Dijon 77-58 Bilbo Basket

Finalerako bidea zaildu egin zaio Bilbo Basketi

Bilboko taldeak hemeretzi punturen aldeagatik galdu du FIBAren Eurokopako finalerdietako joaneko partida, Dijonen aurka. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute itzulerakoa, Miribillan.

Bilbo Basketen eta Dijonen arteko partida. FIBA
Bilbo Basketen eta Dijonen arteko partida. FIBA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko martxoaren 26a
22:00
Entzun 00:00:0000:00:00

FIBAren Eurokopako finala jokatu nahi du Bilbo Basketek, baina maldan gora jarri zaio txapelketa. Bilboko taldeak 77-58 galdu du finalerdietako joaneko partida, Dijonen aurka. Kanporaketa gainditzeko, hemeretzi puntu baino gehiagoren aldearekin irabazi beharko du, beraz, itzulerako lehia. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute, Miribillan (20:00).

Bilbotarrei asko zaildu zaie kontua, eta joaneko emaitza ez da, inolaz ere, amestutakoa. Lehen zatia ikusita, gutxik esperoko zuten halako astindua hartzea. Lehen zati txukuna egin du Bilbo Basketek, eta markagailuan aurretik zela joan da atsedenaldira: 34-36. Bigarrena, berriz, oso txarra izan da; frantziarrak nagusi izan dira hasi eta buka, eta Bilbo Basketeko jokalariak galduta ibili dira, erasoan ezin asmatuta. Azkenerako, alde handi samarra lortu du Dijonek.

Bi taldeek urduri hasi dute partida, zehaztasun gutxirekin; lehen bi minutuetan, markagailua ez da mugitu. Bilbo Basketi kostatu zaio partidari neurria hartzea, eta hainbat huts egin ditu hasieran. Pixkanaka, baina, defentsa sendotu, eta jokalariak erosoago aritu dira kantxan. Lehen laurdena amaitzear zela, bilbotarrek bi hiruko sartu dituzte jarraian (14-21), eta gora egin.

Talde bakoitzak jokatzeko bere modua du. Dijon oso talde fisikoa eta oldarkorra da; Bilbo Basketi, berriz, partidaren erritmoa kontrolpean izatea gustatzen zaio, eta eraso landuak egitea. Bada, lehen zatiak bietatik izan du. Bilbo Basketek lortu du partidaren erritmoa markatzea, baina, despistatu denean, erasora azkar eta bizi jo du Frantziako taldeak, eta gogor zigortu ditu hutsegiteak. 34-36 amaitu da azkenean lehen zatia.

Bestelakoa izan da bigarren zatia, eta erabat aldatu da partidaren gidoia. Bazirudien Bilbo Basketek kontrolpean zuela neurketa, baina frantziarrek beste martxa bat sartu dute. Atsedenalditik bueltan, indartsu kantxaratu dira Dijoneko jokalariak, kementsu, eta bilbotarrak ez dira gai izan erauntsiari eusteko. 6-2ko partziala eginda, Dijon aurrean jarri da markagailuan, eta aldea handituz joan da. 57-45 bukatu da hirugarren laurdena. Bederatzi puntu baino ez ditu lortu Bilbo Basketek; ezinean ibili dira, jokaldiak ezin bukatuta.

Azken laurdeneko joera ere horixe izan da. Gozatu egin dute frantziarrek, eta sufritu bilbotarrek. Bost minutu falta zirela, Frantziako taldeak hemezortzi punturen aldea zuen: 66-48. Aldea txikitzen saiatu da Bilbo Basket, baina ez dute asmatu jaurtiketetan. Azkenean, 77-58 galdu dute. Gogotik lan egin beharko dute Miribillan kanporaketa iraultzeko.

Beste finalerdian, lehia estua

Greziako PAOK taldeak eta Frantziako Choletek jokatutako finalerdia estuagoa izan da. 88-89 irabazi dute frantziarrek. Hala, joanekoan Frantziako bi taldeek egin dute lehen urratsa. Bigarrena izango da erabakigarria, baina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.