Kauldi Odriozola jokalaria (Zumaia, Gipuzkoa, 1997) gustura dago Bidasoak sasoi honetan emandako «aurrerapausoarekin». «Konfiantzaz eta ilusioz» daude Espainiako Koparako.
Cuencaren aurka jokatuko duzue gaur final-laurdenetan. Ligan, gol batengatik galdu zenuten haren aurka. Antzeko partida bat espero al duzu?
Kanporaketa izateak zertxobait aldatuko du, baina partida gogorra izango da, ligakoa bezala. Gure antzera, Cuenca bigarren itzuli oso ona egiten ari da. Defentsan oso talde sendoa da, eta sasoi betean diren bi jokalari ditu: Leonardo Dutra albokoa eta Natan Suarez erdikoa. Biak jaurtitzaile peto-petoak dira, eta buruz buruko jokaldietan oso ondo moldatzen dira. Dutrak min handia egiten du, eskuina izan arren ezkerrean jokatzen duelako. Zailagoa da halako jokalariak zaintzea. Beraz, irabazteko, denboraldi osoan erakutsi dugun sendotasunari eutsi beharko diogu defentsan, eta erasoan pazientziaz jokatu, akats inozoak ez egiteko.
Finalerdietarako sailkatuz gero, Ademar-Granollers kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko duzue bihar. Zein komeni zaizue?
Egia esan, denboraldi honetan emaitza onak lortu ditugu bien aurka, baina, bat aukeratu beharko banu, Granollers esango nuke. Pare bat jokalari garrantzitsu min hartuta dauzka, eta haien falta antzeman lezake. Dena den, biak dira oso talde onak.
Bartzelona hor egonda, gehienez txapeldunorde izan zaitezketen sentipenarekin al zoazte beste taldeak?
Bartzelonaren nagusitasuna agerikoa da. Nik uste dut, gainera, halako txapelketa batean zailagoa dela hura mendean hartzea. Besteok baino talde luzeagoa dauka, eta hori erabakigarria da, hiru egunetan hiru partida jokatu behar izanda. Baina ez dugu horretan pentsatu behar. Gure helburua finalera iritsi eta Europarako sailkapena ziurtatzea da. Erronka hori dugu. Handia litzateke Bidasoak berriz Europan jokatzea. Finalera iristen bagara, itxaropenez helduko diogu lehiari. Ligan erakutsi genuen gai garela Bartzelona estu hartzeko.
Denboraldi oso ona egiten ari zarete: ligan bigarren zaudete, Asobal kopako finalera iritsi zineten, eta Espainiako Kopako Zortziko Finalean zaudete. Espero zenuten halakorik?
Egia esan, ez. Are gutxiago gauden lekuan egotea denboraldia honaino iritsita. Asobalera bueltatu ginenetik hiru sasoi igaro dira. Lehenengoan, estu lortu genuen mailari eustea, eta, aurreko denboraldian, sailkapenaren erdialdean geratu ginen. Honetan, gure helburua lehen zortzien artean egotea zen.
Defentsa lan oso on batetik harago, zein da hori lortzeko gakoa?
Batetik, taldearen bizkarrezurrari eutsi diogu, eta egungo eskubaloian hori erabakigarria da, ez baita lortzen erraza. Bospasei jokalarik hiru urte daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta oso barneratua dugu Jacoboren [Cuetara entrenatzailea] jokatzeko era, hark ere beste hainbeste baitarama hemen. Talde jokoan oso indartsuak gara, ez da jokalari batnabarmentzen besteen artean, eta guztiak maila berean lehiatzen gara. Bestetik, partidetako une erabakigarrietan hobeto aritzen ikasi dugu, patxada handiagoarekin jokatzen. Aurreko bi denboraldietan hainbat norgehiagoka galdu genituen hori egiten ez jakiteagatik. Erregulartasun handiagoa daukagu.
Zuek urrats bat egitearekin batera, goian egon diren taldeen maila jaitsi egin dela uste al duzu?
Ez dut uste. Beharbada talde horiek aldaketa gehiago egin dituzte, eta, esan bezala, hori antzeman egiten da.
Zuretzat lehen itzulia ez zen erraza izan, min hartu baitzenuen orkatilan. Nola zaude orain?
Orkatilako lotailu bat apurtu nuen, eta denbora eman nuen eroso jokatu ezinik. Baina jada erabat osatua nago, eta konfiantza handiarekin. Gustura ari naiz jokatzen, eta hori da inportanteena. Gainera, taldeak ondo jokatzeak lagundu egiten dit hobetzen segitzen. Azken finean, taldearen bolada onak eragina du jokalariok bakarka dugun bilakaeran. Jokatzea garestiago dago, eta zeure buruari gehiago eskatu behar diozu entrenamendu eta partida bakoitzean.
2020an amaituko zaizu kontratua Bidasoarekin. Denboraldi hau pizgarri izan daiteke hemen jarraitzeko?
Ez diot etorkizunari asko erreparatzen. Nahiago dut oraingoaz disfrutatu, are gehiago hain denboraldi ona eginda. Gozatzea baino ez daukat buruan, ez baitakit halako beste aukera bat izango ote dudan. Motibazio bat da ikustea gai garela goian dauden taldeekin lehiatzeko. Beste denboraldi baterako kontratua dut, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Oso gustura nago Irunen. Gero gerokoak.
Kontratua berritu aurretik eskaintzak jaso zenituen Bidasoatik joateko; eta orain?
Ordukoan bai, baina berritu nuenetik ez. Alde horretatik lasai nago.
Eta uste duzu zure taldekideek eskaintzak jaso ditzaketela?
Argi dago halako denboraldi bat egiten ari den talde bateko jokalariek beti pizten dutela arreta. Baina askok beste urtebeterako kontratua dugu Bidasoarekin, eta uste dut gehienok jarraitu egingo dugula. Ni baikor nago. Gainera, datorren denboraldian maila honi eusteko gai izango bagina, proiektua asko sendotuko litzateke, eta berretsiko litzateke Bidasoa egiten ari den egitasmoa ez dela denboraldi bateko kontua bakarrik.
Kauldi Odriozola. Bidasoako jokalaria
«Finalera iritsi eta Europarako sailkatzea da gure erronka»
Bidasoak Espainiako Kopako azken faseari ekingo dio gaur. Final-laurdenetan Cuenca izango du kontrario. Kauldi Odriozolak «sasoi onean» ikusten du aurkaria, eta lehia «gogorra» espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu