Alvaro Untoria. Asegarceko atzelaria

«Finalerdietan sartzean kilo askoko motxila kendu dut gainetik»

Pozik dago Aimar Olaizolarekin jokatzeagatik, baina, era berean, presio handia sentitu du horregatik. Estutasun hori kudeatzeko arazoak izan ditu, eta horri egotzi dizkio binakakoaren ligaxkako gorabeherak.

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Fisikoki txapelketako garairik onenean dagoela dio Alvaro Untoriak (Naiara, Errioxa, 1990). 90 kilorekin hasi zen, eta 88 ditu orain. «Ahalegina, prestaketak, presioak, kirioek... denek dute eragina». Kirioak aipatu ditu, ligaxkan asko izan baititu.

Hirugarren urtez jarraian, finalerdietarako sailkatu zara. Jadanik beteranoa zara halakoetan.

Seinale ona da hori, oso pozik nago. Halere, beterano deitzea gehiegi da. Helburua beteta dago, eta orain aurkariei lanak ematen saiatu behar dugu.

Olaizola II.ak eta aurkariek esan dute txapelketako boladarik onenean zaudela. Hala al da?

Nik ere hala uste dut. Azken bi partidetan oso ondo jokatu dut, lasai, gozatuz. Ea finalerdietan boladari eusten diodan.

Azken bi partida horiek zalantzak uxatzeko balio izan al dute?

Bai. Ligaxkan partida batzuetan okerrago jokatu nuen. Kritika asko jaso nituen, eta neure buruari presioa egin nion. Horrela oso zaila zen jokatzea. Kantxara irten, eta ez nuen gozatzen; pilota batean kale egin, eta oso gaizki pasatzen nuen. Kritikei buelta ematen jakin dut, indartsuago izaten, eta pasatutakoa ahazten.

Kritikak iritsi zaizkizu, beraz.

Bai, kirolariari kritikak iristen zaizkio: zaleenak, hedabideetan... eta, ahazten saiatu arren, min ematen dute. Galtzen baduzu, kritikak datoz, zama bat dira, eta dena aldapa gorago jartzen da. Txapelketa erdi aldera, txakalaldi bat izan nuen, eta kritikak jasotzea normala da, baina nire eremura eramaten asmatu dut eragin ez diezadaten.

Hau izan al da jokatu duzun txapelketarik gogorrena?

Alde horretatik, bai. Lehen txapelketan, ordezko moduan sartu nintzen; inork ez zidan ezer eskatu, eta dena ondo irten zen. Iaz, finalerdietan sartu ginen, azkenera arte ibili ginen lehian, eta ez dut uste hainbeste egur eman zidatenik. Kritikak ez ziren hain gogorrak izan. Olaizolarekin jokatzeak hori dakar: ageriago zaude. eta jendeak zorrotz aztertzen zaitu. Baina, tira, gozamena da harekin jokatzea, asko lagundu nau.

Ligaxka sufrikario hutsa izan dela dirudi. Ez al duzu gozatu?

Gozatu ere egin dut. Hasieran gustura ibili nintzen, amaieran ere bai; partida bat 22-21 galdu dugu, eta beste bat, 22-20. Txakalalditxoa izan nuen, baina asko gozatu dut.

Gorabeherak izan dituzu ligaxkan. Azalpenik aurkitu al diezu?

Jokokoa bainoago, psikologikoa zen, burua. Pilota batean kale egin, eta jaso behar nituen bizkarrekoetan pentsatzen nuen, eta horrela zaila da jokatzea.

Eta nola arindu duzu presioa azken bi partidetan?

Hori guztia ahaztuz, eta jokatuz gozatzera irtenez. Familiarekin egon, lagunekin, entrenatzailearekin hitz egin, eta kanpokoak ahaztu. Horri esker, beste mentalitate batekin irten naiz kantxara.

Zer esaten zizun Olaizolak?

Asko animatu nau partidetan, eta baita aste guztian ere. Esaten zidan ezer ez zela pasatzen, txapelketa luzea dela eta gozatu egin behar genuela. Pila bat lagundu dit, eta eskerrak eman nahi dizkiot.

Finalerdietan sartzea liberazio bat izan da, beraz?

Bai. Helburua finalerdietan egotea zen; Olaizolarekin jokatzean hori eskatu behar zaizu, finalerdiak. Ligaxkako azken partidairabaztean egin nuen garrasia liberazio keinu bat izan zen. Finalerdietan sartzean kilo askoko motxila kentzen dut gainetik. Horrek, halere, ez du esan nahi dena egina dagoenik; txapelketako garairik politenean gaude.

Larunbe, Zabaleta, Rezusta… Atzelari jotzailez inguratuta zaude finalerdietan.

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta egia da besteek gehiago ematen diotela. Halako partidetan, pilota asko eraman behar dira, denbora asko egon kantxan, eta hor agertzen dira nire ezaugarriak.

Finalerdietako partida bakar bat ere ez da jokatuko Logroñon. Zer pentsatua ematen dizu?

Errioxan pilotazale asko dago, sanmateoetan ikusten da. Pazientzia pixka bat behar da, partidak eraman hara eta mantendu. Jendeak jarraitutasuna behar du, ezin duzu partida bat eraman eta gero bi hilabetean ez itzuli. Erregulartasuna behar da, eta, noski, jendeak erantzun dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.