PILOTA

Frontoiaren gainetik, norbera

Jokin Altunak eta Julen Martijak Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute gaur Binakako Txapelketako finala. Iruñeko Nafarroa Arenaren kantxa azkarra izanik, agintzeak garrantzi berezia izango du.

Jokin Altuna, sakatzen, hark eta Martijak Gasteizen Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatutako lehian. RAUL BOGAJO / FOKU
Jokin Altuna, sakatzen, hark eta Martijak Gasteizen Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatutako partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
jon eskudero
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Lau hilabete pasako jardunaren ondoren, gaur izango du egun handia Binakako Txapelketak, bi bikote onenek finala jokatuko baitute Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan (17:00, ETB1). Txapelketa aurkeztu zutenean gehienek faboritotzat jotzen zituzten bi bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago: Altuna III.a-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta. Lau pilotariek atarikoetan aitortu duten bezala, ezinbestekoa izango dute Nafarroa Arenako kantxara ongi moldatzea. Urtean zehar, oso gutxitan jokatu ohi dute han, eta arroztasun hori egoki kudeatzea garrantzitsua izango da. Pilotalekuko kantxa hain azkarra izaki, erritmoa jartzen duen bikoteak badirudi gertuago izango duela txapela, kantxa hobea baita erasorako defentsarako baino. Baina, frontoiaren ezaugarrien gainetik, norberaren lana izango da gakoa txapelerako bidean. Bikote gisa funtzionatzea derrigorrezkoa izango du bikote irabazleak. 

Faborito argirik gabeko finala izango da. Aurreikuspenek diotenez, pilotalekuan parean aterako da dirua, baina apustu etxeetan joera bat nabarmendu da azken egunotan: Altuna III.aren eta Martijaren aldekoa. Txapelketa gorabeheratsua izan dute oso, Amezketako (Gipuzkoa) aurrelariaren lesioak oztopo izan baitituzte. Zehazki, sei partida utzi ditu bertan behera Altuna III.ak, bi lesio ezberdinen ondorioz. Hori aski ez, eta Martijari berari ere freskotasuna falta izan zaio hainbat neurketatan, batez ere hasierakoetan. Hori bai, bi pilotariek behetik gora egin dute nabarmen, eta konfiantzaz gainezka daudela iritsiko zaie finala. 2022an elkarrekin txapeldun izan ziren, eta balentria bera errepikatu nahi dute. Horretarako, pilota bizixeagoak izango dituzte saskian. «Joko azkarra komeni zaigu», aitortu du asteon Altuna III.ak. 

Amezketakoaren ibiliari erreparatuta, ez da harritzekoa dirua haren alde ateratzea, aparteko konfiantza eragiten baitu pilotazaleengan. 28 urte bete berritan, hamalaugarren finala izango du gaurkoa Lehen Mailan. Final gutxien binakako modalitatean ditu, gaurkoa bigarrena izango baitu. Aurreko aldian txapeldun izan zen, Martijarekin, duela bi urte. Hori lortuta, hiru modalitateetan txapeldun izan diren zortzi pilotarietako bat bilakatu zen. Julen Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxea dira beste zazpiak. Hortaz, finaletako presioa kudeatzen ongi ikasia dago Aspeko aurrelaria. 

finaleko gakoak

  • Erritmoa ezartzea. Nafarroa Arenako kantxa hain azkarra izaki, agindu eta erasoan jokatzen duenak gertuago izango du txapela. Defentsan lan zailak izaten dira frontoi horretan.
  • Presioa kudeatzea. Frontoi arrotza egingo zaie lau pilotariei, eta une zailetan euren onetik ateratzea garesti ordainduko dute. Presioa kudeatzen eta patxadaz jokatzen asmatu behar dute. 
  • Inspirazioa erasoan. Pilotak ohi baino gehiago gastatuko dira, eta baliteke lehia asko gogortzea. Horregatik, erasoan inspiratuta egotea ezinbestekoa izango da, batez ere lehen zatian. 

Martijak berak gero eta hobeki daki zer den egun handietako presioari aurre egitea, gaurkoa hirugarren finala izango baitu. Aurreko bi finalak irabaziak ditu: 2020an, Joseba Ezkurdiarekin; eta 2022an, oraingo bikotekide berarekin, Altuna III.arekin. Etxeberriko (Nafarroa) pilotaria da bi txapel irabazi dituen atzelaririk gazteena: 26 urte ditu. Marka handitzen jarraitu nahi du, eta horretarako Zabaletari irabazi beharko dio. «Orain arteko bi finaletan Zabaleta ez dut aurkari izan, eta oraingoa erronka handiagoa da. Ilusio berezia pizten dit finala egungo atzelaririk onenaren kontra jokatzeak», esan du Martijak asteon. 

Zabaletaren bosgarren txapela?

Martijak ez ezik, zenbakiek ere hala diote, Zabaleta dela azken hamarkadako atzelaririk onena. Gaurkoa seigarren finala izango du. Aurreko bostetatik lau irabaziak ditu: 2013an, haren lehen parte hartzean, Irujorekin; 2018an, Ezkurdiarekin; 2021ean, Danel Elezkanorekin; eta iaz, Aitor Elordirekin. Bosgarrenez irabaziko balu, binakakoan txapel gehien dituzten hiru pilotarirekin berdinduko luke: Antxon Maizekin —bera da binakakoan txapel gehien irabazi duen atzelaria—, Retegi II.arekin eta Irujorekin. «Urtez urte pilotari hobea naizela uste dut, gero eta pilota gutxiago galtzen baitut. Markei ez diet begiratu nahi: jokatzen eta irabazten jarraitu nahi dut», esan du Zabaletak astean zehar. 

Txanponaren beste aldean dago Peio Etxeberria, gaur izango baitu estreinako finala binakakoan. Bigarren parte hartzea du, baina badu esperientzia finaletan, azaroan lau eta erdikoa jokatu baitzuen. «Kolpe galanta hartu nuen Altuna III.aren kontra galduta. Ez galtzeagatik soilik, baizik nire jokoaren erdirik ere ez nuelako eman. Oso urduri nengoen, baina egun hura ikasgaia izan zen, eta prest nago binakako finalerako», aitortu du ultzamarrak. Aurrez lortutako emaitzak alde dituzte Peio Etxeberriak eta Zabaletak, bi partidak irabazi baitizkiete Altuna III.ari eta Martijari: 22-19 Gasteizen, lehen ligaxkako bederatzigarren jardunaldian; eta 22-14 toki berean, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian. 

Edonork irabazten duela ere, etxean geratuko da txapela Asperentzat. Ez da berritasuna. Azken hogei txapeletatik bakarrak soilik ihes egin dio Eibarko enpresari, 2022an Unai Lasok buruz buru irabaziak, hain zuzen. Ordea, badago datu esanguratsu bat, bost urte baitziren Aspeko bi bikote ez zirela lehiatzen binakako finalean. Azkenekoz 2019an gertatu zen hori.

bakaikoak urrutikoetxea kanporatu du

Joanes Bakaikoak 22-17 irabazi zion atzo Mikel Urrutikoetxeari Lekeition (Bizkaia), eta Lehen Mailako buruz burukoa jokatuko du. Hala, zehaztuta daude zein hamabi pilotari ariko diren txapelketan: Aspetik, Aitor Elordi, Jokin Altuna, Dario Gomez, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria eta Javier Zabala; eta Baikotik, Erik Jaka, Unai Laso, Iñaki Artola, Jon Mariezkurrena, Jon Ander Peña eta Bakaikoa. Zabala eta Mariezkurrena II.a lehen aldiz ariko dira. Datorren ostiralean hasiko da lehia, Donostian. Zabalak jokatuko du egun horretan.

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.