Txirrindularitza

Francis Lafargue hil da

Euskal txirrindularitzan ikur bat izan da azken hamarkadetan. Hainbat talde nazioarteko probetara eraman zituen, eta Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia idatzi zuen, Ximun Larre kazetariarekin batera. 68 urte zituen.

Francis Lafargue. GUIILAUME FAUVEAU
jon ordonez garmendia
2023ko irailaren 28a
12:14
Entzun

Bart gauean Francis Lafargue hil da, 68 urterekin. Miarritzen jaio zen (Lapurdi), 1955ean, eta, txirrindularitzaren lehen lerroan egon ez bada ere, ikur bat izan da azken hamarkadetan kirol horretan Euskal Herrian. Nazioarteko harremanak izan ziren haren espezialitatea, eta hainbat kirol talde profesionalen harreman publikoen arduradun izan zen. «Julian Gorospek Tourreko etapa irabazi zuenean [1986an], nik gidatzen nuen autoa. Denetarik izan naiz, mekanikari eta masajista izan ezik», adierazi zion BERRIAri 2019an elkarrizketa batean. Ogibidearen gainetik, baina, txirrindularitza maite zuen, eta, aurtengo ekainean, kirol horrek Ipar Euskal Herrian izan duen bilakaera bildu zuen liburu batean, Ximun Larre kazetariarekin: l’Histoire du cyclisme du Pays Basque Nord (Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia).

Miarritzeko Harausta auzoan igaro zuen haurtzaroa, eta, liburua aurkeztu zuenean azaldu zuenez, Joseph Bortayre bizikleten mekanikaria haren haurtzaroko ikurretako bat izan zen. Txirrindularitzazalea izateaz gain, errugbizalea ere bazen. Urruñan bizi zen gaur egun (Lapurdi), eta harreman estuak zituen Larresoron ere. Gertukoa zuen mugimendu abertzale eta euskaltzalea.

Ikusi gehiago:Francis Lafargue: «Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere»

Jose Miguel Etxabarrik 1983an fitxatu zuen Reynolds taldearen harreman publikoak kudeatzeko, eta ezinbesteko lana egin zuen taldea nazioartera eramateko. Harreman handia zuen Jean-Marie Leblanc Frantziako Tourreko zuzendari izan zenarekin, eta haren bitartez lortu zuen Reynoldsek Tourrean aritzeko lehen gonbidapena. Haren lanak segida izan zuen Banesto, Illes Balears, Caisse d'Epargne eta Movistar Team taldeen garaian. «Abarcaren azpiegituran beti, Movistar iritsi zen arte. Ez zidaten jarraitzeko aukera eman», adierazi zion BERRIAri. Movistar taldeak atsekabea adierazi du X sare sozialean Lafargueren heriotzaren berri izan ondoren.

Miguel Indurainek bost tour irabazi zituenean, Lafargue zuen prentsa arduradun, eta itzultzaile lanak egiten zituen. Horrek kudeatzen zuen ziklistaren agenda; zuhurra eta eraginkorra zela diote harekin lan egin zutenek. «Ni Pedro [Delgado] eta Miguelen [Indurain] managerra izan nintzen askotan. Kriteriumetako kontratuak-eta nik idazten nituen. Harreman publikoen karguak guztia eta ezer ez esan nahi du aldi berean», zioen. Pedro Delgadok X sare sozialean esan du gaurkoa egun tristea dela txirrindularitzarentzat: «1983an nire bizitzan gurutzatu zen Francis Lafargue, eta harrezkero elkarrekin amestu dugu, eta amets batzuk egia bihurtu dira», adierazi du Delgadok.

Movistarren aritu ondoren, Muriasen aritu zen lau urtez. Erretiroa hartua zuen jada, baina azken lau urteetan Kern Pharma taldearekin kolaboratu zuen, eta Frantziako Tourrak antolatzen dituen zenbait karreratan aritzeko ateak ireki zizkion; besteak beste, Lieja-Bastogne-Lieja. Oso maitatua zen tropelean oraindik ere. «Lagun batek txirrindularitza museo txiki bat du Kanbon [Lapurdi], eta hantxe pasatuko ditut goizak», adierazi zion BERRIAri 2019ko elkarrizketan erretiroaz.

Euskal txirrindularitzan aditu

Frantziako Tourraren arduradunekin ere hainbatetan kolaboratu zuen, itzuli horrek Iparraldean egin behar zituen etapak antolatzeko. Euskal Herriko errepideak bikain ezagutzen zituen. Larrerekin idatzi zuen liburuan, XX. mendearen bigarren erdialdean Iparraldean desagertu diren karrerak bildu zituen. «Tokiko txirrindularitzak proba amateurren arrastoa galdu du. Gutxiago dira, eta kalitate txikiagoa dute, trafiko eta segurtasun arrazoiengatik zailagoa delako antolatzea», zioen.

Euskal txirrindularitzaz galdetuta, arlo ekonomikoak gaizki ikusten zuela esan zuen 2019an, baina beste arlo batzuetan, indartsu: «Jendeak badu zaletasuna, eta afizionatu mailako lizentzia kopurua mantentzen ari da. Elitean egonkor dago, oraindik belaunaldi oso on bat dagoelako: Landa, Izagirre anaiak, Nieve... Baina ez da nahikoa. Zergatik? 20 urte inguruko gazte bat lehen pausoak ematen ari denean ia ez duelako aukerarik. Gazte horiei irteera emango dien kirol azpiegitura sendo bat behar du, hurrengo urteetan ere hor eutsiko diola ziurta dezakeena. Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.