TXIRRINDULARITZA. Uztailaren 6an hasiko da Frantziako Tourra, Bruselan, eta distira apur bat galdu du. Chris Froome (Ineos) ez da lehian izango, txirrindulari britaniarrak femurra hautsi baitzuen atzo, Dauphineko laugarren etapako erlojupekoaren ibilbidea aztertzen ari zela. Froomek babes horma batekin jo zuen, maldan behera eta abiadura handian zihoala. Erorikoa izan eta berehala eraman zuten Saint-Etienneko (Frantzia) ospitalera. Handik gutxira eman zuen Dave Brailsford Ineos taldeko arduradunak txirrindulariaren osasun egoeraren berri. Uste baino lesio larriagoa zuen: femurra hautsi zuen. Beraz, ezinezko izango du Tourrean parte hartzea. «Istripu oso larria izan da. Denbora luzea beharko du osatzeko».
Kolpe handia da ziklista ingelesarentzat, baina baita Tourrarentzat ere, lasterketa nagusi horretako izarretako bat baita. Ez da harritzekoa, 34 urteko txirrindulariak lau aldiz irabazi baitu: 2013an, 2015ean, 2016an eta 2017an. Iaz, berriz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Geraint Thomas haren taldekide galestarrak irabazi zuen, eta Tom Dumoulin herbeheretarra (Sunweb) bigarren sailkatu zen. Aurten ere garaipena lortzeko hautagaien artean zegoen Froome.
Haren ezbeharrak itzalean utzi zuen Wout van Aertek (Jumbo) 26 kilometroko erlojupekoan emandako erakustaldia. Flandriarrak 31 segundo atera zizkion Tejay Van Gardereni (Education First) eta 47 Dumoulini. Sailkapen nagusian, Adam Yates britainiarra (Mitchelton) da lider. Lau segundora du Dylan Teuns (Bahrain), eta seira Van Garderen.
Froomek femurra hautsi du, eta ez da ariko Tourrean
Ziklista britainiarrak babes horma batekin jo du Dauphineko erlojupekoaren ibilbidea aztertzen ari zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu