Igandean Espainiako Ligan elkarren aurka jokatu ondoren, bigarren buruz burukoa izango dute gaur Realak eta Osasunak, oraingo honetan Espainiako Kopan. Asteburuan, gorritxoek irabazi zuten. Vicente Morenok zuzentzen duen taldea 2-1 gailendu zitzaion Imanol Alguacilenari, Ante Budimirrek bi gol sartuta. Hala, Osasunak hiru puntu poltsikoratu zituen. Oraingo honetan, berriz, sari handiagoa izango du irabazleak: Kopako finalerdiak jokatzea. Igandeko partida Sadarren jokatu zen. Gaur, berriz, Anoetan neurtuko dituzte indarrak.
Realak bigarren urtez jarraian sailkatu nahi du Espainiako Kopako finalerdietarako. Txuri-urdinak bi aldiz iritsi dira finalerdietara azken bost sasoietan, hau da, 2019-2020ko denboralditik hasi eta 2023-2024kora bitarte. Lehenengoan txapeldunak izan ziren, eta, iaz, Mallorcak kanporatu egin zituen finalerdietan, penaltietan. Bi denboraldi horietan, Realak Osasuna menderatu zuen final-zortzirenetan.
Hala ere, talde txuri-urdina denboraldiko boladarik okerrenetako batean dago. Azken bost partidetatik lau galdu ditu, horietatik hiru ligan: 1-0 Valentziaren aurka, 0-3 Getaferen kontra, eta 2-1 Sadarren. Defentsa ez da orain arte bezain fidagarria, eta erasoan gol gutxi sartzen dituzte oraindik ere. Baina dena ez da miseria Realarentzat. Azken astean, udan fitxatu zuten izarra, hau da, Orri Oskarsson golak sartzen hasi da. Islandiako aurrelariak hiru sartu ditu azken bi neurketetan. PAOK Salonikaren aurka partidako bi golak sartu zituen, eta nafarren aurka hark sartu zuen donostiarren gol bakarra. Hiru gol horietatik bi buruz egin zituen, eta beste bat eskuin hankarekin. Horrenbestez, jada hasi da Kopenhagen erakutsitako dohainak azaleratzen.
Imanol honela mintzatu zen atzo gaurko partidaz: «Denboraldi honetan jokatu dugun partidarik garrantzitsuena da, finalerdietan sartzea baitugu jokoan. Etxean jokatzeak indarra ematen digu; beraz, ea Anoeta lepo betetzen den. Elkarrekin errazagoa izango da kanporaketa gainditzea». Aurkariaz ere mintzatu zen. «Osasuna ondo ikusten dut. Guri irabazi aurretik ere merituak egin zituen ligan irabazteko. Ziurrenik, gure aurka ez zituzten aurretik bezainbeste aukera sortu. Baina eraginkorrago aritu ziren». Txuri-urdinek golak sartzeko dituzten arazoen harira, hausnarketa hau egin zuen: «Zuek aurrelariei erreparatzen diezue, Mikeli [Oiartzabal] eta Orriri [Oskarsson]. Baina ez da soilik haien kontua. Bigarren lerroan aritzen diren jokalariek ere pauso bat egin behar dute aurrera: erdiraketa onak egin, area zapaldu. Argi dago gabezia bat dugula arlo horretan. Baina lanean ari gara hori konpontzeko».
Realari neurria hartuta
Osasuna, berriz, sei aldiz sailkatu da Espainiako Kopako finalerdietarako. Azken aldia 2023an izan zen, eta finalean sartzea lortu zuen. Athletic kanporatu zuen finalerdietan, San Mamesen, Pablo Ibañezek luzapenean gol bat sartuta. Aurten berriz ere kanporatu dituzte zuri-gorriak, final-zortzirenetan 2-3 irabazi baitzieten Bilbon.
Asteburuan irabazi eta gero, hauspotuta iritsiko da Osasuna gaurko partidara. Izan ere, ligako bolada txarra etetea lortu zuten gorritxoek: azarotik irabazi gabeak ziren, Valladolid mendean hartu zutenetik. Sei berdinketa eta hiru porrot bilduak zituzten ordutik. Bederatzi norgehiagoka horietatik bostetan, Osasunak aurrea hartu zuen markagailuan, baina taldeak ez zuen asmatu alde hori baliatzen. Gainera, bost neurketa golik sartu gabe egon eta gero, Ante Budimirrek atea zulatu zuen berriro Realaren aurka. Kroaziarrak hamabost gol sartu ditu denboraldi honetan, eta iazko estatistikak gainditu nahi ditu. Budimirrek golen bat sartu du txuri-urdinen aurkako azken bi partidetan.
Gaurko norgehiagokari begira, atzo Osasunak ez zuen deialdiaren berri eman. Izan ere, ez dago argi Torro eta Kike Barja jokatzeko moduan izango diren. «Bihar [gaur] hitz egingo dugu haiekin, eta esaten digutenaren arabera hartuko dugu erabakia», adierazi zuen Vicente Morenok, partidaren aurreko agerraldian. Abendu hasieratik min hartuta egon eta gero, igandean Brayan Zaragozak modua izan zuen minutu batzuk jokatzeko. «Oraindik ez dago prest partida bat osorik jokatzeko, baina denbora gehiagoz jokatzea nahiko nuke». Kanporaketa hizpide hartuta, zera nabarmendu zuen: «Aurretik egindakoak ez du ezertarako balio. Igandean ondo egin genituen gauzak are hobeto egin beharko ditugu, Reala talde oso ona baita. Presioan bikain moldatzen da, eta askotariko erregistroak ditu hala erasoan nola defentsan. Edozer emango nuke neroni zelaian egoteagatik».
Datuei erreparatuz, Realaren aurkako neurketetan zuten bolada txarra iraultzea lortu dute gorritxoek azken bi denboraldietan, ligan bai behintzat. Txapelketa horretan, nafarrek irabazi dituzte bien arteko azken hiru norgehiagokak. 2012tik Realari irabazi gabe egon eta gero, aurreko sasoian 0-1 irabazi zioten Anoetan. Denboraldi honetan, berriz, bi partidatan hartu dute mendean Imanolek zuzentzen duen taldea: 0-2 Anoetan eta 2-1 Sadarren.
Dena den, Kopan txuri-urdinak izan dira garaile bi taldeen arteko azken partidetan. Bi kanporaketa jokatu dituzte azken bost urteetan, biak final-zortzirenetan. 2019-2020ko denboraldian, 3-1 irabazi zuen Realak, eta aurreko sasoian, berriz, 0-2.
Reala-Osasuna
Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal eta Sergio Gomez.
Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz; Torro; Rubén Garcia, Moncayola, Aimar, Peña eta Budimir.
Epailea: Mario Melero López
Tokia: Reale Arena.
Ordua: 19:30 (Movistar).