Asier del Rio. Palista

«Finalerdietan ere ez ginen faborito; nahiago dut hala»

Binakako Kutxabank Ligako finala jokatuko da larunbatean Bizkaia pilotalekuan. Del Rio Necolekin arituko da. Final gogorra eta luzea izango dela dio Lezamako atzelariak.

BERRIA.
pettan uralde
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bere ibilbideko hirugarren finalaren aurrean dago Asier del Rio palista (Lezama, Bizkaia, 1998). Larunbatean, Kutxabank Ligako finala jokatuko du, Dan Necol aurrelariarekin batera, eta Roman Maldonado-Ibai Perez izango dituzte aurrean. Ekainean Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen Lezamako atzelariak, eta hori errepikatu nahi du. Finalaren atarian «gogotsu» dagoela dio. Bizkaia pilotalekuan jokatuko da partida, 16:30ean.

Nola ikusten duzu larunbateko finala?

Final oso gogorra izango da, eta, piloteoan ondo aritzen bagara, luzea. Hala bada, atzelariok pisu handia izango dugu. Maldonado eta Perez oso sasoi onean daude, eta ez digute ezer oparituko. Hala ere, guk oso ligaxka ona egin genuen, partida bakarra galduta. Finalaurrekoetan ere bikain aritu ginen. Konfiantza handiarekin gaude, eta gogoz larunbateko finalerako.

Zein izango dira partida irabazteko gakoak?

Zaila da jakitea; final batean edozer gerta daiteke. Hala ere, nire helburua Necolek ahalik eta pilota gehien ukitzea izango da, eta Perezi lana ematea.

Aurkariak nola ikusten dituzu?

Perez aski ezagutzen dugu. Egungo atzelaririk onena da, eta azken urteetan final askotan egon da. Maldonado lehengo urtean sartu zen, eta bikain ari da. Bikote gogorra osatzen dute, eta partida ia perfektua egin beharko dugu garaipena eskuratzeko.

Agian Perez da egungo palistarik gogorrena?

Esan bezala, Perez atzelaririk onenetako bat da, eta agian besteengandik puntutxo bat gorago dago. Baina partidak desorekatzen dituena Maldonado dela esango nuke. Erritmoa hark sartzen dio partidari, eta, ongi badago, zaila izango da hura garaitzea.

Zuk Dan Necol duzu ondoan. Gutxik izango dute haren palmaresa.

Ligako zortzigarren finala jokatuko du jarraian, eta esperientzia handia du. Asko laguntzen dit, eta bikote gisa ondo funtzionatzen dugu. Kantxan asko hitz egiten dugu. Elkarri laguntzen diogu, eta uste dut hori dela gure indargunea. Zorte handia dut bikotea harekin osatzeagatik.

Nola ikusten duzu txapelketan egiten ari zaren lana?

Ondo. Esango nuke ia partida guztiak oso ondo jokatu ditudala, eta bai buruz, baita fisikoki ere ondo aritu naizela. Uste dut ikusi dela kantxan, eta horren erakusgarri da finalean gaudela.

Gaztea izan arren, hirugarren finala jokatuko duzu larunbatean. Bada zerbait, ezta?

Bizkaiko Txapelketako finalera bi aldiz iritsi nintzen jarraian, eta 2021ekoa irabazi nuen Gaubekarekin batera. Nahiz eta gaztea izan, badaukat esperientzia finaletan, eta prest nago beste bat irabazteko.

Urduri jartzen zara horrelako partidetan?

Urduritasuna baino gehiago, tentsioa dela esango nuke. Bizi arte ezin da jakin zer den sentsazio hori. Aurreko egunetan ahalik eta lasaien egoten saiatzen naiz. Bizitza normala egiten dut, lagunekin egoten naiz eta finalean ez pentsatzen saiatzen naiz.

Agian ez zarete faborito. Baina finalaurrekoetan ere ez zineten, eta irabazi egin zenuten.

Hala da, eta lasaiago jokatu genuen. Nik nahiago dut aurkariak izatea pisu hori, edo arreta haiengan egotea. Uste dut faborito ez den bikoteak lasaiago heltzen diela halako partidei.

Denbora gutxi daramazu modalitate honetan, baina azkar egokitu zara. Hala sentitzen duzu zuk ere?

Egia da denbora laburra izan dela, baina beti sentitu naiz gustura. Lan asko egin dut, laguntza ere izan dut, eta bikote guztiekin eroso egon naiz. Orain, nire onena erakustea tokatzen zait.

Nolatan hasi zinen palan? Gaur egun ez da modalitate ohikoena gaztetxoen artean.

15 urterekin hasi nintzen, Larrabetzuko Olarreta klubean. Gomazko pilotarekin ibiltzen nintzen, eta 18 urte bete nitueneanlarruzkoa probatu nuen. Hori Gatikan izan zen, eta bi urte eman nituen han. Ondoren Armintzara joan nintzen, eta urtebete eman nuen han, 22 urterekin debuta egin nuen arte.

Laguntza izan duzula diozu. Zeinek eman dizu?

Larrabetzun hasi nintzenean, Erlantz Garcia zen nire entrenatzailea, eta asko lagundu zidan urte haietan. Gainera, esango nuke hura izan zela palaren txinparta sartu zidana, eta oso eskertuta nago.

Palista moduan, nolakoa zara?

Bi eskuekin ondo moldatzen naiz, eta, nahiz eta ez dudan indar handirik, pilota asko sartzen ditut. Uste dut ez ditudala akats asko egiten, eta hori da nire indargune garrantzitsuetako bat.

Agian goiz da oraindik hortaz hitz egiteko, baina zer txapelketa irabazi nahiko zenuke?

Buruz buruko final batera iristea gustatuko litzaidake, noski. Baina oraindik gaztea naiz, eta ez naiz horrekin erotzen. Pixkana hobetzen joatea espero dut, eta, iristen bada, ongi, eta, ez bada ailegatzen, lanean jarraituko dut.

Nola ikusten duzu palaren egoera?

Pilotari lotutako modalitate guztiak arrakasta izaten ari dira azken urteetan: pala, eskua, zesta-punta... Geroz eta jende gehiago joaten da frontoietara, eta ikusgarritasuna handitu egin da, besteak beste telebistako emankizunei esker. Gorakada ematen ari da, eta aprobetxatu egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.