Tokio 2020. Nerea Pena. Eskubaloi jokalaria

«Fisikoaren gainetik egongo da taktika»

Bigarren aldiz hartuko du parte Olinpiar Jokoetan Nerea Penak. Urtebeteko atzerapenaren ostean, «gogotsu eta irrikaz» dago lehian hasteko, nahiz eta onartu duen denboraldi hau ez dela erraza izan.

HIROSHI YAMAMURA / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ainhoa Hernandezek eta Nerea Penak bihar ekingo diote lehiari Tokioko Olinpiar Jokoetan. Penak (Iruñea, 1989) arantza sartua du, 2012an Londresen lesio baten ondorioz brontzea irabazi ez izanarena.

Nola igaro dituzue lehen egunak Tokion?

Bidaia luze joan zen, hegaldia zazpi ordu berandu irten baitzen, pisu gehiegi baitzuen. Bestela, hemen, ondo egokitu gara. Rioko Olinpiar Jokoekin konparatuta, osasun neurriak dira alderik handiena. Gainontzean, Olinpiar Hirian jende dezente dabil, baita gimnasioan eta jangelan ere. Hor ez dago aldaketa handirik. Gero eta kirolari gehiago daude.

Luze egin da lehiatzen hasi aurreko itxaronaldia?

Halako txapelketen aurreko asteak luze egiten dira, kirolari batek nahi duena lehiatzea baita. Irrikaz eta gogoz gaude lehiatzen hasteko, are gehiago aldi honetan, urtebeteko atzerapena izan eta gero. Kontuan izan behar da kirolari askok olinpiar zikloen arabera antolatzen dutela euren ibilbidea, bai lehia ikuspegitik, baita pertsonalki ere. Eta atzerapen horrek neurri batean denei eragin digu, are gehiago adinean aurrera goazenoi.

Zer da urtebete kirolari baten ibilbidean?

Gure kasuan, eskubaloian, Olinpiar Jokoen urtea gogorra bezain polita izaten da, mentalki zein fisikoki. Argi izan behar duzu, denboraldi luze baten ostean, udan ia ez duzula oporrik izango, eta hurrengo sasoiari beharrezkoa den atsedena gabe ekin behar diozula. Sasoi guztian horretarako prestatzen zara. Iaz, ia urtebete horretarako prestatzen egon eta gero, pandemia iritsi zen, eta Jokoak ez ziren egin. Bigarren denboraldiz segidan lanketa hori egiteak exijentzia handia eskatzen du. Baina merezi du, ederra baita Olinpiar Jokoetan parte hartzea.

Zuretzat, gainera, aldaketa urtea izan da. Hungaria utzi, eta Danimarkara joan zinen.

Hala da. Urte kaotiko eta irregularra izan da niretzat. Lehenbizi, Hungarian, eten asko izan genituen positibo kasuak tarteko. Ondoren, liga eta herrialde berri batera egokitu behar izan nuen, pandemia egoera batean. Ez da erraza izan. Ez dut lortu ohikoa dudan jarraitutasuna. Mentalki, batez ere, urte gogorra izan da, Danimarkan pandemiagatik ezarritako neurriak oso gogorrak izan baitira, eta apirilera bitarte apenas izan baikenuen bizitza soziala egiteko aukerarik. Hori dela eta, aldaketa gogorra egin zitzaidan. Ezin nuen bisitarik jaso, beste hiri batzuk ezagutzera joan... Baina gogotsu nago, eta ea Jokoetan nire onena eman dezakedan.

Halako urte gogor eta zail batean zerk bultzatu zintuen aldaketa horretara?

Bederatzi urte neramatzan Hungarian, eta aldatzeko beharra nuen, erronka berriak, pertsonalki zein kirol arloan. Gainera, egoera ez zen erraza Hungariako klubean, eta aldaketa bat-batean iritsi zen. Hilabete gutxi izan dira taldean, hurrengo sasoian Norvegian jokatuko baitut, Vipers taldean. Baina oso eskertuta nago eman zidaten aukeragatik eta beste eskubaloi bat ezagutzeagatik. Berriz ere Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan nuen, gainera, eta hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. Orain, irrikaz nago Norvegiaz gozatzeko.



