Qatarko Munduko Kopa. D multzoa

Frantzia. Oilarra, berriz ere kukurruku egin nahian

Egungo txapeldunak eutsi egin dio orain lau urte Errusian gailendu zen multzoaren gehiengoari. Didier Deschamps baionarra da prestatzailea: «Irabazlea da», esan du Peio Sarratia federazioko teknikari ohiak.

Didier Deschamps, Frantziako selekzioak Dohan egindako entrenamendu bat zuzentzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Frantziak txapeldunaren talaiatik begiratzen dio Qatarko Munduko Kopari. Didier Deschamps baionarrak zuzendutako selekzioa nagusitu zen duela lau urte Errusian jokatutako txapelketan, eta gauza bera egiteko helburua du aurten. Oilarrak kukurruku egin nahi du berriz —animalia hori da herrialdeko irudia, eta selekzioaren elastikoan ageri da—.Horretarako, orduko multzoaren tankerakoa prestatu du teknikari lapurtarrak, nahiz eta zenbait aldaketa egin dituen.

Batetik, maila oneko gazteak batu ditu: Bayern Municheko Dayot Upamecano eta Real Madrilgo Aurelien Tchouameni eta Eduardo Camavinga, besteak beste. Bestetik, 2018ko Munduko Kopan garrantzitsu izandako zenbait jokalari ez dira ariko. Tartean min hartuta dauden hiru jokalari esanguratsu: Paul Pogba, N'Golo Kante eta Karim Benzema. Azken horrek txapelketa hasi atarian hartu du etxerako bidea.

Nolanahi ere, talde ona osatu du Frantziak, prestatzailearen parekoa. Deschamps «irabazlea da izaeraz», dio Peio Sarratia (Uztaritze, Lapurdi, 1948) Frantziako Federazioko teknikari ohiak. Haren garaipen zerrenda jarri du horren adibide: «Oso gutxik lortu dute hark lortutakoa: entrenatzaile eta jokalari gisa irabazi du Munduko Kopa. Ibilbide oparoa osatu zuen jokalari gisa. Naonedeko harrobian hasi, eta, pixkanaka, talde indartsu asko igaro zituen: Bordele, Juventus, Valentzia... Entrenatzaile hasi ondotik ere, berehala ailegatu da onenen artera».

Ez alferrik, Deschampsek garaikurrak eskuratu baititu aritu den ia talde guztietan. Baionarra da Munduko Kopa futbolari eta entrenatzaile postuan irabazi duten hiru lagunetako bat: Mario Zagallo brasildarra eta Franz Beckenbauer alemaniarra dira beste biak.

«Oso jokalari onak ditu»

Hain justu ere, Frantziak eskuratutako bi txapelketetako parte izan zen Deschamps, eta asmo horrekin ekingo dio oraingoan ere: «Oso jokalari multzo ona du. Ikusi besterik ez dago bakoitzak non jokatzen duen: PSG, Bartzelona, Real Madril, Manchester United, Bayern Munich... Zerrenda ona osatu du Didierrek», azaldu du Sarratiak.

Jokamoldeari dagokionez, frantziarrek berritu egin dute euren eredua, Sarratiaren arabera. Uztaritzekoak badaki zerbait gaiaz: hiru hamarkada baino gehiago egin zituen Frantziako Federazioan lanean, eta ondo ezagutzen du selekzioak egindako bilakaera osoa. Orain baino lehen «atzealdeko indarra» zen frantziarren ezaugarri nagusietako bat. Bestelako baliabideak dituzte orain: «Aurrelari ona dute, Kylian Mbappe, baina, golak sartzeko, paseak jaso behar ditu. Nire ustez, hor egon daiteke hutsune bakarra, baina zelai erdikoek asmatzen badute ondo moldatuko dira».

Frantzia txapelketa irabazteko hautagaien artean dago, baina ez da bakarra. «Kasu egin Argentinari», ohartarazi du Sarratiak. Dena den, Frantzia da lehiaketa txapeldunaren izendapenarekin hasiko den selekzio bakarra. Horrek presiorik eragin dezakeen galdetuta, ezezkoan dago teknikari lapurtarra: «Ez dut uste asko antzemango dutenik. Azken finean, zenbat txapelketa jokatzen dira gaur egun? Selekzioen Munduko Kopak, Europakoak... Klubean artean ere asko; ligak, Txapeldunen Ligak, Europa liga eta Konferentzia liga... Munduko Kopan aritzen diren jokalari gehienak ohituta daude partida garrantzitsu asko jokatzera».

Haatik, Sarratiak balio handia eman dio Munduko Kopa ondo hasteari. «Garrantzitsua izango da ondo ekitea. Australiaren aurkako partida fisikoa izango da, eta, ondoren, Danimarkaren aurka jokatuko du. Ez du sarri asmatu haren aurka. Tunisia da multzoko beste selekzioa. Frantziak itxuraz talde hobea du, baina...».

Itxuraz, bederen, Frantzia da multzoko indartsuena, eta horri zukua atera nahi dio lehen partidatik. Frantziak gaur jokatuko du estreinakoa, Australiaren aurka (20:00). 14:00etan, Danimarka eta Tunisia ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.