Froomen hordago historikoa

Giroa hankaz gora jarri du, helmugatik 80 kilometrora erasoa jo, etapa irabazi eta lider jarrita. Tom Dumoulin da bigarren, berrogei segundora. Simon Yates hondoratu egin da

Froomen hordago historikoa.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Luzaroan oroitzeko modukoa izan zen Italiako Giroko 19. a. Muturreko kontrola eta azken uneko erasoak dira nagusi egungo txirrindularitzan, baina gidoi horri muzin egin zion atzo Chris Froomek (Sky), eta beste garai bateko kutsua duen balentria lortu. Enbido egin zuen herenegun Prato Nevoson, eta atzo hordagoa jo zuen Colle delle Finestren, Giro honetako mendaterik garaienean, helmugarako 80 kilometro luze gelditzen zirela. Simon Yates (Mitchelton) atzo arte lider izandakoa lehertu ostean heldu zen britainiarraren mugimendu erabakigarria. Irabazle sen handia erakutsi, eta itsu-itsuan jo zuen elastiko arrosaren bila. Tom Dumoulinek (Sunweb) 3.22ko galera izan zuen, eta soilik hark eragotz dezake Skykoak bere lehen Giroa irabaztea. Herbeheretarra bigarren dago sailkapen nagusian, 40 segundora.

Lehen bi asteetan nagusitasun ia iraingarria erakutsi zuen Yatesek. Haatik, Dolomitetako azken bi etapetan garesti ordaindu du aurrez egindako ahalegina. Herenegungo krisialdi laburra sekulako makalaldi bihurtu zen atzo. Azterketa garrantzitsua zuen Finestreko hemezortzi kilometroko igoera gogorrean; bada, berehala gelditu zen ezinean, mendate erdia baino gehiago falta zela. Taldekideek inguratu zuten, baina hanketan ez zitzaion indar gramorik gelditzen. Hala, agur esan behar izan zien Giroa irabazteko eta podiumean sartzeko aukerei: 38.51ra helmugaratu zen, eta 18. posturaino egin du atzera sailkapen nagusian.

Yates atzean gelditzerako, Skyk erritmoa gogortua zuen, eta Kenny Elissondek beste estutu bat eman zuen onenen taldea asfalturik gabeko zatira iristean. Lasterketa lehertzeko asmo irmoa zuen Ingalaterrako taldeak.Sufritzen hasi zen Domenico Pozzovivo (Bahrain), eta, hortik gutxira, Froomeren mugimendua iritsi zen. Askok suizidatzat joko zuten haren ahalegina, helmugarako 80 kilometro gelditzen zirelako eta bakarrik egin zuelako aurrera. Edonola, Froomek erabakimenez egin zuen aurrera, ez baitzeukan zer galdu askorik. Finean, Giroa irabaztea izan da hasieratik Skyko liderraren helburu bakarra.

Dumoulin behin-behineko lider bihurtu zen Yatesen txakalaldiaren ondotik. Tartea bazuen, baina Froomeren mehatxua oso serioa zen. Dumoulini Thibaut Pinot (FDJ), Richard Carapaz (Movistar) eta Miguel Angel Lopez (Astana) batu zitzaizkion. Herbeheretarraren multzoa 40 segundoko atzerapenarekin pasatu zen Fienestre gainetik; Pozzovivoren taldetxoa, berriz, 2.15era pasatu zen. Bertan zen, besteak beste, Pello Bilbao (Astana).

Jaitsieran dezente handitu zuen errenta Froomek, eta, ordekan ondo eutsi ostean, Sestrieren errenta zabaltzen segitu zuen. Hala, 2.45eko aldearekin pasatu zuen mendate pankarta. Helmugarako ia 50 kilometro gelditzen ziren oraindik, baina Skykoaren balentria itxura hartzen ari zen. Atzean Dumoulini egokitu zitzaion jazarpena gidatzea, baina ez zen bakarrik egon: Pinot eta, bereziki, Sebastien Reichenbach (FDJ) ere aritu ziren erreleboka. Aldiz, elkarlanari uko egin zioten Carapazek eta Lopezek, elastiko zuria lortzeko lehiarekin itsututa. Gaiztotu egin zen taldetxoko giroa, eta horrek mesede galanta egin zion Froomeri.

Pozzovivo podiumetik at

Hala, 3.20ko aldearekin iritsi zen Jafferaura eguneko azken igoerara, eta, sekulako jipoia hartuta egon arren, ondo eutsi zion. Atzean mokoka aritu ziren, baina inork ez zuen tarte handirik ireki. Azkenean, bigarren Carapaz izan zen, hiru minutura; hirugarren Pinot, 3.07ra; laugarren Lopez, 3.12ra; eta bosgarren Dumoulin, 3.23ra. Pozzovivok zortzi minututik gora galdu zituen, eta sailkapenean seigarren posturaino egin du behera. Hirugarren Pinot dago orain, Froomerengandik 4.17ra. Bestalde, Bilbaok lan txukuna egin zuen berriro: hamargarren helmugaratu zen, eta sailkapenean zortzigarren postutik zazpigarrenera igo da.

Froomek dena du alde Giroa irabazteko, baina horretarako maila eman beharko du gaurko etapan (214 km). Lehen zatian ez dago aparteko zailtasunik, baina 13. kilometrotik aurrera lehen mailako hiru mendate kateatuko dituzte: Tsecore, Saint Pantaleon eta Cervinia. Giro honetako azken su festa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.