Maider Altuna. Realeko hockey jokalaria

«Frustrazioa eta sufrimendua sentitu ditut sasoi honetan»

Duela sasoi batzuk Liga irabazi, eta orain sailkapeneko zuloan da Reala. Liga bertan behera geratu delako salbatu da. Talde txikia eta gaztea izateak eragina izan duela uste du Altunak.

REALA.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bi hilabete dira Maider Altuna Realeko jokalariak (Hernani, Gipuzkoa, 1994) hockeyko makila hartzen ez duela, koronabirusaren pandemiak liga eten zuenetik. Garajean dauka. Denboraldi gogorra izan arren, berriz hartzeko gogoz dago.

Egun batzuk igaro dira jada Espainiako Federazioak liga amaitutzat eman eta mailari eustea lortu duzuenetik. Denboraldi zaila izan da zuentzat, ezta?

Gaizki geunden, maila galtzeko arrisku handian. Partida bakarra irabazi genuen denboraldi osoan. Erabakiak mesede egin digu, baina ez da atsegina txapelketa hala amaitzea.

Zer sentipen eragin dizu denboraldiak?

Frustrazioa eta sufrimendua sentitu ditut. Bagenekien ez zela denboraldi erraza izango, taldean aldaketa asko izan genituelako, eta jokalari gazte asko genituelako. Baina, gutxienez, disfrutatu egin nahi genuen, sailkapeneko erdiko postuetan egon. Ustez irabaztekoak ziren partida batzuk galdu genituen, eta zalantzak sortzen hasi zitzaizkigun. Ez genuen asmatzen zelaian, eta ez genekien zergatik. Hori zen gogorrena.

Zerk huts egin zuela uste duzu?

Ez genuen jakiten nola jokatu partidetako une erabakigarrietan. Gure ligan berdintasun handia dago, eta gauza txikiek erabakitzen dituzte lehiak. Kalitate handia izan dezakezu, baina, minutu inportanteetan jokatzen ez badakizu, galdu egiten duzu. Gainera, oso talde txikia genuen, eta jokalariren batek huts egiten bazuen edo min hartzen bazuen, oso estu ibiltzen ginen partidak prestatu eta jokatu ahal izateko.

Denboraldi txarrek onek baino gehiago erakusten dutela esaten da. Zure kasuan ere hala izan al da?

Beharbada, bai. Baina nahiago nuke halako denboraldi gehiago bizi behar ez izatea. Zama eta ardura handiak izan dira. Erizaina naiz, eta asteburuetan egiten dut lan. Beraz, maiz egin behar izaten ditut txanda aldaketak partidak jokatu ahal izateko eta entrenatzera joateko. Aurreko denboraldietan, ezin banituen aldaketa horiek egin, ez zen ezer gertatzen. Baina, azkenengoan, taldea hain txikia izanda, eta zegoen egoeran, sentitzen nuen ezin nuela huts egin. Gogorra izan da.

Gazteei zer bilakaera ikusi diezu?

Handia. Haiek jakitun daude zein den egoera. Askotan jokatzea tokatu zaie, eta ardurak hartzea. Ahal zuten guztia eman dute, eta alde horretatik ezin diegu gehiago eskatu. Izan ere, argi dago ez dela modurik egokiena lehen taldean tokia eginez joateko. Onena da pixkanaka eta patxadaz egitea, egokitzapena errazagoa eta naturalagoa izateko. Lagungarria dataldea egoera onean egotea ere. Nik, hasieran, hamar minutu jokatzen nituen. Haien lekuan jarri, eta pentsatu izan dut: «Niri halako egoera bat tokatu izan balitzait...». Meritu handia dute.

Zer iritzi duzu Jorge Perez entrenatzaileak egindako lanaz?

Ahal zuen guztia egin du. Etengabe aritu da lanean genituen arazoak konpontzeko, eta aurkariak are gehiago aztertzeko. Indartsu ikusten dut, eta segitzeko gogoz. Hori da garrantzitsuena. Duen kezka nagusia da berriro entrenatzen eta lehiatzen hasterako denbora asko pasatuko dela. Prestatzaile fisikoak agindutako planari segitzen diogun arren, bi hilabete daramagu makila hartu gabe.

Egon zara sekula hainbeste denbora makila ukitu gabe?

Ez, inoiz ez. Guk, gainera, denboraldia amaitu ondoren, entrenatzen segitzen genuen, etena horren handia ez izateko. Orain, ia lau hilabete pasatuko ditugu ukitu gabe. Abuztu hasiera arte ez gara hasiko entrenatzen.

Sasoi hau txarra izan arren, datorrenari begira baikor izan zaitezkete?

Egoera zaila da. Etxeko hamar jokalari gaude oraingoz; horietatik bost, gazteak. Fitxaketak egiten saiatzen ari dira, baina, koronabirusaren pandemia tarteko, zalantza asko daude. Zailtasunak izaten ari dira fitxaketak egiteko. Lehiakor izateko eta sasoi honetan bezain estu ez ibiltzeko, gutxienez hamasei jokalari beharko genituzke. Baina dena airean dago.

Eta aurkariak nola ari dira mugitzen merkatuan?

Antzeko egoeran daude. Beharbada, egoera onenean Kataluniako taldeak daude. Eskarmentu handiko jokalariak dituzte, eta horietako gehienak, etxekoak.

Gazteek sasoi honetan pilatu duten esperientzia lagungarria izan daiteke hurrengoari begira?

Zalantzarik gabe. Harro egoteko moduan gaude dugun harrobiarekin. Uste dut datorren denboraldiari begira eskarmentua duen jokalariren bat ekarriz gero, are gehiago haziko direla, eta taula erdian egoteko moduan egon gaitezkeela.

Baliabideak ba al daude Realean harrobia lantzeko?

Ehun neskato inguru ditugu hockey eskolan, eta hori asko da. Oso lan ona egiten da harrobian. Baina zelai erdi bat baino ez dugu entrenatzeko. Gainera, orain, koronabirusaren ondorioz bestelako neurriak hartu behar badira, are zailagoa izango da. Badago hockey zelai bat egiteko proiektu bat, baina oraindik ez dago martxan, eta argi dago pandemia ekartzen ari den krisi ekonomikoak dena atzeratuko duela.

Erizaina izanda, nola bizi izan duzu koronabirusaren pandemia?

Berez, jaioberrientzako zainketa intentsiboen unitatean egiten dut lan. Zalantzazko kasuren bat baino ez dugu izan. Kezkaz bizi izan dut gertatutakoa. Gogorra izan baita egoera, baita lankideak kutsatuta ikustea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.