Hor dago, taberna batean, aulkian eserita. Esandako ordurako azaldu da Javier Clemente. «Luzea izango al da?», galdetu du. «Ez daukat denbora asko». Hala ere, hizketan hasi, eta ia ordubeteko solasaldia egin du azkenean.
Libiako lana uztekotan zinen, baina jarraitu egin duzu.
Asko estutu ninduten federaziokoek jarraitzeko, Munduko Kopara sailkatzeko fasean gaudelako eta abar. Baina ez dut luzaroan segituko. Agintariak ez dira ari nire ordezko bat prestatzen, eta lanean behar lukete dagoeneko.
Zenbat denbora igarotzen duzu han?
Urtea hasi zenetik, hilabete eta erdi egon naiz han. Han hori Egipto edo Tunisia da, han jokatzen ditugulako partidak; ateak itxita, gainera, zalerik gabe. Kontzentrazioak ere bi herrialde horietan egiten ditugu; Libian ezin da sartu.
Nolakoa da Libiako jokalaria?
Gogotsuak dira. Baina kontzeptuak-eta oso gutxi menderatzen dituzte. Lan errazak egiten ditugu ezinbestean. Orain hiru urte zuten maila eta orain daukatena ezberdinak dira.
Zuri esker hobetuko zuten.
Zelai azkarretan jokatzera eramaten ditut; abiadura asko ari gara lantzen, futbol profesionalean nola jokatzen den ikas dezaten. Haien futbola oso mantsoa da, berez.
Zer izan zen Libiarentzat Afrikako Nazioen Txapelketa irabaztea 2014an?
Sekulakoa. Niri ere ilusioa egin zidan, baina jokalariengatik. Libiarra ez naiz, eta ez nuen bizi hain sakon. Ondo dago Afrikako txapeldun izatea, baina ez pentsa garrantzitsua izan zenik niretzat.
Libian ere Bartzelonak eta Real Madrilek al dituzte zale gehien?
Bai, eta Juventusekoak ere badira. Futbolaren fanatikoak dira, eta telebistaz Europako partida guztiak ikusten dituzte. Haientzat, futbolean jokatzea abilezia edo trebezia baino ez da, filigrana direlakoak egitea, baina futbola ez da hori. Hortik doa futbola, baina ez du ezertarako balio. Bartzelonak egiten du, eta denak hori kopiatzera. Ez da ona.
Esan nahi duzu hori kopiatzeko balio egin behar dela, ezta?
Lortzen baduzu kopiatzea, ondo dago, baina Bartzelonako jokalariak bezalakoak behar dira horretarako. Bat tronpeta jolea bada eta biolina jo nahi badu, ezin du onenak bezala jo biolina; jarrai dezala tronpeta jotzen. Haurrak saiatzen dira jokatzen Bartzelonakoak bezala, baina ez daukate hain maila onik. Entrenatzailea hasten bada horretarako balio ez dutenak kentzen, bakarrik geratuko da, agian. Jokalarien ezaugarrien arabera moldatu behar dira taldeak. Ezin zaie eskatu haurrei Messirena egiteko. Ez da gai izango, eta ez duela balio pentsatuko du. Bada, horixe ari da gertatzen gaur egun haurrekin. Hala ere, futbolean joan-etorrian ibiltzen dira jokatzeko ereduak, eta lehengoa itzuliko da berriz.
Futbola bigundu egin da?
Epaileek ez dute uzten gogor jokatzen; ez da lehen bezala, ez dago talkarik. Futbola beti izan da lehia, grina eta indarra, eta, guztiaren gainetik, joko garbia. Ez naiz ari esaten ostikadak eman behar direnik, baina arlo fisikoak gero eta garrantzi txikiagoa dauka. Zelaiak ere aldatu egin dira; ez dago zelai astunik. Aldatu egin behar du futbolak; bide honetatik ez goaz inora.
Modak moda, jokatzeko eredu ezberdinak ikusten ari gara, nahiz eta joera nagusia unean uneko moda hori izan.
Azken batean, entrenatzaileak irabazi egin behar du, eta jokalarien ezaugarriak hartu behar ditu kontuan. Espainiako Ligako partida asko ikusten ditut, eta jokalari txarrak dituztenak atzean doaz. Saiatzen ari dira talde horiek jokalarien mailak ematen ez dien jokoa egiten. Horrela jokatzeko sekulako maila behar da, eta talde guztiek ez dute. Modak ez du balio profesionaletan. Irabazi egin behar da, eta ez ikuskizuna lehenetsi.
