Italiako Giroa

Fruitu gozoak jaso dituzte Yates eta Carapazek, Borak zuhaitza astindu ondoren

Yatesek irabazi du Giroan orain arte izan den etaparik erabakigarriena, eta Carapaz lider jarri da. Landak eta Bilbaok 36 segundo galdu dituzte onenekin, baina aurrera egin dute nagusian.

jarraia213716.jpg
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 21a
18:52
Entzun

Zirrara falta zitzaion Italiako Giroari. Onenen ikuskizuna gehiegi ari zen atzeratzen. Gaurkoa 14. etapa zuen lasterketa italiarrak, eta ez zirudien faboritoak xaxatzeko bezain menditsua. Bada, usteak erdia ustel. Izan ere, Bora taldeak zuhaitza gogor astindu du, eta usteletik gutxi duten fruituak jaso dituzte Simon Yatesek (Bike Exchange) eta Richard Carapazek (Ineos): etapa bereganatu du batak, eta maglia arrosa besteak, Juanpe Lopezen (Trek) kalterako. Mikel Landari eta Pello Bilbaori (Bahrain) ere sufritzea egokitu zaie, baina galera gutxitzea lortu, eta aurrera egin dute sailkapenean: laugarren eta seigarren jarri dira, hurrenez hurren.

Garaipenak aho zaporea gozatzeko balio dio Yatesi. Irabaziz ekin zion Giroari, baina belaunean hartutako kolpe batek jokoz kanpo utzi zuen. Etapa ehizean hasi behar. Eta zeregin horretan maisua da; gaurkoarekin, seigarren garaipena du Giroan. Borak harrotutako uretan egin du arrantza, Carapazek bezala. Oso urrundik egin du eraso, Supergan, helmugatik 28 kilometrora, eta ahalegina ez da antzua izan. Jai Hindley (Bora) eta berpiztutako Vincenzo Nibalirekin (Astana) batera iritsi da helmugara, Yates baino 15 segundo beranduago. Hindleyk irabazi du esprinta, baina esku hutsik gelditu da: ihes egin dio etapak nahiz lidertzak.

Saria merezi zuen Bora taldearen eginahalak, hankaz gora jarri baitu lasterketa. Superga aurrenekoz igo aurretik hartu du lema, artean ia 70 kilometro gelditzen zirela. Hala, ihesaldia berehala gelditu da ezerezean. Hamabi lagunek egin dute ihes etapa hasiera frenetikoan; tartean ziren Ivan Ramiro Sosa (Movistar), Alessandro Covi (UAE) eta Diego Rosa (Eolo), mendiko liderra. Tropelak ez die ameto eman. Oilarrentzako eguna zen: Superga gainera hamabi ziklista besterik ez dira iritsi. Atzean gelditu da Guillaume Martin (Cofidis), nagusiko bosgarrena, eta atzerago Alejandro Valverde (Movistar). Joao Almeidak (UAE) eutsi egin du, nola edo hala.

Maddalenako malda tenteak igaro, helmugatik pasa, eta zirkuituko azken birari ekin diote, beti Boraren agintepean. Hasi dira berriro Superga igotzen, eta Carapaz, Hindley eta Nibali nabarmendu dira. Lopez itsutu egin da haiei jarraitu nahirik, eta kiskali egin da. Landa ere eguzki galdatan erretzen hasia zen. Denek bat egin dute berriro, eta barealdiaren erdian, ekaitza piztu du Carapazek. Ez dio inork ihardetsi. Maddalenara 25 segundorekin iritsi da Ineoseko liderra. Han erabat sakabanatu da lasterketa. Hamalau kilometroren faltan Hindleyk harrapatu egin du Carapaz, eta hortik gutxira Nibali eta Yates batu zaizkie. Azken koskan egin du eraso ingelesak, eta bakarrik iritsi helmugara. Landak eta Bilbaok 51 segundoko atzerapena izan dute harekin.

Gauzak estu daude sailkapen nagusian: minutu baten bueltan daude lehen bost sailkatuak. Carapazen atzetik Hindley dago, zazpi segundora; gero Almeida, 30era; eta laugarren dago Landa, 59ra. Bilbaok, berriz, 1.52ko atzerapena du. Gaur ere buruz buru ariko dira faboritoak, Rivarolo Canavese eta Cogne lotuko dituen etapa menditsuan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.