Froome irabaztera etorri da

Vincenzo Nibali nagusitu da Espainiako Vueltako hirugarren etapan. Chris Froome lider jarri da, eta Skyk indartsu dagoela erakutsi du. Alberto Contadorrek 2.33 galdu du

Froome irabaztera etorri da.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Vincenzo Nibalik (Bahrain) irabazi zuen atzo Prades eta Andorra la Vella artean jokatutako Espainiako Vueltako hirugarren etapan. David de la Cruz (Quick Step) izan zen bigarren, eta Chris Froome (Sky) hirugarren. Sailkapen nagusiko liderra Froome da orain. Bi segundora dauka De la Cruz, eta denbora berera dago Nicolas Roche (BMC). Alberto Contador (Trek) sailkapen nagusiko lehiatik oso urruti gelditu da, 2.33ra helmugaratu baitzen.

Etapa gogorra izan zen. Lehenengo hamar kilometroetan osatu zen eguneko ihesaldia. Zazpi txirrindulari aurreratu zitzaizkion tropelari; ez edozein, gainera: Ag2r taldeko Alexandre Geniez eta Axel Domont, Davide Villella (Cannondale), Thomas de Gendt (Lotto Soudal), Anthony Turgis (Cofidis), Fabricio Ferrari (Caja Rural), Fernando Orjuela (M. Postobon). Geroago elkartu zitzaien Premyzlaw Niemiec (UAE), Col de la Perche eguneko lehen mendatean gora. Bost minutu inguruko tartearekin ibili ziren denbora luzez. Helmugarako 54 kilometro falta zirenean, Domontek tartetxoa zabaldu zuen, baina hamar kilometro besterik ez zuen egin buruan, eta harrapatu bezain laster utzi zuten atzean iheskideek.

Etapako mendate nabarmenena bigarrena zen, Rabassa (13 km eta %6,8ko batez besteko pendiza). Hura igotzen hasi baino lehen bizkortu zuen erritmoa tropelak, eta denbora tarte handia kendu zion ihesaldiari goruntz hasi aurretik. Ihesaldian, hasi eta berehala eraso egin zuen Geniezek. Villellak soilik jarraitu ahal izan zuen haren erritmoa. Jaitsieran harrapatu zituen guztiak tropelak, eta helmugarako 24 kilometro falta zirela denak elkartu ziren.

Azken mendatean, Skyk indar erakustaldia egin zuen. Erritmo oso gogorra ezarri zuen, eta zenbait faborito atzean gelditzen hasi ziren: Contador, Warren Barguil (Sunweb), Wilco Kelderman (Lotto Jumbo) eta Miguel Angel Lopez (Astana), horien artean. Helmugarako zortzi kilometro falta zirela egin zuen eraso Froomek, gogor gainera. Goranzkoan, Esteban Chavesek (Orica) soilik jarraitu ahal izan zion. Beheranzkoan, ordea, Bardet eta Fabio Aruk (Astana), lehenik, eta beste liderren taldeak, gero, harrapatu zituzten. Bederatzi txirrindulariko taldea iritsi zen helmugara.Nibali izan zen azkarrena. Besteak elkarri begira zeudela hasi zuen esprinta, eta ezin izan zuten marrazoa harrapatu.

Etapa laua da gaurkoa, 198 kilometro dauzka, eta mendate puntuagarri bakarra 3. mailako Beltallgo gaina. Esprinterrentzako bigarren aukera izatea espero da. Aukerako etapa gutxi dituzte, eta bizkor ibili behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.