FUTBOLA TXAPELDUNEN LIGA REALA

Frantziako boteretsu berria

2003ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Olympique Lyon ez da klub historikoa Frantzian. Saint-Etienne, Olympique Marseilla, PSG, Girondins, Monako... hainbat dira Lyonen aurretik daudenak. Baina Frantziako klub historiko gehienak behea jota ibili dira azken urteotan, eta etorkizunera ondoen moldatu dena Lyon izan da. Hiri handia izaki, futbol munduan zerbait gehiago egin zezakeela pentsatu zuen orain urte batzuk Jean-Michel Aulas presidenteak. Enpresari zorrotza da eta klubaren egitura goitik behera aldatu zuen pixkanaka, azpiegitura sendoa sortu arte. Frantziako klubik aberatsenaren aurka jokatzea egokitu zaio Realari. Pathé Sport telebista katea klubean sartu zenetik urrats kualitatibo itzela egin du Olympique Lyonek. 90eko hamarkadaren hasieran Lehen Mailara igo eta 2000.enaren hastapenean Europan gailurra jo zuen. Hazkunde horretan makina bat entrenatzailek eta jokalarik parte hartu dute, baina beti Aulas jauna atzetik.Jean Tigana entrenatzaile zela hasi zen kluba gorpuzten. Diru asko izateaz gain, harrobi bikaina du Lyonek, eta gazteen eskola hori ondo zaindu dute tekniko guztiek. Azken urteotan hanka egin dute jokalari interesgarriek, izen gehiagoko jokalariei atea zabaltzeko: Giuly (Monako), Malbranque (Fulham), Kanoute (Tottenham)... ihes egindako aipagarrienak. Horiekin eta beste hainbatekin hasi ziren Europan bidea egiten. Tiganaren ondoren hutsune bat izan zen, eta Jacques Santinirekin txinpartu ziren frantziarrak. Egun Frantziako hautatzailea denaren aginduetara Liga txapelketa irabazi zuen Lyonek orain dela bi denboraldi. Kirol azpiegituraren buru Bernard Lacombe, selekzioko aurrelari ohia, zuzendari gisa, eta zelaiko nagusia Santini, Sain-Etienne historikoaren partaide, 80ko hamarkadaren hasieran. Santini gizon hotza da, lasaia, eta zuzena. Badirudi klubak bide horri ekin diola, egungo entrenatzaile Paul Le Guen antzekoa baita. Santini Frantziako hautatzaile aukeratu zutenean Le Guen (39 urte) fitxatu zuten, Paris Saint-Germaineko kapitaina Luis Fernandezen lehen aroan. Santiniren taldea hartu zuen esku artean Le Guenek, Sonny Anderson golegile brasildarra buru zela. Joan zen denboraldia nahikoa gorabeheratsua izan zen, baina azken txanpa bikaina egin ondoren, Lyonek bigarren titulua eskuratu zuen jarraian. Anderson zutabeak agur esan eta Bayern Munichetik Giovane Elber fitxatu zuten. Taldearen erpina baino ez da golegile berria. Lyonek asko du onetik, eta ikusteko modukoa.

Brasildarrez betea

Atzetik aurrera, talde orekatua eta bortitza du Olympique Lyonek. Coupet atezaina Barthezekin lehian ari da selekzioko lehen tokia helburu. Segurtasun handia ematen du atepean eta oso azkar mugitzen da arrastoan. Lauko atzealdean irtenbide ezberdinak ditu Le Guenek. Reveillere eskuin atzelaria eraman dute Rennesetik (Valentzian utzita jokatu zuen), eta ezkerraldean ere moldatzen da. Brechet ezker atzelari gaztea Interrek fitxatu du, eta hutsune hori dela eta Reveillere maiz aldatzen dute lekuz, bestela Berthod gazteak jokatzen du. Eskuinean Deflandre belgikarrak joka dezake, Reveillerrekin lehian. Atzealdeko gunean bi brasildar: Edmilson (Munduko txapelduna) eta Caçapa. Patrick Muller suitzarra ere zentral aritzen da, ondo.Zelai erdia dezente aldatu da aurten. Dhorasoo eta Carriere, joan zen urteko ardatzak, ordezko aulkian dira aurten. Harritzekoa Dhorasooren kasuan, erasoko erdilari garai batean eta zelai erdiko defentsa lanetan gehiago iaz. PSG taldeak fitxatu nahi du erdilari txikia. Orain Diarra edo Essien bortitzak batetik eta ondoan Juninho Pernambucano ari dira. Brasildarrak eskuinetik erdira jo du. Jaurtitzaile bikaina da Juninho, trebea faltetan. Taldeko erreferentzia nagusia da egun; pisurik gehien duen jokalaria. Eskuin hegalean zalantza aunitz. Hortik sakontzeko ez dute jokalari aproposik. Etxetik kanpo defentsiboagoa izaten da. Ezkerrean bai, plantako mutila, indartsua eta sakona: Malouda. Guingamp taldean sekulako denboraldia egin zuen iaz Drogba golegilearekin. Eta aurrealdean hiru aukera nagusi: Elber segurua da. Beste tokia antzeko bi jokalariren artean. Iaz Sydney Govou bizia zen titular, gehienetan. Aurten Pegguy Luyindularekin tartekatzen du Le Guenek, baina azken hori gehiago jokatzen ari da.Lyonen egitura eta jarrera ikusirik, ez da txarra Realak lehen neurketa etxean jokatzea. Gerlanden giro bikaina izaten da: 40.000 lagun gones-ak bultzatzen. Realak zozketan zortea lagun izan duela pentsatzea gehiegizkoa da. Oraintxe bertan Lyon txuri-urdinen gainetik dago, otsailean batek daki.Frantziako txapelketan bigarren doaz Le Guenen mutilak, Monakoren atzetik. Hasiera batean kanporaketa zabalik dago, baina Lyonek talde hobea du. Aurtengo Txapeldunen Ligan, esaterako, Munichen irabazi dio Bayerni baina Glasgown eta Bruselan galdu egin du. Etxean, berriz, berdindu Bayernekin eta irabazi Celtici eta Anderletchi. Lynek ez du ingelesen eta Milanen hierarkia, ez eta Monakoren mentalitatea, baina oso talde ona egokitu zaio Realari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.