Selekzioa

Frantzia edo Espainiarekin aritzeari uko egin dioten gazteak babestu ditu Euskal Selekzioa Orain elkarteak

Elkartearen biltzar nagusia egin dute Makean, eta hartan azaldu euskal selekzioaren formakuntza zentro bat sortu nahi dutela.

Euskal Selekzioa Orain elkarteko lehen batzar nagusia, gaur goizean, Makean. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Makea
2025eko urtarrilaren 11
17:01
Entzun

Sortu berri duten Euskal Selekzioa Orain pilota elkarteko kideek lehen biltzar nagusia egin dute goizean, Makeako ezkerparetan (Lapurdi). Aurkezpenak elkartearen abiapuntua markatu du: geroko zer gogo eta asmo dituzten azaldu dute. Adierazi dute Frantzia edo Espainiako selekzioekin jokatzea errefusatu duten gazteak babestu nahi dituztela, eta euskal selekzioaren formakuntza zentro bat sortu nahi dutela ere bai.

Iazko udan, Ipar Euskal Herriko hamabost bat pilotari elkartu ziren, eta uko egin zioten Frantziako selekzioan aritzeari. Erabakiaren berri emateko, agerraldi bat antolatu zuten Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, ekainaren 29an. Hortik, euskal selekzio bat sortzeko gogoa piztu zitzaien, eta Euskal Selekzioa Orain elkartea muntatu zuten azaro bukaeran.

Helburu nagusia dute euskal selekzio bat sortzea, zazpi probintziak elkartuko dituena. «Abenduaren 28an Euskadiko Selekzioaren ofizialtasuna onartu izana ikaragarria da, baina EAEtik kanpo garenek hainbat galdera ditugu oraindik. Nafarroakoak, Zuberoakoak, Nafarroa Beherekoak eta Lapurdikoak zer bilakatuko gara? Zein dira baldintzak?...», adierazi du Amaia Larralde elkarteko bozeramaileak. Espero dute espero dute elkarrekin ahaleginak eginen dituztela Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen euskal selekzio bat lortzeko, eta euskalduna sentitzen den oro «Euskal Herriko koloreekin» lehiatu ahal izateko.

Azpimarratu nahi izan dute Frantziako selekzioari uko egin dieten jokalari gazteak kanporatuak izan direla Frantziako Federazioak proposatzen dituen formakuntzetatik; egoera «salagarri» zaiela jakinarazi du Eñaut Etxeberria Euskal Selekzioa Orain elkarteko kideak, baina, bestalde, «onartzen» dutela. Hortakotz, adierazi dute bazterturik gelditu diren gazteak «lehenbailehen» babestu behar dituztela. Horren harira, formakuntza zentro bat sortu nahiko lukete, eta jokalariei kalitatezko entrenamenduak proposatu. «Hastapenean, pilotari guztiei irekia izanen da, eta ondotik, euskal selekzio bat balitz, sartzeko irizpideak hertsituko genituzke, selekzio bat muntatzeko», esplikatu du Etxeberriak.

Baina, esplikatu dutenez, formakuntza zentro bat irekitzeko «jende anitz» behar dute, baita gauza gehiago ere: materiala, trebatzeko lekuak, entrenatzaile onak... Klubekin, elkarteekin eta instituzio politikoekin harremanetan sartuko direla erran dute, ahal bezainbat laguntza eskuratzeko xedez. Euskal Herrian sare bat sortu nahi dute Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana «sakontzeko». «Herrialde osoa saretu behar dugu, eta ez bakarrik pilotariak, baizik eta jendarte osoa. Sare bat sortu behar dugu gizartean baliagarri den laguntza guztiarekin», azaldu du Jon Larronde Euskal Selekzioa Orain elkarteko kideak. 

Sentsibilizazioaren bidez, espero dute pilotari gazteak motibatuko dituztela, «euskal selekzioa haiek osatuko baitute baldin eta egun batez lortzen bada», bukatu du Etxeberriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.