Hilberria

Francis Lafargue hil da, euskal ziklismoaren ikurretako bat

Nazioarteko harremanak izan ziren haren espezialitatea, eta hainbat talderen harreman publikoen buru izan zen

Francis Lafargue, BERRIAk 2019an egin zion elkarrizketa batean. GUILLAUME FAUVEAU.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Francis Lafargue hil da, 68 urterekin. Miarritzen jaio zen (Lapurdi), eta, txirrindularitzaren lehen lerroan egon ez bada ere, kirol horren ikur bat izan da azken hamarkadetan Euskal Herrian. Nazioarteko harremanak izan ziren haren espezialitatea, eta hainbat kirol talde profesionalen harreman publikoen arduradun izan zen.

Ogibidearen gainetik, baina, txirrindularitza maite zuen, eta, aurtengo ekainean, kirol horrek Ipar Euskal Herrian izan duen bilakaera bildu zuen liburu batean, Ximun Larre kazetariarekin batera: L'Histoire du cyclisme du Pays Basque Nord (Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia).

Txirrindularitzazalea izateaz gain, errugbizalea ere bazen. Urruñan bizi zen gaur egun (Lapurdi), eta harreman estuak zituen Larresoron ere (Lapurdi). Gertukoa zuen mugimendu abertzale eta euskaltzalea.

1983an, Jose Miguel Etxabarrik fitxatu zuen Reynolds taldearen harreman publikoak kudeatzeko, eta ezinbesteko lana egin zuen taldea nazioartera eramateko. Harreman handia zuen Jean-Marie Leblanc Frantziako Tourreko zuzendari izan zenarekin, eta haren bitartez lortu zuen Reynoldsek Tourrean aritzeko lehen gonbidapena. Haren lanak segida izan zuen Banesto, Illes Balears, Caisse d'Epargne eta Movistar taldeen garaian.

Miguel Indurainek bost tour irabazi zituenean, Lafargue zuen prentsa arduradun, eta itzultzaile lanak egiten zituen. Berak kudeatzen zuen txirrindulariaren agenda; zuhurra eta eraginkorra zela diote harekin lan egin zutenek.

Movistarren aritu ondoren, Euskadi-Murias taldean ibili zen lau urtez. Erretiroa hartua zuen jada, baina azkeneko lau urteetan Kern Pharma taldearekin kolaboratu zuen, eta ateak ireki zizkion Frantziako Tourrak antolatzen dituen zenbait lasterketatan aritzeko; besteak beste, Lieja-Bastogne-Lieja klasiko ospetsuan. Oso maitatua zen tropelean oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.