Udaberria maitea da Getariako (Gipuzkoa) moilan. Zeruak urdindu ahala urdintzen dira kai gaineko baporeen bizkarrak, nola antxoarekin, hala berdelarekin. Egunek luzatzera egitearekin bat bizitu da negu gordineko martxa geldoa. Kai mutur batetik besterako paseoan ari den jendea uholdetu egiten da arratsaldeak ilunetik argira igaro orduko.
Arraunlariak dira joan-etorrien handitzearen lekukorik pribilegiatuenak. Ez alferrik, apirila loratu aurretik hilabete askoan ari baitira lanean, San Anton mendiaren pean duten egoitzan. Azaroan-eta, hiruzpalau egunez, gorputzak egokitzen hasteko. Gerora, bostera handitu da entrenamenduen asteroko maiztasuna. Sei egun izaten dira udaberria ailegatu aurretik; egun bat librantzarako. Gutxi-gehiago, Kantauriko portu bakoitzean errepikatzen da hori, eta hala izango da irail erdialdera artean.
Arraun jardunarekiko lotura estutzeak, ordea, arrantzaleak nola pozten ditu arraunlariak. Udaberriak uda berria baitu segidan. Bestela esanda, sasoia hasteko garaia. Fineza eta zorroztasuna lantzeko aldia izan ohi da txapelketen aurrekoa; bai norberari dagokionez, baita talde lanean ere. Lotuta doazen bi aldagai dira.
Arrauna talde kirola da, baina asko du bakarkakotik. Nork bere helburuak eta marjinak ditu lehen hilabeteetan, eta bakoitzak bere mamuak. Halakok kilo dezente dituela galtzeko; bestea watt kopuru urri samarrean ari ei da aurten; iritsi berriak ez omen du arraunkada behar bezain ondo bukatzen. Egokiera hobean dagoenak patxada handiagoa izaten du —baita aldarte hobea ere—, baina kirolari senak ez du hutsik egiten: betiereko hobekuntzari lotuko zaio, ergometroko kateari tiratzean, eta ubera uberari lotzean, gantza neurtzeko orduan.
Izan ere, kirola gogoko ez duenak jai du arraunean. Bat ez, hiru lehia biltzen ditu. Batetik, norberarekikoa da. Makina batek galdetutakoa da: «Zer nezesidade?». Egia da, lotura handia du arraunak, baina, halaber, zainetaraino sartzen da. Bete-beteko pasio piztailea da, eta gaztetxotik hasi den arraunlariak ez dio gogortasunaren deiturarik gehitzen. Bikotekideek, familiakoek eta lagunek sufritzen dituzte arraunaren albo kalteak. Haiek jasaten dituzte purrustaldiak eta «ezin dut» sorta luzea. Haiena da benetako meritua.
Norbere buruarekiko lehiak badu errendimenduarekin zerikusirik. Prestaketa ziklo bakoitzean ahalik eta ondoen egoten saiatzen da arraunlaria. Ez da kapritxo hutsa: klub askotan, entrenatzaile batek arraunlari gehiago edukitzen ditu, fitxa kopurua baino. Hautaketa egiten du halakoetan, zenbait arlo kontuan hartuta. Kirolariaz ezagutzen duena, haren gaitasun fisikoaz eta teknikoaz gain, eta haren ibilbidea ere hartuko du kontuan, beste zenbait konturekin batera. Traturako ona den ala ez, esaterako.
Han eta hemen, aztarrika
Estropada denboraldia hasi aurretik zortzi hilabeteko lana egiten du arraunlariak. Estreinako hilabeteetan gimnasioko lana gailentzen da. Kresalak nahi baino gutxiago erretzen du esku ahurretan. Larunbatetan eta igandeetan soilik. Gerora, baita ostiral iluntzeetan ere.
Gainontzean, pisuak klinki-klanka, eta ergometroko katea karranka. Entrenamendu astunenak egiten dira hasieran: indar lanak, serie aerobiko luzeak, core eta korrika saioak. Nolanahi ere, azken hamarkadan tostako arraunaren jiran aritu denak badaki entrenamenduen bolumena txikitu egin dela, errendimendu azterketei esker. Zientzia bedeinkatua.
Aldi horretan, nork bere egiteko propioa izaten du. Gorputza findu behar duenak korrikarako ohitura hartzen du entrenamendu amaieran, gramoak nondik galduko. Indarra landu behar duenak, ziurrenera, buelta bat gehiago egingo du pisuak mugitzen. Arraunlaria aztarrika aritzen da han eta hemen, hobetuko duen ekuazioa asmatu nahian. Bada gelatina soilik afalduta oheratu izan den arraunlaririk.
Arlo psikologikoan ere, tostartekoak gorabeherak izaten ditu zortzi hilabeteko bide luzean. Ezinbestean. Beti ezin indartsu sentitu, ezta gogotsu ere. Profesionalizazioa kimera den kirolean, pertsona arruntaren kezkak eguneroko ogi dira. Eta, hogei laguneko taldean, bakoitzak bere ardurak eta ezinegonak ditu.
