zerura eraman du Bartzelona; Giggs, berriz, sasoiko jokalaririk onena izendatu dute Ingalaterrako Ligan. Datu bitxiak eta ikaragarriak dira, batzuen eta besteen ibilbideak aztertzeko. Mito handien finala da gaurkoa.

Manchester Unitedeko jokalariak infernuko deabruak dira; Bartzelonakoak, berriz, deabru zerutiarrak. Guardiolaren taldeak hazirik emankorrenak bota ditu sasoi osoan, eta fruiturik ederrenak jaso ditu edabe magikoa egiteko. Zaleak edertasunez mozkortu dira denboraldi honetan. Baloiari argiaren abiada ematen dioten horiek aingeru aurpegia dute, baina finean, deabruak dira. Aingerutxoen artean Xavi Hernandez eta Andres Iniesta gailentzen dira. Taldearen bihotza osatzen dute bi horiek. Estilo emaileak dira. Zorionez Iniesta garaiz iritsi da finalera, justu samar izan arren, eta ea nola erantzuten duen bi asteko etenaren ostean. Giharretako mina izan zuen azken aldian sasoiko itzuli zen. Xaviren adiskiderik onena da zelaian.

Baina Bartzelonaren kezka nagusia atzealdean dituen hutsuneak ondo betetzea da. Dani Alves, Rafael Marquez eta Eric Abidal ez dira izango. Chelsearen aurkako partidan Toure Yaya erdiko atzelari jarri zuen Guardiolak, atzeko lerroa luzeagoa egiteko, baina sufritu zuen Boli Kostakoak ezohiko tokian, eta nozitu zuen bere hutsunea taldeak zelai erdian. Aingura beltza oso garrantzitsua da euskarri gisa, Xaviri eta Iniestari bide emateko. Manchester Unitedek Michael Carrick du euskarrian: jokalari osoa. Paul Scholesek alboan jokatzen badu, berak egingo du Xaviren lana deabru gorrientzat, zalapartarik gabe, baina argitasun handiz.

Bartzelonak ikaragarri sufritu zuen Chelsearen aurka, eta Manchester Unitedek antzeko zailtasunak ipiniko dizkio. Hasteko, defentsa joko zurruna dauka. Hamalau partida jarraian golik jaso gabe ez ditu alferrik egin Ingalaterrako Ligan. Edwin Van der Sar atezain handia da, baina talde osoaren lana azpimarratu behar da esparru horretan. Nemanja Vidic eta Rio Ferdinand arroka bezalakoak dira erdialdean. Eskuin hegala dantzan ibiltzen da, baina John O'Sheak lehentasuna lortu du hor. Erdiko atzelari ere aritzen da, beharraren arabera. Eta ezker hegalean Patrice Evrak oso mugimendu bizkorrak ditu, defentsan nahiz erasoan. Baloirik gabeko jokoan aurrerapen handiak egin ditu Manchester Unitedek azken urteotan, italiarren aspaldiko zurruntasuna gogoratzeraino. Zelai erditik aurrera, festa izango da Erroman.

Erasorik bortitzenak

Bartzelonak goian estutuko du, betiko moduan. Samuel Eto'ok, Lionel Messik eta Iniestak osatuko dute defentsako aurreneko lerroa. Manchester Unitedek bideak itxiko ditu, Bartzelonaren jokoa ito eta haien hutsuneak baliatzeko. Horretan trebea da Ingalaterrako txapelduna: ustekabeko kolpeak ematen, alegia. Ez zaio komeni partida irekitzea, Bartzelonak zoratu egin baitezake. Kataluniarren ahuldadeak baliatu nahiko ditu, haien espazio ilunetan tranpak jarrita. Horretan aditua da Wayne Rooney; eta zeresanik ez Cristiano Ronaldo. Portugaldarra buruz errematatzaile bortitza da; falta jaurtiketetan oso trebea. Biak ala biak oso dinamikoak dira, eta lanak emango dizkiete Bartzelonako atzelariei.

Lanerako eta, ustekabean, gora iristeko badu arma bitxi bat Alex Fergusonek: Park Ji-Sung hego korearra. Apala da, langilea oso, jokoa ondo aztertzen du, eta goiko jokalarien mugikortasunak aukera ematen dio atzetik sartuta espazioak baliatzeko. Zer esan, bestalde, Ryan Giggs kapitainari buruz: adinaren poderioz abiadura galduta, ezker hegala utzi eta barrutik bere jakituria eta zorroztasuna taldearen mesedetan jartzen duen galestarra. Aulkiko bolbora ere goi mailakoa da: Dimitar Berbatov bulgariarra eta Carlos Tevez argentinarra.

Bartzelonak izango du jokoaren ekimena, eta Chelsea bezain zurruna den aurkaria gainditzeko freskotasun nahikoa duen ikusiko da. Manchester United edozein egoeratara moldatzen da. Baloirik gabe ondo eusten daki, eta baloiarekin hazi egiten da. Hortaz, Chelsearen ahalmen fisiko ikaragarriari aurre egin eta gero, sasoiko aurkaririk gaiztoena izango du gaur Bartzelonak.

Kataluniarrek ez diote muzin egingo bere proposamen poetikoari. Ederra eta eragingarria. Bi estilo arrakastatsuz gozatzeko gaua da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.