Fiskalak berretsi du Rubialesek emandako musua ez zela baimendua izan

Zigor eskaerari eutsi dio: bi urte eta erdiko espetxe zigorra galdegin du Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiarentzat.

Jorge Vilda, gaur, epaitegira iristen. SERGIO PEREZ / EFE
Jorge Vilda, gaur, epaitegira iristen. SERGIO PEREZ / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 12a
16:40
Entzun

Argi hitz egin du Marta Durantez fiskalak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiaren aurkako epaiketan: «Rubialesek emandako musua ez zen baimendua izan, ez dago dudarik. Hermosok hasieratik izan zuen ‘musu bat eman dit’ mezua transmititzeko beharra, eta horrek ondo erakusten du bizitakoak eragindako shock egoera».

Hala gaineratu du: «Noiz arte exijituko diogu erasoa jasan duenari jarrera heroiko bat izatea? Ez zuen Munduko Txapelketako garaipena ospatzeko eskubiderik? Espektakulu bat muntatzeko eskatu behar diogu? Negar egitera joateko txoko batera?». Federazioko kideek Hermosori presio egin ziotela ere berretsi du: «Indarkeria psikikoa egon zen».

Fiskalak gogoratu du Rubialesen eta Hermosoren artean botere harremana dagoela, eta hasieran eskatutako zigorrak berretsi ditu: bi urte eta erdiko espetxe zigorra, sexu eraso bat egiteagatik; baita jokalariarengandik 200 metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko agindua eta 50.000 euroko kalte ordaina ere.

Gaur hitz egin dute auzian inputatuta dauden batzuek ere: Jorge Vilda hautatzaile ohiak, Albert Luque Espainiako Futbol Federazioko gizonezkoen kirol zuzendari ohiak eta Ruben Rivera marketin zuzendari ohiak. Presioa egin izana ukatu dute.

Vildak esan du ez zela joan Hermosorengana hitz egitera, ez zitzaiolako «aproposa» iruditu: «Ez nion enbarazu egin nahi. Agian galdetu behar nion ea zer moduz zegoen». Jokalariaren anaiarengana, ordea, gerturatu zen, Rafa Hermosorengana. «Egoera normalizatzeko asmoz joan nintzen harekin hitz egitera, selekzioan eta etorkizunean pentsatuz, badakidalako presioak nola eragiten dion errendimenduari. Futbolaz hitz egin genuen, eta esan nion ea egoera konpontzeko formula bat bila ote zezakeen. Ez nion ezer zehaztu». Adierazi du bazekiela Hermosok ez zuela egin nahi musuari garrantzia kentzeko bideorik. Vildak, ordea, «egoera normalizatzea» nahi zuen.

Luquek, berriz, esan du lagunak zirela Hermoso eta bera. Munduko Txapelketa irabazitakoan zoriontzeko mezu bat bidali ziola azaldu du; gero, Eivissan (Herrialde Katalanak), berriro idatzi zion, ea hitz egin zezaketen galdetzeko. «Ikusi nuen Hermosok ez zuela irakurri mezua, eta hotelera joan nintzen nire laguna ondo ote zegoen ikustera. Sartutakoan, Jenniren mezu bat jaso nuen, eta esan zidan ez zela jaitsiko. Orduan esan zidan Riverak Ana Ecubek [Hermosoren lagunak] nirekin hitz egin nahi zuela. Komentatu zidan Jennik gozatu besterik ez zuela egin nahi. Argi utzi nion ez nengoela hor federazioagatik, lagun moduan baizik».

Ecubek, bere deklarazioan, Luquek esandakoak azaldu zituen: «Besteak beste, esan zidan Jennik bideoa egitea lortzen banuen ez zitzaigula lanik faltako ez Jenniri ez niri». Luquek Ecuberi bidalitako mezu batzuk ere plazaratu ziren orduko saioan. Horietako batek zera zioen: «Badakizu Luisek oso ondo ordaintzen dituela mesedeak». Eivissan izan zen Rivera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.