Segi beharra dago, ordea. Ezin da konpromisoaren estatxa askatu. Halakoetan, taldekideak dira estutasunaren mataza askatzen laguntzen dutenak. Arraun talde bat kuadrilla baten parekoa baita azken finean. Edo hiru kuadrillaren batura. Horixe gertatzen da Getarian, gutxi-asko. Herri txikiaren abantailak edo ajeak, baldin eta nola begiratzen zaion. Postua lortzeko aurkari-edo diren horiek dira babes eta aterpe. Harremana estuagoa da haiekin, berezko kuadrillakoekin baino gehiago.
Sobietar garaiko gimnasio baten itxura du Getariakoak. Bi hamarkada izango ditu aparaturik berrienak. Pertsonak dira klub xume baten aktiborik garrantzitsuenak, ordea. Musu truk ordu pila bat sartzen duen zuzendaritza batzordea, uda ailegatzerako dena prest egon dadin. Talde teknikoa ere bai, eta arraunlariak, noski.
Multzo gaztea izanagatik, ikaslerik ez aurten. Ingeniariak, zazpi. Mekanikariak. Irakasleak. Elektrikariak eta kazetariren bat. Nork bere lan txanda, nork bere ordutegia. Lanbide konbentzionaletan ari direnek batera egiten dituzte lan saioak, arratsaldez. Halakoetan, bozgorailuetako musika hautatzea izaten da lanik zailena. Batek, Bad Bunny nahiago. Beste batek, Anjel Larrañaga bertsolariaren zirtoak: «Hi, kendu ezak rapa edo zerrikeria hau eta jar ezak Kupela taldea!». Hori da eztabaidarako gai bakarra. Bestelakoan, prestatzaileak astea zehatz-mehatz planifikatzen du: indar lanak halako egunetan, serieak besteetan. Azken horietan ere bada ezberdintasunik, garaiaren arabera: negu gordinean, luzeagoak, intentsitate apalagoan. Udaberrian, kontrakoa. Nork bere watt eta bihotz maiztasunekin, beti.
Udaberriak aurrera arindu egiten da lana. Itsasoak ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen du. Aste barruan oinak bustitzeko egunak gero eta gehiago izaten dira. Pozak biltzen du astegunez kirol poltsan estropua sartzen duen arraunlaria. Astea motzagoa egiten da apiriletik aurrera.
Gainera, garai horretan egiten dira lehendabiziko hautaketak. Galbahea igaro eta taldean denari ate handi bat zabalduko zaio parez pare. Aldiz, beste bide bat hautatu behar izaten du kanpoan geratzen denak. Beste klub batean saiatu, edo eginahalak bertan behera utzi, saiatze aldi hutsalaren zapore mingotsa dastatu duela. Une garratza izaten da, baita hura agurtu behar duten kideentzat ere, eta, batez ere, erabakia hartu behar izan duen entrenatzailearentzat. Ez ahaztu, kuadrilla bat da.
Testa, lehorrean eta uretan
Taldea osatzeko bide horretan aparteko kapitulua da testena. Lehorrean eta uretan egiten dira. Talde barruan lehorrekoak, ergometroan egindako laktato testen bidez. Milimolak eta pisu-potentzia hitzak entzutean, erne. Aldiz, uretako testek estropaden itxura hartzen dute, beste traineruen aurka jokatzen baitira.
Ergometroko testak egun bereziak izan ohi dira arraunlari batentzat. Egun seinalatuak. Gaitasuna erakusteko datak, edo alderantziz. Baita esamesak sortzekoak ere. Molde ezberdinetako probak egiten dira, klubeko ohiturei edo prestatzaileen apeteijarraika: progresiboak, 4.000 metrokoak, hogei minutukoak. Batera edo bestera, aldagela guztietan errepikatuko den esaldia: «Banian gehiago egiterik».
Jardun hori guztia itsasoko lanarekin uztartzen da. Unean uneko probaldiak izaten dira estropada formatuan jokatzen diren testak. Azken hamarkadan izugarri ugaritu dira, baita parte hartzaile kopuruari dagokionez. Ondorioz, maila igo egin da.
Ordea, udaberria fineza eta zorroztasuna lantzeko garaia izaten da uretako lanari dagokionez ere. Talde bakoitzak bere prozesua osatzen du uztailera artean. Entrenatzaile bakoitzak bere erritmoa eskatuko du halakoetan, eta lortu nahi duenaren arabera prestatutako du tresneria, neurrien gogortasunarekin jokatuz. Uztaila gerturatzen ari bada ere, oraindik espejismo hutsa da. Uretako serieak laburtu ahala bizituko da azken txanpa.
Fineza eta zorroztasuna lantzeko garai betean
Denboraldiaurreko jardun astunenak utzita, arraunlariek eutsi egiten diote gimnasioko lanari, baina uretako egitekoek garrantzi handiagoa hartuko dute udaberriak aurrera egin ahala. Norbere gorputza sasoiko jarri eta trainerua prest jartzea da datozen asteetako lana, gero eta gertuago dagoen uda sasoirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu