Angel Bizkaik zama handi bat kendu du gainetik. Osasuna auziko epaiketa aurreikusi baino azkarrago doa, eta, ondorioetara iritsi delarik, fiskalak erabaki du zigor eskaera murriztea 24 urtez taldeko kudeatzaile izan zenari. Epaiketaren hasieran, hamalau urte eta lau hilabete eskatzen zituen, eta, orain, bost urte eta 11 hilabetera jaitsi du. Bizkaik 2015eko otsailean Espainiako Futbol Liga Profesionalari egindako aitorpenak eman zion hasiera auziari, eta fiskalak horixe nabarmendu nahi izan du bere ondorioetan: « LFPra [Futbol Liga Profesional] jo zuen bere borondatez, eta 2012- 2013ko eta 2013-2014ko denboraldietan dirua kontuetatik nola atera zen azaldu zuen. Aitortu zuen kirol emaitzak baldintzatzeko eta taldea Lehen Mailan egotea ziurtatzeko erabili zela dirua». Fiskalaren arabera, Bizkairen hitz horien ondorioz aurkeztu zuen LFPk kereila kriminala, eta, gero,Osasunak berak ere salaketa aurkeztu zuen.
Halaber, fiskalak nabarmendu du jarrera on hori ez dela mugatu hasierara, eta instrukzio fasean ere akusazioarekin elkarlanean aritu izana goraipatu du. «Agintariei datu zehatzak eman dizkie,eta ikerketan aurrera egitea ahalbidetu du. Ezinbestekoa izan da beste akusatuak auzipetzeko. Epaiketan ere elkarlanerako jarrera hori agertu du». Hala ere, zigor eskaera murriztuta ere, hasierako delitu berak egozten dizkio Bizkairi: bidegabe jabetzea, kontabilitate eta dokumentuak faltsutzea eta kirol ustelkeria.
Gainerako 11 auzipetuen kasuan, fiskalak ez du irizpidea aldatu, baina azpimarratu du aringarri gisa kontuan hartu beharko litzatekeela Osasuna auziak luzaroan iraun duela, bost urtean: «Epaiketa aldez aurretik egin zitekeen». Bi denboraldi horietan Osasunako presidente izan zenari, Miguel Artxankori, hamabi urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra ezar diezaiotela eskatu du. Eskaera bera egin du Txuma Peralta zuzendaritzako kidearentzat.
Juan Pascual eta Sancho Bandres zuzendaritzako kideentzat 11 urte eta 11 hilabete eskatzen ditu. Diego Makirriain Osasuna fundazioko zuzendariarentzat eta Betiseko hiru jokalari ohientzat —Xavier Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras— bi urte eskatzen ditu. Azkenik, Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin arloko agenteentzat, 18 hilabeteko zigorra dokumentua faltsutzeagatik.
Gainerako akusazioak
Epaiketan argi erakutsi da Osasunako kontuetatik 2,4 milioi atera zirela, baina ez da guztiz justifikatu zertarako erabili zen dirua. Bizkaik salatu zuen neurri handi batean diru hori bi denboraldi horietan partidak erosteko baliatu zela, baina hori frogatzerik ez da izan. Auzipetuek aitortu dute 400.000 euro Betisek Valladoliden aurka irabazteko pizgarri gisa erabili zirela, eta ikusteko dago epaimahaiak hori legez kanpokotzat jotzen ote duen. Gainera, norgehiagokak galtzeagatik dirua eman izana ukatu dute.
Epaimahaiak hartuko duen erabakiaren zain, LFPk proposatu du kirol ustelkeria frogatzerik izan ez bada, bidegabeko administrazioa leporatzea akusatuei. Artxanko, Pascual, Bandres eta Peraltarentzat hamahiru urte eskatzen ditu, eta lau urteko zigorra Makirriain eta Betiseko jokalarientzat. Osasunak, bestalde, auzipetuei bidegabeko jabetzea leporatzen die, eta, alternatiba gisa bidegabeko administrazioa proposatu du.
Fiskalak bost urte eta 11 hilabetera jaitsi dio zigor eskaria Bizkairi
Azaldu du jarrera ona izan duela 'Osasuna auzia' hasi zenetik. Besteei ez die eskaera aldatu, baina onartu du gehiegi direla auziaren bost urteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu