Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Marta Durantezek bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Luis Rubialesentzat, Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiarentzat, Espainiako futbol selekzioak Munduko Kopa irabazi eta gero baimenik gabe Jennifer Hermoso musukatzeagatik. Gainera, biktimari 100.000 euroko kalte ordaina emateko ere eskatu du. Sexu erasoa izan zela dio fiskalaren idatziak.
Kalte ordainaren erdia Rubialesek ordaindu beharko luke, eta bestea erdia, berriz, Jorge Vilda hautatzaile ohiak, Albert Luque egungo Espainiako Futbol Federazioko kirol zuzendariak eta Ruben Rivera marketin zuzendariak. Haietako bakoitzarentzat ere urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du, jokalariari mehatxu eta presio egiteagatik. Fiskalak dio jazarri egin zitzaizkiola, musua baimendutakoa zela esan zezan. Baina jokalariak behin eta berriz egin ziola uko horri.
Bestalde, Rubialesentzat inhabilitazio berezi bat eskatu du kirol arloan lan ez egiteko zigorrak irauten duen bitarterako, eta ez dadila jokalariarengandik 200 metro baino gertuago egon lau urtean. Rubiales egun Dominikar Errepublikan dago. Adierazi duenez, apirilaren 6an Espainiara itzuliko da. Hala eginez gero, hura atxilotzeko agindua dago, bera presidente zenean federazioak sinatutako hainbat kontratutan izandako iruzurrarengatik. Tartean daude Cartujako futbol zelaiaren obrak eta eta Espainiako Superkopa Saudi Arabiara eramateko kontratuak.