Frantziari begira, azken proba

Sei Nazioen Torneoko bigarren jardunaldia jokatuko da asteburuan. Frantziak eta Irlandak gaur jokatu behar duten partida da jardunaldiko neurketarik erakargarriena.

Frantziako Uini Atonio lehian Italiako Juan Ignacio Brexen eta Niccolo Cannoneren aurka. YOAN VALAT / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Abian da 2022ko Sei Nazioen Torneoa. Bigarren jardunaldia jokatuko da gaur eta bihar, joan den asteburuan Irlandak, Eskoziak eta Frantziak lehen garaipenak lortu eta gero. Frantziak eta Irlandak jokatuko dute asteburuko partidarik garrantzitsuena: gaur ariko dira nor baino nor hobeto txapelketa irabazteko bi hautagai nagusiak. Horrekin batera, Galesen eta Eskoziaren artekoa ere gaur izango da; bihar, Italia eta Ingalaterra ariko dira elkarren lehian. Datorren urtean Munduko Txapelketa Frantzian jokatuko dela eta, Iñaki Laskurain errugbi adituak (Eibar, Gipuzkoa, 1968) uste du selekzio gehienek «probak» egiteko baliatuko dutela torneoa: «Hurrengo erronka nagusia 2023ko Munduko Txapelketa da. Ez dut uste selekzio askorentzat hau izango denik helburu nagusia. Sistemak eta jokalariak probatzeko aukera ona da». Nolanahi ere, izen handiko txapelketa da, eta denek irabazi nahiko dute: «Irlanda eta Frantzia dira hautagai nagusiak, nire ustez». Martxoaren 19ko eta 20ko asteburuan jokatuko da bosgarrena jardunaldia, azkena.

FRANTZIA
Ilusioa berreskuratuz


Hamabi urte daramatza Frantziak Sei Nazioen Torneoa irabazi gabe. Lehorte horri amaiera emateko grina handia du Fabien Galthiek zuzentzen duen taldeak. «Jokatzeko duen moduagatik,taldeak berriro erakarri ditu errugbizale izandako asko. 80ko eta 90eko hamarkadetan xanpain errugbia esaten zitzaiona egiten ari dira». Joko alaian eta kontraeraso zitaletan oinarritzen da estilo hori: «Aurreko lerroan oso indartsuak dira, baina hortik atzera ere oso jokalari onak dituzte. Gai dira azken unean edozein partida iraultzeko. Frantziaren aurka ezin da partida bat irabazitzat eman azken segundora arte». Maxime Luku Bordeleko jokalari euskal herritarra haiekinari da. 2000. urtean Italia batu eta Sei Nazioen Torneoa deitzen denetik, bost aldiz irabazi du txapelketa.

IRLANDA
Estilo bat eta bestea


Galesi irabazita ekin dio Irlandak Sei Nazioen Torneoari, eta txapelketan nagusitzeko hautagaitza sendotu du Andy Farrelen taldeak. «Hautatzaile honekin, jokalariek askatasun handiagoa dute erabakiak hartzeko, eta hori nabari da jokoan eta azken emaitzetan», esan du Laskurainek. Udazkenean Zeelanda Berria, Argentina eta Japonia menderatu zituzten, eta jokalari guztiak «maila apartan» aritu ziren. «Erabakiak hartzeko duten erraztasuna dela eta, edozein modutara jokatu dezakete: aurrelariekin, atzelariekin, ostikoekin edo kontraerasora. Gainera, errotazio ona eta luzea du Farrelek. Trebezia eta bizitasun handiko taldea da». Lau bider irabazi du torneoa.

INGALATERRA
Beste aurpegi bat

Eddie Jonesen taldeak, iazko txapelketa ahaztu, eta atzera txapelketa irabazteko lehian ibiltzea du helburu. «Makinaria handi baten gisakoa da Ingalaterra. Iaz ezusteko handia izan zen azken aurreko postuan geratzea». Badu gaia beste aurpegi bat emateko. «Maila handiko hain errotazio luzea dute, jokatu nahi duten moduaren edo aurkariaren arabera, jokalari batzuk edo beste batzuk hautatu ditzake Jonesek. Oso talde moldakorra da». Taldearen oinarria «aurreko jokalari indartsu eta dinamikoak» dira: «Uztartze oso indartsua dute. Dena den, atzean ere jokalari azkar eta indartsuak dituzte». 2020an irabazi zuen azkenekoz torneoa, eta, Sei Nazioak deitzen denetik, garaipen gehien erdietsi dituen selekzioa da: zazpi.

GALES
Sormena oinarri

Irlandaren aurka lehendabiziko neurketa galdu arren (29-7), Laskurain ez dago kezkatuta, Galesko selekzioarentzat ohikoa delako txapelketak gaizki hasi eta ondo bukatzea. «Azken hamar urteetan torneo hau gehien irabazi duena da; lau aldiz, hain justu». Beraz, agerikoa da Wayne Pivacen taldea fidagarria dela. Joko estiloa aipatuta, jokatzeko modu «alaia» eta «ikusgarria» dutela azaldu du: «Atzean oso jende azkarra dutenez, entseguak egiteko gaitasun handia dute. Sormen handiko taldea da, hori izan baita betidanik haren estiloa. Ikusteko gustagarria den talde bat da». Egungo txapelduna da, eta palmaresean sei garaipen dauzka.

ESKOZIA
Goraldi betean


Ingalaterrari estreinako partida irabazi eta gero, moralez gainezka daude eskoziarrak. Azken urteetan «etengabe hobera» egiten ari direla dio Laskurainek: «Azken bi urteetan oso ondo jokatzen ari dira. Erregularragoak izatea da orain duten erronka». Gregor Townsendek zuzentzen duen taldearen goraldi hori aztertzen hasita, Stuart Hogg jokalaria ekarri du hizpidera: «Hark eman dio taldeari nortasuna, eta harengandik sortu da orain duten jokoa eta giroa». Zelanda Berriko eta Hegoafrikako jokalariak nazionalizatzeak talde hobea osatzeko modua eman diela azpimarratu du Laskurainek. Sei Nazioen Torneoa ez du irabazi oraindik.

ITALIA
Ahulena


Azken sei urteetan Sei Nazioen Torneoko azken sailkatua izan da, eta badirudi aurten ere postu horretara kondenatuta dagoela Italiako selekzioa. Beraz, egurrezko koilara jasotzeko hautagai nagusia da Kieran Crowleyren taldea. Badira «ongi» egiten dituzten gauzak, baina, oraingoz, horrekin ez da nahikoa. «Lehenengo zatian ondo jokatzen dute, eta, markagailuan atzetik joanagatik ere, aldeak txikiak izaten dira. Azken hogei minutuetan, ordea, ezin izaten diote eutsi», esan du Laskurainek. Taldea aztertuta, Laskurainek uste du atzean dutela gabezia: «Aurrelari indartsuak dituzte. Atzean dute arazoa; zelaiaren zatirik handiena babestu edo erabakiak hartzeko orduan zailtasunak dituzte». Ez du sekula irabazi torneoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.