«Buruz oso bizkorra den jokalari bat fitxatu dugu, taktikoki oso ona», esan zuen zure entrenatzaileak. Emakumeen eskubaloia gero eta fisikoagoa dela kontuan hartuta, nola ari zara egokitzen?

Argi dago, beste edozein kirolekin gertatu bezala, emakumeen eskubaloia ere garatzen ari dela. Adibidez, aurreko Olinpiar Jokoekin alderatuz, emakumeen eskubaloia oso fisikoa bihurtu da. Prestakuntza fisikoari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio, ez bakarrik goi mailan, baita harrobitik hasita ere. Hori gora iristen ari diren belaunaldi berrietan ikusten ari da. Zorionez, garapen hori nire kirol ibilbideko azken urteetan bizitzea egokitu zait, eta, teknikak eta taktikak lekua duten bitartean, jarraituko dugu gerra ematen [barrez].

Zuk zer duzu gustukoago: orain nagusitzen ari den joko fisikoa ala taktikoagoa?

Taktikoa. Uste du aberasgarriagoa dela, eta garapenerako aukera gehiago dituela. Baina gustu kontua da. Horregatik eman ditut hainbeste urte eta disfrutatu dut horrenbeste Hungarian jokatzen. Han, taktikak eta teknikak pisu handia dute.

Eta zer joko eredu nagusituko da Olinpiar Jokoetan?

Uste dut oraindik ere taktikoa nagusituko dela. Ez dut zalantzarik: txapelketa parekatua izango da.

Multzo gogorra egokitu zaizue: Hungaria, Errusia, Frantzia, Brasil eta Suedia. Ez duzue erronka erraza.

Hala da. Nahiago genuen gutxienez pare bat aurkari samurragoak izatea. Errusia eta Frantzia dira indartsuenak, jokalari multzo oso zabalak baitituzte, eta kalitate handikoak. Errusiak, gainera, eskarmentua eta diziplina ditu. Hungaria eta Brasil ere oso talde onak dira. Agian, koska bat beherago Suedia jarriko nuke. Baina sekula ez dago jakiterik. Rion, ustez gu baino ahulagoak ziren bi kontrario genituen, eta baten kontra ia galdu egin genuen. Baina ez dugu itsutu behar multzoa gogorra izatearekin. Olinpiar Jokoetan, ustez, munduko hamabi selekzio indartsuenak gaude, eta denak dira zailak. Ahalegindu behar duguna da multzoko lehen bi postuetan geratzen, gainontzean final-laurdenetan ere oso kanporaketa gogorra izango baitugu. Baina baikor nago. Nahasketa polita dugu. Batetik, gazteak ditugu, agian horren ezagunak ez direnak, eta horrek lagundu egin dezake ezustekoa ematen. Bestetik, esperientzia dugun jokalariak gaude, une zailetan partiden zama hartzeko.

Azken Europako Txapelketan Errusiaren eta Suediaren kontra jokatu zenuten, besteak beste. Galdu egin zenuten Errusiaren kontra, eta berdindu Suediarekin. Erreferentzia moduan balio dizue?

Bai, multzoak ez dira-eta asko aldatu. Baina nik uste dut Europako Txapelketa berezia izan zela. Birusagatik, liga bakoitzaren egoera diferentea zen. Beraz, ezustekoak egoteko aukera asko zegoen. Tokion horretarako aukera gutxiago dagoela uste dut, sasoi amaiera antzekoagoa izan baita herrialde gehienetan; ez da horrenbeste eten egon pandemiarengatik.

Zer helburu dituzu Tokion?

Emaitzetatik harago, disfrutatu egin nahi dut, 2012an joan ezinik geratu bainintzen, min hartu nuelako. Gainera, brontzea irabazi zuten. Halakoetan konturatzen zara zein garrantzitsua den unea bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.