Ogeta pilotalekuaren kontrakantxara eraman du kontsulta lau t'erdiko bi finalistak aztertzeko. Aritz Olagoi kirol psikologoa da (Donostia, 1978), eta egun Bizkaiko Pilota Federazioarekin elkarlanean dabil. Bere garaian, Imanol Agirrek eta Patxi Ruizek kirol psikologoengana jo zuten, eta apurka ari da hedatzen joera. «Ez nuke esango kirol psikologia pilotara beste kirol batzuetara baino geroago iritsi denik», azaldu du. «Pilotariei euren buruaren kontrola izateko tresnak ematea da gakoa. Errutinak, tanto artean zer egin, sakea, errestoa... Nola eta nora sakatu garbi izatea, hurrengo pilotakada ere bai... Aurretik lan egitea gustatzen zait, arazo jakin bat iritsi aurretik». Olagoik teknikari eta pilotariak aholkatzen ditu.
Bihar, baina, ez dira hasiberriak ariko finalean. «Baina egoerak antzekoak izaten dira: tentsioa, beldurra...». Pilotazalea da, ofizioz eta afizioz, eta bere psikologo prismatik finala ikusteko irrikan dago: «Irujorentzat deskonpresioa izan daitekeela uste dut. Iruditzen zait asko sufritu duela, ikuspuntu psikologikotik beteta: normalean atzetik, oso lotuta, finalera iristearen ardurarekin... Estres iturri izan daitezkeen aldagai asko gehitu zaizkio, eta orain lasai dago. Agian, horrek lagundu egingo dio».
Irujorengan jartzen du finaleko aldagaia, Olaizola II.ak zalantza gutxiago sortzen baitizkio. «Ikuspuntu psikologikotik aurkaria ahultzen duen horietakoa da. Atzetik doanean ere ez da urduritasunik sumatzen. Badaki bere momentua iritsiko zaiola. Ehiztaria da, postuan egon eta itxaroten badaki. Zaila da ordura arte ez urduritzea». Olagoik ez du ezkutatu Olaizola II.ak harrituta duela. «Ezohiko bertute bat du, ia beti ematen du maila ona. Hamarreko nota bikaina bada, Olaizola II.a ez da inoiz zazpitik jaisten. Ikuspuntu psikologikotik kanpo, maila tekniko eta taktikoan oso erregularra da. Nik gaitasun hori finalei erantsiko nieke. Finaletan bere onena ematen du».
Ez ditu ez bata ez bestea inoiz tratatu, baina gustatuko litzaioke. «Luxua litzateke, plazera hor atzean duten hori aztertu ahal izatea». Beraz, kanpotik hitz egiten du. «Olaizola II.ak hotza dirudi, emozioak kontrolatzeko gaitasun handiagoarekin, edo behintzat ez ditu azaleratzen. Irujo, aldiz, beroagoa dela dirudi, hark bai azaleratzen ditu. Une batzuetan kontrola galtzen dueladirudi, baina hori da haren jokoa, aurkariari pentsatzen ez uztea».
Olaizola II.ak bakarkako hiru final irabazi dizkio Irujori azken bi urteetan —buruz buruko bi eta lau t'erdiko bat—, eta uste zabaldua da zama horrek eragina duela Iberokoarengan. Nola saihets daiteke? «Hau beste final bat dela ikusi behar du Irujok. Jokaturikoak jokatu dira, eta iraganean ezin duzu ezer egin, garrantzitsuena hurrengo partida prestatzea da». Prestatzea? «Joko plana argi eraman, zer egin nahi duen? Nola jokatu? Suposatzen dut bere eta Olaizola II.aren jokoa ondo aztertuta izango duela. Bada, plana ondo definitua eraman beharko du». Hala ere, iragana «garrantzitsua» dela dio. «Historiak bere zama du, eta eragin horri aurre egin behar zaio. Obsesioa ager daiteke, Olaizola II.arekin kasu honetan, baita hari ez irabaztearekin ere. Gaizki hasiz gero, beldur hori ager daiteke, 'berriz ere galduko dut'... Gizatiarrena litzateke hori pentsatzea. Burua, gainera, beti okerrera jartzen da».
Final asko jokaturikoak dira bata zein bestea, eta badakite zer den egun handi bat. Olagoiren iritziz, Olaizola II.ak hobeto eusten dio presioari, baina Irujok ere eskarmentua badu. Ziurtzat jotzen du egun handietan euren errutina eta ohiturak dituztela, baina oharra luzatu du: «Txanponaren bi aldeak ditu joera horrek. Gerta daiteke horiek errepikatu eta finala iristen den egunean lehen pilotakadarako zeure burua lotuta sentitzea. Sorpresak ere badaude. Esperientzia handieneko pilotariak ere izan ditzake halako finalak».
Nemesiari eskerrak
Olaizola II.ak eta Irujok antzeko bidea daramate. Final asko dira elkarren aurka, eta jendeak elkarrekin oroituko ditu. Kirol psikologoak argi du, biei «mesede» egiten diela bestearen garaikide izateak: «Bestearen onena atera du bakoitzak. Batak bestea elikatzen du, eta horrek exijentzia maila igotzen die. Batak bestea edukiko ez balu, agian txapel gehiago irabaziko lituzkete, eta pilotari handi gisa oroituko lituzkete, baina aurkaririk izan ez zuena».
Izaera ezberdinen eta elkarren aurka hainbestetan jokatu izanak dikotomia erakargarria sortu du. Olagoik, halere, «beste karga» bat sumatzen du bien bizkarrean, «enpresen karga», hain zuzen. «Gainera, bi enpresa daude bakarrik», gaineratu du. Zama horretan kokatu du gerra psikologikoa: «Irujori entzun nion atzerapena aipatzen. Olaizola II.ak atzerapena eskatu duen azkeneko aldietan txapela irabazi egin duela ere gogora ekarri du. Atzerapena Irujoren buruan dagoela dirudi». Halere, Olagoik esaldia zehaztu nahi izan du. «Atzerapen txikia izan da, baina astebetean argitu izan ez balitz, okerragoa zatekeen».
Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala
Finalistak Ogetako kontsultan
Olaizola II.ak egun handietan onena emateko duen ahalmena goratu du Aritz Olagoi kirol psikologoak. Irujoz, berriz, uste du azken asteetako estresa atzean utzita, libreago joka dezakeela bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu