uruguai

Forlanek bai baitaki

Uruguaiko aurrelaria da Munduko Kopako bigarren golegile nagusia, Hegoafrikari bi gol sartuta. Haren hautatzaileak esan zuen Forlanen mundiala izango dela hau.

2010eko ekainaren 17a
00:14
Entzun
Oscar Tabarez Uruguaiko hautatzaileak esan zuen lehengo astean: "Hau Forlanen mundiala izango da, eta berak badaki". Baietz dirudi, atzo gauean Hegoafrikaren aurka bi gol sartu zituelako Diego Forlan aurrelariak (Montevideo, 31 urte) eta txapelketako golegile nagusia zelako gaur arratsaldera arte -Gonzalo Higuiain argentinarrak hiru gol sartu ditu-. Bigarren Munduko Kopa du -2002koan aritu zen aurrekoan-, eta dagoeneko orduan baino gol gehiago sartu du; bat egin zuen Hego Korea-Japoniako mundialean. Eta gehiago sartzeko aukera izango du, lehen faseko hirugarren partidaz gain, balitekeelako final-zortzirenak ere jokatzea, Uruguaik lau puntu daramatzalako.

Mutilak hala segitzen badu, Europako klub handi batean arrakasta izateko azkeneko posibilitatea izango du seguruenik. 2001etik 2005era Manchester Uniteden egon zen, baina lau urtean 98 neurketetan baino ez zuen jokatu eta 17 gol sartu. Gutxi golegile batentzat. Berak beste ikuspuntu bat du, ordea: "Van Nistelrooy, York, Cole, Giggs, Soljskaerā€¦ zeuden talde hartan. Nik hamar minututan jokatzen nuen, eta estatistiketan hori partida bat bezala kontatzea ez zait zuzena iruditzen. Minutuka eginez gero nire balorazioa, ez da txarra".

Vila-realek fitxatu zuen 2004-2005ean. "Daukadan gaia erakutsi nahi nuen". Han egin zuen eztanda Europan: hiru urtean 59 gol (25, 13 eta 21). 2005ean Espainiako Ligako golegile nagusia izan zen eta Europako Urrezko Bota.

Espainiako klub garrantzitsu batek fitxatu zuen 2007-2008an: Atletico Madrilek. Han dihardu, eta ondo aritu da: hiru urtean 81 gol (23, 35 eta 23). Iaz Espainiako Ligako golegilea izan zen Forlan, 32 sartuta. Aurten, berriz, taldearekin Europako Liga irabazi du, eta finalean, Fulhamen kontra, berak sartu zituen Atletico Madrilen bi golak -bat, luzapenean-.

Madrilgo klubak diru arazo handiak dauzka eta jokalari onak saldu beharrean da -dena dela, zuloa handitzen 'artista' da Atletico Madril-. Manchester Uniteden huts egin ostean, Forlanek badaki bere azkeneko aukera dela Europako talde handi batean izarretako izateko -maiatzaren 19an egin zituen 31 urte-. Horretarako, bere mundiala izan beharko du Hegoafrikakoak. Ari da erantzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.