Espainiako Lehen Maila sasoiko lehen etenera iritsi da, selekzio arteko partidak tarteko. Zazpi jardunaldi igarota, aukera dago taldeen jardunaren lehen hausnarketa egiteko, are gehiago teknikaria eta multzoaren parte bat aldatu dutenen kasuan. Egoera horretan dago Reala. Lau denboraldiren ostean, aulkian aldaketa izan zen: Jose Luis Sanchez Verak hartu zuen Natalia Arroyoren tokia. Gainera, sei jokalari berri heldu ziren Donostiara: Lucia Rodriguez, Lucia Pardo, Violeta Quiles, Maria Valle, Claire Lavogez eta Klara Cahynova. Zazpi jardunaldi hauetan lau garaipen eta hiru porrot erdietsi dituzte txuri-urdinek, eta, 12 punturekin, bosgarren tokian daude sailkapenean. Baina datuetatik harago, jokalariak Sanchez Veraren joko estiloa ezarriz joan dira zelaian. Larraitz Lukas Realeko jokalari ohiaren ustez, bada antzik Arroyoren eta Sanchez Veraren estiloen artean, baina baita aldeak ere. «Zuzenago jokatzen du, eta talde fisikoagoa da. Gainera, taldea handiagoa da, aurreko sasoikoarekin alderatuz».
Lukasen arabera, entrenatzaile aldaketa beti da pizgarri bat. «Beti eragiten du zerbait berria, bai zelaian, bai aldagelan. Gonzalok [Arkonada] utzi, eta Natalia [Arroyo] iritsi zenean ere, hala gertatu zen». Uste du taldea «pixkanaka» ari dela Sanchez Veraren jokamoldea zelaian islatzen. «Entrenatzaileak berak azken prentsaurrekoetako batean esan zuen taldea gero eta gertuago dagoela horretatik». Z7 futbol zelaian egiten ari diren obrak tarteko, talde txuri-urdinak Zubietatik urrun jokatu zituen ligako lehen hiru partidak. Orain, Z1ean jokatzen ari da neurketak, eta bertan jokatu dituen biak irabazi ditu. «Batez ere, etxeko bi partida oso onak egin ditu. Kontuan izan behar da hamar hilabete zeramatzala ligan etxean garaipenik lortu gabe. Alde horretatik, balorazioa oso positiboa da». Taldeak dituen ezaugarrien artean «intentsitatea eta joko bertikala». nabarmendu ditu.
Arroyok zuzentzen zuenean taldeak zuen jokatzeko erarekin alderaketa egiteko eskatuta, aurrena antzekotasunei erreparatu die: «Biak gauza bera lortzen saiatzen dira: baloia edukiz aurkaria mendean izaten. Asko dakite futbolaz; oso analistak dira, eta trebeak beren ideiak komunikatzen. Horrek asko laguntzen die futbolariei». Aldeak azaldu ditu ondoren: «Nataliarekin, taldeak gehiago jokatzen zuen atezainarekin, eta erdilariek presentzia handiagoa zuten, batez ere hegalekoek. Sanchez Verarekin, aldiz, aipatu bezala, joko zuzenagoa egiten dute. Horizontalean baino gehiago, bertikalean begiratzen dute, eta entrenatzaileak ez du gustuko atezainarekin jokatzea; antzematen zaio jokalariren batek atezainarekin jokatzen duen aldiro. Bestalde, zelai erdiko hegalekoak barrurago sartzen dira, eta nahi izaten du atzekoek hegal osoa aurretik izatea. Horrekin lortu nahi izaten du nagusitasuna erasoan, eta gol aukerak sortu».
«Nataliarekin [Arroyo] gehiago jokatzen zuten atezainarekin, eta erdilariek presentzia handiagoa zuten, batez ere hegalekoek»
LARRAITZ LUKASFutbolari ohia
Lukasen ustez, taldea ere fisiko aldetik sendoago dago: «Esparru hori landuago duela esango nuke. Haren jokatzeko era gauzatu ahal izateko, funtsezkoa da. Futbolari izateaz gain, atleta ere izan behar duzu. Izan ere, nahi izaten du aurkaria asko estutzea, eta baloia galdu bezain laster berreskuratzea. Nik ondo ikusten dut hori. Izan ere, teknikoki Realak jokalari oso onak ditu, eta, fisikoki beste aurrerapauso bat ematen badu, gora egingo du». Sanchez Verak aipatu izan du taldeak partida biribil bat egiteko falta izan zaiona zera dela: gol aukera gehiago sortzea. Iruditu zaio aukera gutxi izan direla kontuan hartuta partidetan zenbat eduki duten baloia. «Exijentzia oso goian jartzen duen teknikaria da, eta futbol totala bilatzen du. Datuei erreparatu, eta haiek aztertuta, ziurrenik hala izango da. Baina nik nabarmendu nahiko nuke ere aurrelariak golak sartzen ari direla: adibidez, Amaiurrek [Sarriegi] dagoeneko lau sartu ditu, eta bolada oso gozoan dago. Bestalde, geldikako jokaldietan ere sartu dute baten bat».
Fitxaketa eta harrobia
Jokoa abiatu eta baloia atzetik ateratzean, berriz, Arroyok bezala, muturreraino arriskatzen du Sanchez Verak, eta Sevillaren aurkako partidan ikusi zen moduan, huts txikiena ere ordaindu egiten da. «Kasu honetan, esango nuke bizkorra izatearekin batera funtsezkoa dela argi izatea baloia nori pasatu, eta, alde horretatik, azken partidetan taldeak urrats bat egin du aurrera. Horri esker, errazago gainditu dute aurkariaren presioaren lehen lerroa».
Adierazi duenez, egindako fitxaketekin multzoa handiagoa da. «Horrek aukera gehiago ematen dizkio entrenatzaileari: jokatzeko era aukeratzeko orduan, baita hamaikakoak egin eta aldaketak erabakitzerakoan ere». Fitxaketen artean Claire Lavogez eta Klara Cahynova aipatu ditu. Batez ere bigarrenaren lanari erreparatu dio: «Leku guztietan dagoen jokalaria da, eta Gabyren [Garcia] antza du. Realak aurreko sasoian falta izan zuen halako jokalari bat». Harrobiko jokalarien ekarpenari ere balioa eman nahi izan dio: «Aparik [Nahia Aparicio] eta [Elene] Guridik asko ematen diote taldeari, eta polita da hor ikustea».