Luze eta zabal aritu dira EHUko Udako Ikastaroetan futbolaren eta indarkeriaren inguruan hizketan. Hainbat hizlarik hartu dute parte egun osoan zehar egindako hainbat aurkezpenetan. Horietako batean kazetariak izan dira protagonista. Komunikabideen papera, babesle edo arrisku sortzaile izan dute gaitzat, eta hiru kazetarik hartu dute parte Koldo Aldalur kazetari ohiak gidatutako mahai inguruan: Jone Bastida BERRIAko kazetariak, Ane Urkiri Gara-ko kazetariak eta Alvaro Vicente El Diario Vasco-ko kiroletako arduradunak. Puri-purian dauden hainbat auzi ekarri dituzte hizpidera; besteak beste, arrazismoa, indarkeria motak, matxismoa, gazte mailetako futbola edo Luis Rubialesen auzia.
Indarkeria futbolean: arrazoiak, diagnostikoa eta aurre egiteko aukerak. Hori zen egun osorako gaia. Eta izenburuari berari buruz hausnartu dute lehendabizi hiru kazetariek. «Zergatik futbola eta ez kirola» izan da aurreneko galdera. Argi eta garbi aipatu dute hirurek «batez ere futbolean» ikusten diren jarrerak direla, eta hori probestu dute hizlariek futboleko joera txarrak beste kiroletara pasatzearen arriskuak nabarmentzeko.
Emakumeen eta gizonen futbol partidetan desberdintasunik ote dagoen galdetuta, Bastidak aipatu du «bietan» existitzen dela indarkeria, baina «oso errealitate desberdinak» direla azpimarratu du. «Futbolaz ari garenean, orokorrean, gizonezkoenaz ari gara. Emakumeena denean azpimarratu egiten dugu emakumeena dela». Gainera, beste ikuspegi bat ematen ahalegindu da kazetaria. Klub askotan bizi den errealitatea ondo ezagutzen du Bastidak, urte asko eman baititu futbol munduan. «Gazte mailetan gertutik ikusi dut desberdinak izan daitezkeela klub berak gizonen edo emakumeen taldearentzat dauzkan baliabideak, edota taldeari ematen dion garrantzia».
Vicentek, bestalde, futbolari profesionalek horrelako mahai inguruetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du. Profesionalen falta sumatu zuen: «Futbolariak dira futbolean protagonistak. Haiek dira eredugarriak izan behar direnak, eta futbol zelaietan ikusten den edozein jarrera itsusi amaitzeko lagundu behar dutenak. Haiek ez badituzte jarrera horiek ahazten, nola eskatuko diegu haurrei horrelakoak ez egiteko?» Bastidak, berriz, beste talaia batetik begiratu beharreko zerbait dela nabarmendu nahi izan du. «Bakoitzak bere ardurak ditu, baina ezin da futbolariengan zentratu. Futbolean ikusten den indarkeriak beste dimentsio bat hartzen du, eta ikuspegi orokor batetik begiratu beharra dago. Arazoa egiturazkoa da».
Egoera jakinak ere jarri dituzte mahai gainean. Vinicius Juniorrekin izandako tirabirak, Luis Rubialesen auzia edo Realaren zale batzuek Erromako beste batzuekin izandako liskarrak. Urkirik kazetariek erabiltzen dituzten hitzen garrantzia gogorarazi zuen: «Kazetariok erabiltzen ditugun hitzak oso garrantzitsuak dira. Erantzukizun bat daukagu gazteenak hezteko. Desberdina da emakumeen futbol partida batean edo gizonezkoen partida batean erabiltzen den lexikoa. Mutilekin, tradizionalki, gerrako lexikoa erabiltzen da, eta, ikerketa batzuen arabera, horrek eragina izan dezake zaleen jarreran. Horregatik daukagu kazetariok erruaren zati bat». Gaia Euskal Herrira ekartzeko asmoarekin, probintzialismoaz ere mintzatu zen Urkiri. «Probintzialismoan erantzukizun handia daukagu kazetariok, askotan elikatu egiten baitugu. Athletic eta Realaren arteko lehiak, adibidez, haurrengan eragin handia izan dezake, baita eskolan edo lagun artean harremanak egiterako orduan ere. Gai serioa da, eta arriskutsua beste kiroletara ere eramaten bada».
Kazetariaren hausnarketa kontzientea
Espainiako hedabideetan kirolari ematen zaion trataera ere ez dute ahaztu nahi izan. «Espainiako irratsaioetan erabiltzen duten hizkerak batzuetan beldurra ematen du. Zaleak justifikazio bat ikusten du hor, eta hortik aurrera zilegi da zaleak esan dezakeena», ohartarazi du Urkirik. Vicentek ere ildo beretik jarraitu du, eta, haren iritziz, askotan gaiaren arabera erraza da jakiten kazetariak esango duena: «Irratia jarri edo telebista jarri, badakit Viniciusen kasuan zer esango duten. Taldearen bandera besterik ez zaie falta. Batzuek ez dute disimulatu ere egiten, eta kamiseta janzten dute. Horrela galtzen da kazetariaren sinesgarritasuna. Erantzukizuna bakoitzarengan dago, kazetariengan eta pertsona ororengan».
Bastidak, berriz, kazetariak idatzi aurretik egin beharreko hausnarketaren garrantzia aipatu du: «Kazetariak kontzienteki hausnartu behar du albiste bat tratatzeko orduan zein influentzia izan dezakeen irakurlearengan. Arduraz jokatu behar dugu hedabideetan, pedagogia egin eta indarkeria oro salatu. Adibidez, ez du balio emakumeei ahotsa ematea Martxoaren 8a iristen denean eta gero hori ez izatea egunerokoaren parte».
Hiru hizlariak behin eta berriz errepikatu dute ez dela une batetik bestera konpondu daitekeen zerbait, eta «denbora asko» beharko dela. Baina kazetaritzatik ere pixkanaka-pixkanaka urrats txikiak egin daitezkeela aitortu dute, gizartean hobekuntzak ikus daitezen.