Mario Lopez Lointek Gernikako teknikari ohiaren kontrako auzibideak aurrera jarraitzen du. Iazko abenduan jakin zen haren aurkako salaketa bat zegoela, hiru urtez 13 urteko neska bati sexu abusuak egitea egotzita. Artean klubeko kirol arduraduna zen. Fiskalaren zigor eskaria iritsi da. Hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du, eta hamar urtez biktima bizi den herrira joateko debekua. Beste eskari bat ere egin du: ahozko epaiketa hastea. Auzia Bizkaiko Auzitegiaren esku geratuko da orain, eta datozen asteetan akusazio partikularrak eta defentsak beren idatziak aurkeztu beharko dituzte.
Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, lehenik Allende Salazar ikastetxean eta geroago Lointek Gernikan. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino hemezortzi gehiago. 2022ko ekainean Gernika-Lumoko (Bizkaia) epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta kontrola ere. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, Lopezek biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta bularrean eskua sartu zionean. Hortik aurrera, jarraituak izan ziren abusuak. Salaketak zioen bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu.
Haserrea eta ezinegona eragin zuen gertaerak herrian. Neskak salatutako erasoen arbuioarekin batera, nagusi izan ziren Lointek Gernika saskibaloi taldeko zuzendaritzak afera horretan izandako jarrerari buruzko kritikak. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestaziora deitu zuen, eta «erasotzailearen inpunitatea» mahai gainean jarri. Sarearen eta klubaren bertsioa ez zetozen bat. Sare Feministak adierazi zuenez, gertatutakoaren berri izan ostean, «bilera bat eta dei bat» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu ziola». Azkenean, esan zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta ebatzi zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.
Klubak, ohar bidez, adierazi zuen ordu arte ez zutela salaketaren berririk izan. Hiru bider idatzi dute oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik zela salaketa». Taldeak berretsi zuen kargutik kendu dutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Akats horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi zizkioten. Erasoak gaitzetsi zituen klubak, eta adierazi zuen neurriak hartuko zituela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, bilera ezohikora deituko zuten, «beharrezko azalpenak» emateko.
Ezohiko batzar «engainagarria»
Aste batzuk geroago egin zuten ezohiko batzarra, eta Lointek Gernikaren zuzendaritzak ezohiko batzarrean izan zuen jarrera salatu zuen bazkide talde batek. Batzar hartan, Gerardo Candina presidenteak adierazi zuen bazkideek babesa azaldu ziotela zuzendaritzari. «Babesa espero baino handiagoa izan da, eta horrek arnasa apur bat hartzeko modua ematen digu, proiektu hau eror ez dadin. Hori da gure helburu bakarra». Baina oso bestelakoa izan zen hainbat bazkidek azaldu eta salatu zutena.
Batzarra ateak itxita egin zen, eta hedabideak ezin izan ziren sartu. Gainera, 120 bazkide baino ez ziren bertaratu, deituta zeudenen laurden bat baino ez. Amaia Foruria bazkideak salatu zuen «engainagarria» zela bilera informatibo batera deitu eta bukatutakoan esatea bazkideek babestu egin dutela. «Gai zerrendan ez zegoen zuzendaritza babesteari buruzko ezer; bilera informatibo bat zen. Ez zen bozketarik egin; beraz, ezin da esan bazkideek zuzendaritza babestu dutenik. Saiatu ziren bozketa egiten, nahiz eta gai zerrendan ez egon, eta bazkide batek gerarazi zuelako ez zen egin».
Foruriak azaldu zuen ez zela erraztasunik izan bazkideek hitza hartzeko. Horrekin batera, salatu zuen zuzendaritzak ez zuela inongo erantzukizunik onartu Lopez babesteagatik. «Erantzukizuna onartu beharrean, aurreko zuzendaritzari errua botatzen ahalegindu ziren, garai hartan ezer ez egiteagatik. Arreta desbideratzeko modu bat baino ez zen izan. Normala da aurreko zuzendaritzak ezer ikusi ez izana, ezkutuan egindako zerbait izan baitzen. Arazoa da gaur egungo zuzendaritzak Mario Lopez babestu zuela, El País-ek albistea argitaratu arte. Nahiz eta lehenagotik jakin zen zer gertatzen zen. Klubaren abokatuak dopin kasu batekin alderatu zuen bortxaketa jarraituen kasu hura». Erantsi zuen «oso modu txarrean» erantzun zitzaiela zuzendaritzak egindako lana zalantzan jarri zutenei. «Giroa, orokorrean, oso txarra» izan zen.
Batzarra amaitu aurretik, Miguel Bidaurreta bazkidea ere haserre irten zen, eta bazkideei «xantaia emozionala» egitea egotzi zion zuzendaritzari. «Zuzendaritzak biktimismora jo du. 'Gu edo kaosa'. Horixe saldu nahi izan digute. Baina gertatu dena oso larria izan da. Klubak ez du jakin adingabe bat babesten. Gainera, ez zuen akusatua erabat baztertu. Alderantziz, klubaren egituran jarraitu zuen, babes pertsonal handi batekin». Candinak zera erantzun zion horri: «Gure karguak bazkideen esku utzi ditugu, eta erakutsi nahi izan diegu guk ez genuela fede txarrez jokatu. Gure okerrak aitortu genituen, eta barkamena eskatu genuen. Eta, guztiaren gainetik, esan dugu proiektuari eutsi nahi diogula, baina ez edozein preziotan. Uste dugu proiektua interesgarria dela. Gernikako hiru neskatik 1,87k saskibaloian jokatzen dute. Hori ezin dugu erortzen utzi».
Lopezek, bestalde, salaketa jarri zuen Busturialdeko lau herritarren kontra; sare sozialetan jazarri izana leporatu zien. Gernikako epaitegian deklaratu ostean, epaileak artxibatu egin zuen kasua.