Fiskaltzak zigor eskaera gogorrak egin ditu 'Osasuna auzian'

Hamabi urteko kartzela eskatu du Miguel Artxanko Osasunako presidente ohiarentzat, eta hamalaukoa Angel Bizkai kudeatzaile ohiarentzat. Bina urte eskatu ditu Betiseko hiru jokalari ohirentzat

Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia Iruñeko epaitegietatik irteten. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Fiskaltzak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du Miguel Artxanko Osasunako presidente ohiarentzat Osasuna auzia delakoarengatik. Angel Bizkai kudeatzailearentzat, aldiz, hamalau urteko zigorra eskatu du. Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohiarentzat hamabi urte eta sei hilabete eskatu ditu, eta 11 eta 11 hilabete zuzendaritzako beste hiru kide ohirentzat. Espainiako Futbol Liga akusazio partikular gisa agertu da, eta hamar urteko zigorra eskatu du Artxankorentzat. Bizkairentzat, aldiz, LFPk ez du zigorrik eskatu. Haren aitortza erabakigarria izan zen ikerketa hasi ahal ahal izateko. Azkenik, Artxanko bera akusazio gisa agertu da, eta bi urteko kartzela zigorra eskatu du Bizkairentzat.

Bi urteko ikerketaren ondoren Osasuna auziko epaiketa aurki hasiko da. Auzi honetan 2013-2014 denboraldiko hainbat partidatako emaitza adostu izana eta justifikatu gabeko 2,2 milioi euroko diru irteera ikertzen ari dira. Inputatu nagusientzat zigor eskaera gogorrak dira, lau delitu egozten dizkietelako. Presidente, kudeatzailea eta zuzendaritzako kide ohiei, besteak beste, bidegabeko diru jabetze bi delitu, kontabilitatea faltsutu izana, eta kirol ustelkeria egozten zaie.

Emaitzak adosteko, ustez, Jordi Figueras, Antonio Amaya eta Xabi Torres urte hartan Betiseko hiru jokalarirekin jarri ziren harremanetan, eta haientzat ere bina urteko zigorra eskatu du fiskaltzak. Kirol ustelkeria egotzi zaion inputatu bakoitzak 1.950.000 euroko isuna ere jaso du.

«Vasiljevici lagundu genion»

Osasunako egungo zuzendaritzak, berriz, prentsaurrekoa eman zuen atzo Petar Vasiljevici «aurreraturiko soldatak» legezkoak direla esateko. Zuzendaritzak, horrela, Diario de Noticias egunkariak ateratako informazioa erantzun zuen. Berripaperaren arabera, Vasiljevicek higiezin negozio batean pilaturiko zorrak ordaindu ditu klubak. Angel Ardanaz Osasunaren kudeatzailearen bertsioa, baina, ezberdina da. 25.000na euroko bi ordainagiri—2017ko abenduan kobratzekoak— egin zizkiotela onartu zuen, baina 2017-2018 denboraldiko soldataren aurrerapen moduan. «Taldeak ez ditu inoren zorrak ordaintzen», azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.