Bartzelonako entrenatzaile bazina, nola jokatuko zenuke?
Haiek jokatzen duten bezala. Onenak dira. Munduko hiru aurrelari onenak ditu, defentsan sendoak dira, eta zelai erdia bikaina dauka.
Baina ez zaizu gustatzen horrela jokatzea.
Bartzelona hau gustatzen zait. Aurrekoa ez. Tira, partida batzuk bai, baina irabazten hasi eta baloia ez galtzera jokatzen hastea ez zitzaidan gustatzen. Ordu erdiz edukitzen zuen baloia aurkariaren atera gerturatu gabe. Oraingoa zuzenagoa da, azkarragoa; zuloren bat ikusi orduko bila joaten dira.
Athletic al da zuri hainbeste gustatzen zaizkizun indar, borroka, grina eta antzekoetan oinarritzen den bakarretakoa?
Asko aldatu da Athletic. Ez du tradizioak agintzen zuen bezala jokatzen. Batzuetan ateratzen da grina eta kasta, baina ez lehen bezala. Eta lehengo jokalariak oraingoak baino hobeak izanda. Zuk har ezazu nik Athletic txapeldun hartan izan nuen taldea, eta oraingo taldeko asko ez lirateke titular izango talde hartan. Harrobiarekin bakarrik zaila da txapeldun izatea. Tarteka, izan dezakezu talde ona. Adibidez, egungo Athleticek ezin du txapeldun izan. Oraingo jokalariei Fernando Llorente, Javi Martinez, Ander Herrera eta Fernando Amorebieta gehituz gero, gazteak hobeak izango lirateke, eta talde osoagoa litzateke. Baina ospa egiten utzi zitzaien.
Zer beste aukera zegoen?
Zerbaitek huts egin zuen. Athleticen historian inork ez du alde egin nahi izan, baina horiek bai.
Zerk huts egin zuen?
Ez dakit, ez daukat datu zehatzik, baina uste dut entrenatzailea [Marcelo Bielsa] izan zela.
Gogorregia zen?
Aspertuta zeuden jokalariak, eta zuzendaritzak Bielsaren aldeko hautua egin zuen jokalarien alde egin beharrean. Kontratua entrenatzaileari berritu zitzaion. Jokalariei ez zien kasurik egin zuzendaritzak.
Jokalariak agindu behar du?
Ez, baina jokalariak gustura egon behar du ondo jokatzeko.
Ez zitzaizun gustatzen Bielsaren Athletic hura?
Niretzat, ez zuen ondo jokatzen. Gauza onak erakutsi zizkien jokalariei, hori bai, baina bigarren denboraldian ia Bigarren Mailara jaitsi ginen. Lehen denboraldian, Manchester United ahul baten aurka sekulakoa egin genuen, baina hura izan zen galbidea, aurkariaren ahultasuna ikusi gabe gure taldea bikaina zela iruditu zitzaigulako. Bielsak lan ona egin zuen, baina abenduan hilda zeuden jokalariak, jota. Bi finaletara nekeak jota heldu zen taldea. Barregarri geratu zen bietan, eta finalak irabazteko dira. Ez zen Athleticentzako entrenatzaile egokia.
Hortaz, entrenatzaile batek ezin du jokatzeko eredu bakarra menderatu eta erabili, Bielsak bezala?
Entrenatzaileak jokalarien ezaugarriei etekina atera behar die. Horrela osatzen dira talde txapeldunak. Jokalarien kalitatea da gakoa. Esaten dute Clementek agintzen ziela jokalariei baloia gora botatzeko. Barkatu, baloiari zartakoa eman dionari nik ez badiot esan hori egiteko, nola izango da Clemente artaburua? Izatekotan, jokalaria, nahi duena egiteagatik.
Taldeetan jartzen diren helburuak zehazteko, kontuan hartzen dute jokalarien kalitatea?
Hori da bestea. Begiratu Realari. San Mamesen irabazi zuenetik, lau partida daramatza irabazi gabe. Argazki bat atera zen Realaren aldagelakoa, Donostiako alkatea eta presidentea taldearekin zirela. San Mamesen irabazteak egiten du Reala handi? Partida bat irabazi, eta alkatea eta presidentea ez dakit zer irabazi izan balute bezala. Athleticek Real Madrilen zelaian irabazi izan duenean, aldagelan ez da Bilboko alkaterik azaldu argazkia ateratzera. Guk ospatuko dugu lehiaketaren bat irabazten dugunean, ez partida bat irabaztean. Realekoak zoratu egin ziren, helburua betea balute bezala; aizu, barkatu, baina taldea beheko zuloan eduki duzue orain arte. Helburuak bere lekutik ateratzea da hori.
