FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Apalen lidergoa jokoan

Liga hasierako ezusteetako bi dira Osasuna eta Levante; Sabo Milosevic hasierako hamaikakoan arituko ez bada ere, nafarrek Sadarreko bolada onari eutsi nahi diote gaur arratsaldean

ASIER LEGARDA
IRUÑEA
2004ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Zerbait gehiago lortu nahi duten bi talde apalen arteko lehia ederra ikusiko da», esan zuen atzo Javier Aguirrek gaur arratsaldeko partida azaltzeko. 13na punturekin sailkapeneko postu gozoetan daude Osasuna zein Levante, baina bi taldeon aurrekontuek eta historiak euren apaltasuna agerian uzten dute. Levanterena, batik bat, Lehen Mailara igo berria da Bernd Schusterrek zuzendu taldea, baina Liga hasiera honetan txukun ari dira valentziarrak. Iragan asteburuan Espanyolen aurka etxean galdu ostean, dena den, Schusterrek honakoa esan zuen: «Porrot honek gauzak bere tokian jarriko ditu». Euforia saihesteko ongi etorriko zitzaiela porrota, alegia. Sadarren jokatu 12 puntuetatik 10 eskuratu dituen Osasunak beste porrot eredugarri bat eskaini nahiko die gaur Levantekoei.

Javier Aguirrek, dena den, badaki partida erraza ez dela izango. Puntuak batzea lortu duten arren, Betisi (2-1), Getaferi (2-1) eta Albaceteri (3-2) irabazteko estutasun asko igaro behar izan zituzten nafarrek, eta Levanteren aurkako lehia ere orekatua izango da, zalantzarik gabe. «Nire ustez ere ezusteko handiena Levante hor goian ikustea izan da, baina igoera lortu zuen taldea oinarritzat hartuta fitxaketa onak egin dituzte, Harte, Manchev edo Sergio Garcia, esaterako, eta talde lehiakorra dutela argi dago», adierazi zuen atzo Osasunaren entrenatzaileak. Halere, bi taldeek partida ona jokatu eta hiru puntuak etxean geratzea nahiko lukeela onartu zuen Aguirrek.

Milosevic deialdian

Albaceteren aurkako lehian penalti bat huts egin zuela egia da, baina Liga hasiz gerotik Sadarren jokatu partidetan asko lagundu du Savo Milosevicek. Hain zuzen ere Albaceteren aurkako lehian hartu zuen min aurrelari serbiarrak ezker zangoko bizepsean. Nou Campeko partida galdu ostean, Levanteren aurka jokatzeko moduan egon ote zitekeen atzo argituko zela zirudien, baina Javier Aguirrek gaur hartuko du azken erabakia. Hasieratik ez duela jokatuko baieztatu zuen atzo entrenatzaileak, baina deialdian sartu zuen Milosevic. Halere, ohi baino gizon bat gehiago deitu zuen Aguirrek, Milosevic ordezkoen aulkian eseriko den ala ez gaur erabakiko baitute Aguirrek, taldeko zerbitzu medikuek eta jokalariak berak.

Hasierako hamaikakoari dagokionean, Nou Campen zelairatutakoarekin alderatuz gero hiru aldaketa egingo ditu Aguirrek: Pablo Garcia Muñozen tokian, Ortiz David Lopezenean eta Aloisi Weborenean. Partida bateko zigorra bete ostean euskarri bikoitzera itzuliko da Garcia uruguaiarra. Nou Campen David Lopez harrobiko jokalariari aukera eman bazion ere, eskuin hegalean Ortizen aldeko apustua berretsiko du mexikarrak. Eta aurre aldean elkarrekin ariko dira lehendabiziko aldiz Aloisi eta Valdo. Pablo Garciaren itzulera arrazoitu beharrik ez zuen izan mexikarrak, baina beste bi aldaketen inguruko azalpenak eskatu zizkioten kazetariek atzo. «Nou Campen jokatu 30 minutuak besterik ez ditu jokatu Aloisik gizonik aurreratuenaren tokian, baina hor jokatzen ohituta dago eta Valdorekin bikote ona osa dezakeela uste dut», esan zuen aurrelari australiarraren sarrera arrazoitzeko. «Etxeko partidetan, batik bat, lan ikaragarria egiten du Ortizek, eta horregatik erabaki dut David Lopezen tokian jartzea. Gazteak dira, eskarmentu gutxi dute eta biak hartzen ditut aintzat», adierazi zuen eskuin hegalekoaren aldaketa azaltzeko.

Koparen ajea

Kontuak kontu, asteartean Kopan Castelloren aurka 120 minutu jokatu zituzten hiru jokalari hasierako hamaikakoan izango dira: Pablo Garcia, Ortiz eta Josetxo. Aloisik ere pasada ederra hartu zuen Castalian, nahiz eta partida osoa jokatu ez, eta Puñalek ere 75 minutu jokatu zituen. Aitzakiatzat erabiltzerik ez da, Levantek ere Osasunak adina sufritu baitzuen Kopako lehen kanporaketa penaltietan gainditu aurretik. Baina, Kopako ahaleginak eraginik izan dezake gaur arratsaldean. Jokoaren mailan gehiegi ez nabaritzea eskatu beharko da.

-

GAIXORIK



Rosado, giltzurruneko kolikoak jota



Atzoko entrenamenduan izan ez zen jokalari gorritxo bakarra Ivan Rosado izan zen. Aguirrek ez du aintzat hartzen kasik, eta deialdian ez zen sartuko bestela ere, baina Ivan Rosado giltzurrunetako kolikoak jota da. Larunbat goizeko bostak inguruan Iruñeko San Miguel klinikako larrialdietara jo zuen Osasunako aurrelariak sabeleko min jasangaitzarekin. Ezkerreko giltzurrunean kolikoa zuela baieztatu zuten medikuek, eta egin beharrekoak egin ostean jokalaria etxera bidali zuten medikuek atzo eguerdian. Asteburuan atseden hartu beharko du Rosadok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.