Finalerako azken koxka

Itxakok Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko norgehiagoka jokatuko du gaur, Lizarran, Gyori Hungariako taldearen aurkaNafarren aurkaria da faborito, baina Lizarrakoek ilusioa eta gogoa dute alde

edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Egun handi eta berezia izanen da gaurkoa Lizarran. Itxakok Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko du lehendabiziko aldiz, Gyori Hungariako taldearen aurka. Ambros Martinek zuzendutako jokalariek inork baino hobeki dakite hagitz zaila izanen dela finalerako sailkatzea. Hala ere, amets egiten jarraitu nahi dute. Ilusioa eta gogoa alde dituzte. Eta, orain arte, osagai horiekin, eta bere jokoarekin, urrun ailegatu da Itxako.

Gyori ez da nolanahiko aurkaria. Itxako bitan aritu da haren aurka, eta bietan galdu du. Txapeldunen Ligako lehen ligaxkan aurkari izan ziren bi taldeak, aurreko sasoian. Hungarian, 29-28 nagusitu zen Gyori; Euskal Herrian, berriz, 14-20.

Denboraldi honetan ia erabateko nagusitasuna erakutsi dute hungariarrek Europan. Multzoko lehena izan da Gyori bi ligaxketan, eta jokatu dituen hamabi partidetatik bi baino ez ditu galdu: txapelketako lehendabizikoa, Zvezdaren aurka; eta orain arteko azkena, Larviken kontra.

Bere herriko Ligan ere ibilbide ezin hobea ari da egiten Gyori. Txapela erabakitzeko kanporaketen aurreko partida guztiak irabazi ditu. 22 norgehiagoka jokatu, eta guztietan nagusitu da Csaba Konkolyk entrenatutako taldea. Are gehiago: Hungariako Ligan jokatutako azken 48 partidak irabazi ditu, aurreko sasoiko 26ak, eta orain arteko 22ak.

Aurkariak beldurtzeko moduko zenbakiak dira Gyorirenak. Europan, hala ere, badu konpondu beharrekorik: sei aldiz izan da txapeldunorde. Txapeldunen Ligako finala galdu zuen orain bi sasoi; Errekopan ere behin izan da txapeldunorde, eta lau aldiz EHF kopan. Erabakitzeko orduan, beraz, huts egin dute hungariarrek, orain arte. Egoera horrek, hala ere, ez dio meriturik kentzen haien lanari. Azken bost sasoietan, gutxienez Txapeldunen Ligako finalerdietara ailegatu da Gyori. Hori ezin du edozeinek erran. Jokalarien kalitatea, halaber, nabarmena da. Aipatzekoa da, bertzeak bertze, Anita Goerbicz erdiko hungariarra: munduko onena izendatu zuten 2005ean.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa Itxakok aurkaria jotzea faboritotzat. «Esparru guztietan aritzen dira ongi. Irabazteko, hutsik gabeko partida egin beharko dugu», erran du Andrea Barno kapitainak.

Talde hobea

Jokalarien artean sumatzen da finalerdietan aritzeak pizten dien emozioa. «Hagitz kontent nago. Besta egun handia izanen da partidarena», onartu du Begoña Fernandezek. Zuhurrago mintzatu da Ambros Martin. Hari ere, dena den, zaila egin zaio finalerdiaren inguruko giroari ihes egitea. Kanporaketako helburua bi partidak irabaztea dela erran du.Aurkariaren kalitatea nabarmendu du, baina gaineratu du Itxako ere aurreko sasoikoa baino sendoagoa dela. «Egia da hainbat jokalari min hartuta badugula, eta nekea ere pilatzen hasi dela, baina horrek baino indar handiagoa du aurrera egiteko dugun gogoak».

Gaurkoa, halaber, festarako eguna ere izan daiteke, Eldak etxean Marina Parki irabazten ez badio, Itxakok Liga irabaziko baitu hirugarrenez jarraian. Halere, oso zaila dirudi hori gertatzea.

ITXAKO-GYORI

Lehiaketa. Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoa.

Itxako. Navarro, Stefani, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Nerea Pena, Macarena Aguilar, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova, Barbosa, Tervel eta Zugarrondo.

Gyori. Haraldsen, Palinger, Pasztor, Amorim, Bradeanu, Barany, Goerbicz, Gros, Hornyak, Kovacs-Pelczeder, Kovacsics, Kurucz, Mayer, Mravikova, Orban, Palko, Planeta, Schatzl, Spiridon, Szegedi, Szoeloesi, Toth eta Verten.

Epaileak. Badura eta Ondogrecula (Eslovakia).

Lekua. Lizarrerria kiroldegia (3.000 ikusle).

Ordua. 19:00 (Canal 6).

Beste finalerdia. Larvik-Buducnost (gaur, 17:15ean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.