Gutxirekin asetzen da Reala?
Ez, baina San Mamesen irabazteak neurtzen du Realaren handitasuna? Zoratuta gaude, ala? Helburuak nahasten ari dira. Helburuak behar luke Liga irabaztea edo Txapeldunen Ligan sartzea, adibidez.
Taldeak benetan dira zaleenak, ala agintarien apetak betetzeko dira?
Enpresa bihurtu dira taldeak, eta presidenteek eta zuzendaritzako lau kidek nahi dutena egiten dute.
Athleticen eta Realean ere bai?
Bai. Urrutiaren lau urteko lehen agintaldian jostailua izan zen kluba beretzat. Realean, Aperribairentzat ere jostailua da Reala, eta hor dabil, hau erosi eta dirua gastatuz. Nola berak ez duen jartzen dirua... Ezberdina da dirua jartzen duten presidenteen jarrera.
Esan eta esan ari zara Athleticen bizkaitar gutxiegi dagoela.
Gipuzkoako eta Nafarroako jokalariak ditugu, baina Bizkaia da biztanle gehien duen herrialdea, eta jokalari on gehiago atera beharko litzateke.
Zergatik ez dira ateratzen Bizkaiko jokalariak?
Athletic ez delako moldatu gizartearen aldaketetara. Garaiak aldatu egin dira, eta klubak joan behar du aldaketen aurretik, eta ez atzetik. Arriskutsua da bizkaitar gutxi egotea, beste guztiak erositakoak direlako. Baita Iñaki Williams bera ere. Williams fitxatzeko eskatu izan baligute ehun milioi euro ordaintzeko, ezin izango genuen erosi; hori da arriskutsua. Zureak badira gehienak, hamar bakarrik erosi beharko dituzu, baina ia denak erosi behar badituzu, dirurik ez daukazu. Badakit ez dela erraza jokalariak ateratzeko lan egitea. Jokalariei futbola erakutsi behar zaie, eta, balio duten edo ez duten jakiteko, eraginkortasuna dago, lehiakorrak izatea, irabazten jakitea, adibidez. Horrek egiten du galbahea; hori da jaitsi edo ez jaitsi ibiltzearen arteko aldea. Ni Libian horrela ari naiz lanean, gauza horiek erakusten. Hemen ere horrela egin beharko zen lan.
Noiz arte jarraituko duzu entrenatzaile lanean?
Aurten utzi nahi nuen, baina ezin dut, aspertu egiten naizelako bestela. Agian, hurrengo batean esango dut nahikoa dela, eta utzi egingo dut. Kontuan izan ezazu mila gerratan ibilia naizela. Afrikan entrenatzea, adibidez, sekulako lana da, gauzak guztiak antolatu behar izaten ditudalako.
Athleticen amaitzea polita litzateke...
Saiatu izan naiz Lezaman lanean sartzen azken hiru urteetan, baina ez didate uzten. Nik euli handiei ez nieke utziko marmelada jatera gerturatzen: «Aizu, zu presidentea zara, eta zuk esan behar didazu Lezaman zer egin behar dudan? Ez, ez, zu zure arlora», esango nioke. Futboleko lanean, lehen, entrenatzaileak bakarrik sartzen ginen Athleticen. Orduko zuzendaritzakoen lana zera zen, eskatzen geniena ematea. Lezaman ez zuten muturra sartzen. Zuzendaritzako ekonomista etorriko zait niri esatera zer egin behar dudan Lezaman! Faborez! Horregatik ez didate uzten Lezaman lan egiten. Dena beren esku nahi dute. Real Madril San Mamesera etorri, eta haienak dira gonbidapen guztiak; guretzat bat ere ez; guri ordaindu omen ziguten bertan lanean egon ginenean. Athleticek ezin du horrela lan egin.
Javier Clemente. Libiako selekzioko hautatzailea
«Futbola ez doa inora»
Lehengo garraren, grinaren eta indarraren falta sumatzen du Clementek: «Hori da futbola». «Galbidea» da Bartzelonaren eredua kopiatzea horretarako jokalariak eduki gabe. Athletic eta Reala ere astindu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu