Liskarrak

Fiskaltzak 53 urte arteko zigorrak eskatu ditu PSGko hamar jarraitzailerentzat

2011n Athletic eta Paris Saint-Germainen arteko partidaren aurretik izandako liskarretan bost pertsona zauritu zituzten.

PSGren zale bat polizia-etxera sartzen. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2018ko martxoaren 6a
14:54
Entzun

Ekainaren 28an hasiko dute PSGko hamar jarraitzaileren aurkako epaiketa. Ordea, akusazioak dagoeneko aurkeztu du eskaera; 33 eta 53 urte arteko kartzela zigorrak.

Aurkeztutako txostenean jasotzen denez, partida baino ordu batzuk lehenago, PSGko 50 eta 60 zale inguru —auzipetuetatik bederatzi, tartean—, San Mames inguruetan bildu ziren "ordena publikoa nahasteko asmoz". Liskarretan bost pertsona zauritu ziren, haietako bat larri. Zaurituen artean zegoen ertzain bat ere, zeinari aulki bat jaurti zioten burura.

Fiskaltzak desordena publikoa, lesioak, eta erasoak egozten dizkie hamar akusatuei, eta zortzi urte eskatzen ditu haietako batentzat, hiru beste zortzirentzat eta urte eta erdikoa beste batentzat. Horretaz gain, akusazio partikularrak 16 eta 13 urteko kartzela zigorrak eta 100.000 euroko kalte ordainak eskatzen ditu haietako birentzat.

Geroztik ere izan da futbolari lotutako istilurik Bilbon. Otsailaren 24an azkenak, Athletic eta Spartak taldeen arteko partidaren atarian. Istilu larriak piztu ziren eta ertzain bat hil zen bihotzekoak jota. Ertzaintzak bederatzi lagun atxilotu zituen istiluekin lotuta, bost euskal herritarrak ziren, hiru errusiarrak, eta bat poloniarra.

Datorren astean, berriz, segurtasun neurri bereziak iragarri dituzte Olympique Marseillaren aurkako partida dela eta. Duela bi urte, elkarren aurka aritu zirenean, istilu larriak izan ziren eta zortzi pertsona zauritu ziren. Athleticek dagoeneko ohartarazi du neurriak hartuko dituela istiluetan parte hartzen duten zaleen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.