Futbolzaleek bapo egingo dute uda honetan. Eurokopa joan zen ostiralean hasi zen, Alemanian, eta ozeanoz bestalde ere bira egingo du baloiak, Amerika Kopan. Argentina eta Kanadaren arteko lehiak emango dio hasiera, bihar goizaldean. Selekzioen arteko txapelketarik zaharrena da —1916an jokatu zen aurrenekoz—, eta aurtengoa 48. aldia izango da. Berezitasun gisa, AEBetan jokatuko da, historian bigarrenez —bertan antolatu zen mendeurreneko txapelketa, 2016an—. Hamalau hiritako hamalau estadiotan egingo dituzte partidak; bederatzik 70.000 zale baino gehiagorentzako lekua dute.
2026ko Munduko Kopa ere AEBek hartuko dute, Mexiko eta Kanadarekin batera, eta beroketa gisa balioko die aurtengo Amerika Kopak. Kanadak, preseski, aurrenekoz jokatuko du. Hamabi talde lehiatu izan dira normalean, baina hamasei izango dira aurten, mendeurrenean bezala: Hego Amerikako Konfederazioko hamar selekzioak, eta Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Konfederazioko sei onenak. Lau taldeko lau multzotan egongo dira banatuta, eta multzo bakoitzeko bi onenak final-laurdenetara igaroko dira.
BI HANDIEN AHALMENA
Argentina, hazita; Brasil, zalantzati
Argentina da faborito nagusia. Lionel Scalonik zuzentzen du taldea. Txapeldun gisa ariko da, 2021ean nagusi izan baitzen. 28 urteko idorteari bukaera eman zion orduan; 1993tik irabazi gabea zen Amerika Kopa. Tarte horretan, lau final galdu zituen, horietatik hiru Leo Messirekin. Rosarioko izarra nekatu egin zen porrotez, eta selekzioari uko egin zion 2016ko finala galdu berritan. Berandu gabe itzuli zen, ordea. Eta mamu guztiak uxatu ditu azken urteetan: Amerika Kopa eta Munduko Kopa irabazi ditu bere herrikideekin. Bada, Qatarren zerua ukitu ostean, erronka handia izango du Messiren Argentinak: berriz ere Amerikako txapeldun bihurtu, eta, hala, Espainiaren marka berdintzea –2008 eta 2012 artean bi Eurokopa eta Munduko Txapelketa bat kateatu zituen–.
Txanponaren bestea aldean dago Brasil. Duen sona eta kalitatea aintzat hartuta, Argentinaren pare egon beharko luke, baina gozakaitz dabil azkenaldian. Nemesia borrero izan zuen 2021ean; non, eta Maracanan, Brasilgo estadiorik mitikoenean. Eta gero, kale egin zuen Qatarko Munduko Kopan, final-laurdenetan Kroaziaren aurka galduta. Titek utzi egin zuen hautatzaile kargua, eta Dorival Junior da orain brasildarren gidaria. Arrakasta lortu du Flamengon eta Sao Paulon, baina selekzioan ez du oraindik baleko tekla sakatu: canarinha seigarren dago Munduko Kopako sailkatze fasean, sei partidatik soilik bi irabazita. Alta, erasoan jokalari erabakigarri ugari dauka Brasilek, eta haien eskutik urrun irits daiteke Amerika Kopa bezalako torneo labur batean. Bederatzi aldiz izan da txapeldun; azkenekoz, 2019an.
EZUSTEKOA EMATEKO PREST
Uruguairen amets 'zoroa'
Bi selekziorik indartsuenen itzalean, oso txapelketa ona osa dezaketen zenbait selekzio daude. Uruguaik historia loriatsua du –hamabost aldiz irabazi du Amerika Kopa, Argentinak adina–, baina ez da iraganari so bizi. Gaur egun, beteranoen eta gazteen arteko nahasketa orekatua dauka zelaian; eta eskarmentu handiko jenio bat aulkian: Marcelo Bielsa zoroa. Torneoan ariko diren zazpi teknikari argentinarretako bat da. Uruguaik urtebete darama Bielsaren aginduetara, eta gauzak ondo doazkio: bigarren dago Munduko Kopako sailkatze fasean. Atzetik dauka Kolonbia, Amerika Kopan zeresana eman dezaketen beste selekzioetako bat. Apal aritu da azken urteetan, baina bolada onean dago orain: 23 lehia daramatza galdu gabe.
Koska bat beherago dago Ekuador. Multzo nahiko erraza egokitu zaio, eta talentu handiko jokalari gazteak ditu. Txapelketako ustekabe nagusietako bat izan daiteke. Txilek ere zeresana eman dezake, Ricardo Garecaren agindupean. AEBak zaleen babesaz baliatzen saiatuko dira. Mexiko, aldiz, gain behera doa, eta ez dirudi urrun iritsiko denik.
GOLEGILEEN ARTEKO LEHIA
Messiren agurra ote?
Bihar, txapelketaren historian neurketa gehien jokatu duen jokalaria bihurtuko da Messi. 34 partida jokatu ditu orain arte, Sergio Livingstone txiletarrak adina. Zazpigarren Amerika Kopa du Messik, eta beste marka bat ere apur lezake: golei dagokiena, hain zuzen. Hamahiru sartu ditu orain arte, Norberto Mendez herrikideak eta Zizinho brasildarrak baino lau gutxiago. Eduardo Vargasek (Txile) eta Paolo Guerrerok ere (Peru) begiz joa dute helburu hori. Hamalauna gol sartuak dituzte. Haien azken Amerika Kopa izango da, baita Messirena eta Luis Suarezena ere (Uruguai). Ikusteko dago Messik 2026ko Munduko Kopara arte jarraituko duen.
Messiren ostean, Vinicius Junior da begirada gehien bereganatuko duen jokalaria. Beste urrats bat egin nahi du Urrezko Baloia irabazteko bidean. Neymar min hartuta egonik, Real Madrilekoa izango da Brasilen liderra. Selekzioan aurrerako urratsa egitea dagokio. Goi mailako beste jokalari asko bilduko dira datozen hiru asteetan: Fede Valverde (Uruguai), Luis Diaz (Kolonbia), Alphonso Davies (Kanada), Moises Caicedo (Ekuador), Christian Pulisic (AEBak), Alexis Sanchez (Txile) eta Michail Antonio (Jamaika), besteak beste.