Athleticeko lehen taldera iritsi zenetik, izan dituen entrenatzaileentzat funtsezko jokalaria izan da Garazi Murua (Getxo, Bizkaia, 1995). Haren nortasuna, patxada eta izaera lehiakorra zuri-gorrien atzealdearen ezaugarrietako bat izan dira.
Nola daramazu konfinamendua?
Ahalik eta ondoen. Egunerokoari eusten ahalegintzen naiz, eta burua okupatuta edukitzen, gainontzean hedabideetan ez baitago koronabirusa ez den beste gairik, eta, une oro albiste txarrak entzutean, neure burua estutzen dut. Saiatzen naiz ariketa fisikoa egiten, itzultzen garenean ahalik eta sasoirik onenean egoteko. Zuzenbidea ikasten ari naiz, eta ikasketei bultzada bat emateko ere baliatzen nabil egun hauek.
Skype bidez taldean aritzen zarete prestatzaile fisikoarekin. Beharrezkoak dira halako gauzak, ezta?
Bai, egunero elkartzen gara, 12:00etan, entrenatzeko. Horri esker, talde giroari eusten diogu. Gainera, beti da entretenigarriagoa kirola elkarrekin egitea. Nahiz eta gero bakoitzak lesioak eragozteko plan bat daukagun, eta horri lotuta bakarka ere gure saioak egin behar ditugun. Beti-ere bakoitzak etxean duen espazioaren eta baliabideen arabera. Izan ere, guk ez ditugu futbolari batzuek sare sozialetan erakutsi dituzten gisako gimnasioak edo ariketa egiteko lekuak. Elikadura ere gehiago zaindu behar dugu, kirol gutxiago egiten dugulako, eta etxean sartuta tentazio gehiago ditugulako. Guk, gainera, Lezaman bazkaltzen genuen egoera honetara heldu aurretik, eta alde horretatik oso gertutik eta ondo zainduta geunden.
Eta psikologikoki nola daramazu hainbeste kirol ez egitea?
Niretzat gogorrena ziurgabetasuna da. Ez dakigu denboraldia amaituko dugun edo ez, ezta bueltatuz gero zenbat denbora emango diguten ere sasoian jartzeko. Horrek ezinegona sortzen digu. Izan ere, etxean entrenatzen gara, baina ez da berdina. Ez dugu baloiarekin lanik egiten, eta egiten dugun ariketa ez da intentsitate eta maila berekoa. Baina gu pribilegiatuak gara, etxean gaudelako. Osasun langileak, banatzaileak, supermerkatuetako langileak... Horiek bai dutela meritu itzela, eta egiten ari diren lana eskertu eta txalotu behar dugu.
Pena ematen dizue hau gertatu izanak denboraldiko sasoirik onenean zeundetenean, eta egun gutxi falta zirenean Espainiako Kopako finalerdia jokatzeko Logroñoren aurka?
Egoera hauetan, futbola bigarren mailan geratzen da. Baina egia da oso garai onean geundela, eta Kopako finalera iristeko ilusioa genuela; gure helburu nagusia zen. Egoera tamalgarri honek dena zapuztu du. Baina penatuta egoteak ez du ezertarako laguntzen, txapelketen inguruan hartuko diren erabakiak ez baitaude gure esku.
Futbol Liga Profesionala txapelketa amaitzearen aldekoa da, ateak itxita jokatu behar baduzue ere. Zer iruditzen zaizu?
Ez dakit ateak itxita jokatzea aukerarik onena den, futbola zalerik gabe ez baita gauza bera. Egutegia, gainera, egokitu eta konprimatu egin beharko dute, eta ikusi beharko da nola geratzen den. Gizonezkoen kasuan, 48 orduz behin jokatuko dela aipatzen da. Baina astakeria hutsa da, are gehiago eten luze honen ostean. Lesioak izateko arrisku handia egongo litzateke. Gure kasuan, gainera, talde guztiak ez dira profesionalak, eta jokalari askok lana dute edo ikasi egiten dute, eta zaila da hori dena moldatzea. Espero dugu erabakiak hartu behar dituztenek kontuan hartzea hori guztia; bestela, txapelketaren beraren irudiari kalte egingo litzaioke, eta uste dut hori ez zaiola inori interesatzen.
Ligako bi taldek aldi baterako erregulazioak aurkeztu dituzte, hain justu ere atzetik gizonezkoen talde bat ez duten biek: Granadillak eta Sporting Huelvak. Zer iritzi duzu?
Lan hitzarmena sinatu zen, baina oraindik asko dago egiteko, eta halako gauzek kezka eragiten digute. Oraindik ere gizonezkoen talde bat atzetik ez duten taldeek ahalmen ekonomiko txikiagoa dute.
Zein da balantzea orain arte denboraldiak emandakoaz?
Denboraldi oso txukuna egiten ari ginen. Hasiera ez zen erraza izan, kostatu egin baitzitzaigun entrenatzaile berriaren [Angel Villacampa] jokatzeko era barneratzea. Aurrean ez genuen asmatu, eta atzealdeko akatsak ordaindu genituen. Baina, behin barneratuta, gustura eta oso identifikatuta gaude egiten ari garenarekin.
Harrobiko hainbat jokalari lehen taldean egonkortu dira, eta minutu asko ari dira jokatzen Oihane Valdezate, Ane Azkona… Nola ikusi dituzu?
Azken denboraldietan belaunaldi aldaketa batean murgilduta dago taldea, eta ikusten ari gara bide on eta natural batean egiten ari dela. Gazteak indartsu datoz: prest daude, eta talentua dute.
Zuretzat ere sasoi oso ona izaten ari zen, Ligan eta Kopan hemeretzi partida zeneuzkan jokatuta, eta lau gol sartuta. Gustura al zaude?
Bai. Asko jokatzen ari nintzen, eta golak sartzen ere bai. Fisikoki, gainera, ez dut aparteko gorabeherarik izan, eta hori niretzat funtsezkoa da, nire indarguneetako bat baita.
Garazi Murua. Athleticeko jokalaria
«Futbola bigarren mailan geratzen da egoera hauetan»
Egunerokoari ahalik eta gehien eusten eta burua okupatua izaten saiatzen da Murua, «etengabe albiste txarrak entzuten asko estutzen baitut neure burua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu