Leire Landa. Futbolari ohia

«Futbol mundutik urrundu nahi dut, ahaztu; nekatuta nago»

Lesioak tarteko, erretiroa hartzea erabaki du Landak, eta gizarte hezkuntza eta kirola uztartu nahi ditu etorkizunean. Azken urtea oso gogorra egin zaio, Bartzelonan babes gabe sentitu delako.

MIGUEL RUIZ.
Mikel O. Iribar.
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Lesioek baldintzatu dituzte Landaren ibilbidearen azken urteak. Denboraldia amaitu berritan agur esan dio kirol ibilbideari. Atsekabeturik baina kementsu hitz egiten du. Azken urte hauetako amesgaiztoa ahaztu nahian, iraganari eta etorkizunari buruz mintzatu da.

Bartzelonatik atzeko atetik irten izanaren sentsazioa al duzu?

Egia esan, nahi ez nuen bezala atera naiz Bartzelonatik. Urtea oso gogorra izan da, eta iazko irailean esan zidaten taldetik bananduko nindutela. Hortik aurrera, niretzat infernu bat izan da. Hala eta guztiz ere, iritsi da ekainaren 30a, eta orain pozik nago.

Bartzelonak ez al zaitu babestu azken lesioan?

Egoera oso kaotikoa izan da niretzat azken urte hau. Nik ez dut Bartzelonaren azalpenik jaso, eta jaso ditudan azalpenak ez dira koherenteak izan. Azkenean, ni lesionatua nengoen, eta medikuek esan zidaten nire belaunak ez zirela funtzionalak. Hortik aurrera, taldearen babesik ez dut jaso. Beraz, azken hilabete hauetan taldetik baztertuta egon naiz.

Lesioek ez dizute gozatzen utzi.

Nire kirol ibilbidean oztopo ugari izan ditut. Hala ere, asko disfrutatu dut futbolean. Leku berriak eta jende ugari ezagutzeko aukera izan dut. Ondorio moduan, pozik nago egin dudan ibilbidearekin. Egia da lesioak izan ditudala, baina jokoaren zati dira.

Futbola zurekin zorretan al dago?

Ez dit ezer zor. Gauzak horrela izan dira, baina gainditu egin ditut. Azkenengo hau, ordea, ez dut gainditzeko indarrik izan. Hala ere, futbolak momentu gozoak eman dizkit, eta horrekin geratzen naiz.

Eta zu futbolarekin?

Nik neukan guztia eman diot.

Zer erakutsi dizute lesioek?

Egia esan, lesioak une jakinetan izan ditudan arren, beti eduki dut helbururen bat. Eta, azkenean, lanarekin eta ahaleginarekin beti lortu izan ditut. Bartzelonak fitxatu ninduenean, esaterako. bertan jokatzeko gogo izugarria nuen, eta esfortzuaren eraginez fruituak jaso nituen. Horrekin batera, Munduko Kopa jokatzeko aukera izan nuen Espainiako selekzioarekin. Nire ametsa bete nuela esan beharra daukat.

Athleticen zeundela, belauneko lotailua hautsi zenuen. Hala ere, Bartzelonak fitxatu egin zintuen. Nolakoa izan zen hura?

Ahozko akordioa genuen aurretik, eta Bartzelonarekin beti egon naiz eskertua. Bere hitza mantendu baitzuen, eta horrek ilusio handia egin zidan. Hala ere, presio handia sartu zidaten.

Zure elastikoan 23 zenbakia eraman duzu. Zenbaki bat baino gehiago izan da zuretzat?

Zenbaki horren atzean istorio luze eta polit bat dago, eta beti esan dut eta esango dut nire ametsik handiena 23 zenbakia bizkarrean eramatea izan zela Bartzelonarekin. Hori izan da futbolean lortu dudan gauzarik handiena, eta ez Munduko Kopa jokatzea, ezta liga irabaztea ere.

Lesioekin, etorkizunean pentsatzeko izan al duzu?

Min hartuta egon naizenez, urte osoan ez dut ezer egin, eta pentsatzeko astia izan dut. Egia esan, futbol mundutik urrutiratu nahi dut, eta erabat ahaztu. Nekatuta bainago. Ez dut nahi futbolarekin zerikusia duen ezertan aritu nahi. Bestalde, gizarte hezitzailea naizen aldetik, nire etorkizuna mundu horretan finkatzea izango da; hau da, kirolaren bitartez gizarte hezkuntza lantzea. Horrek egingo lidake ilusio gehien.

Zure ustez, emakumezkoen futbola gizonezkoen bidea hartzen ari da?

Argi dago gauzak asko hobetu direla. Baina ez nago oso ziur bide egokia hartzen ari denik. Oraindik emakumezkoen futbola sanoagoa dela uste dut. Hala ere, egunetik egunera ikus daiteke emakumezkoek laguntza gehiago dituztela.

Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril izango dira Espainiako Ligako dominatzaileak?

Azkenean, hiru talde horiek dira gizonezkoen futbolean aurrekontu handiena duten taldeak. Emakumeen futbolean apustua egiten badute, haien maila ere handia izango da. Hala ere, badira talde asko behetik gora datozenak. Bistan da Athleticek emakumeei babes handia ematen diola, eta aukerak izango dituela berriz ere goiko postuetan egoteko.

Zure iritziz, nola daude eliteko euskal taldeak?

Pena handia hartu nuen Oiartzunek maila galdu zuenean. Nire bizitzako taldea da. Espero dut berriz ere Lehen Mailan ikustea. Athletici dagokionez, iragan sasoiarekin alderatuta, azken hau ez da erraza izan. Baina badakigu hura beti dagoela lehian. Realari buruz, berriz, talde oso lehiakorra dela ikusten dut.

Euskal taldeen etorkizuna bermatua dago?

Bai. Urtez urte neska gehiagok jokatzen dute futbolean, eta, taldeek emakumeen futbolean apustua egiten badute, ziur nago etorkizun oparoa edukiko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu