«Bi ezkero, hiru seguru». Esaera zaharra bete nahi du Javier Urrizak (Iruñea, 1981): hirugarrenez jarraian irabazi nahi du txapela. «Gogotsu» hartu du berriz lehia, osasun arazoengatik binakakoari eta Mastersari uko egin ondoren.
Hirugarrenez jarraian txapeldun izan zaitezke. Pozik?
Oso. Txapelketa ederra da, oihartzuna bereganatzen baitu. Denori gustatzen zaigu halako txapelketetan urruti iristea, eta ni, zorionez, hirugarrenez jarraian ariko naiz finalean. Pozik nago, halaber, larri hasi ondoren, batez ere ni, gai izan garelako gora egiteko.
Osasun arazoengatik ez zenuen jokatu ez binakakoa, ezta Mastersa ere. Kosta egin zaizu berriro lehian aritzea?
Bai. Kostatzen ari zait jarraian jokatzea. Alde handia dago entrenatzearen eta jokatzearen artean. Gainera, nik jada 41 urte ditut, eta gorputzak ez du lehen bezala erantzuten; kosta egiten da sasoia hartzea. Baina oso pozik nago garaiz kudeatu dugulako hau, eta gero eta bikote hobea osatzen ari garelako. Ea final ona jokatu, eta txapela irabaz dezakegun.
Lehen bi partidak galdu zenituzten, baina hurrengo laurak irabazi dituzue. Nahita aritu zarete behetik gora?
Ez; gustura hasiko ginen ondo hasieratik. Baina gaizki hasten bazara, lana gogor eginez eta ez etsitzen bakarrik egin daiteke gora. Zorionez, garaiz suspertu gara, eta behetik gora egin dugu. Horren erakusle da finalerdia izan dela jokatu dugun partidarik onena. Ea finalean beste koska bat gora egin dezakegun; behar dugu, haiek oso bikote osoa baitira. Oso ondo aritu beharko dugu irabazi nahi badiegu. Konfiantzaz gaude, eta finala jokatzeko gogotsu. Txinparta dugula iristen saiatuko gara.
Zer moduz moldatu zara Martirenarekin?
Oso gustura ari naiz: oso gaztea da, lotsagabea, eta alaitasuna kutsatzen du. Gero eta hobeto ari da, eta, horri esker, gero eta hobeto ari gara elkarrekin. Oso harreman polita egin dugu: bidaia asko egiten ditugu elkarrekin, eta denbora asko pasatzen dugu frontoian. Gozamena da harekin jokatzea.
Lehen esan duzu: «oso final gogorra» izango da. Zergatik?
Txapelketako bikoterik orekatuena baitira. Guri tanto bakar batengatik irabazi ziguten, eta gero, oso partida onak egin dituzte. Tentsio handiko partidak irabazi dituzte; adibidez, finalerdietakoa. Oldarkorrak izan behar dugu, eta guk eraman behar dugu partidaren ekimena; erakutsi dute oso ondo moldatzen direla piloteoan eta tentsio handiko unetan.
Haiek zer-nolako partida egiten saiatuko dira?
Gurea baino pilota biziagoak aukeratu dituzte; beraz, pentsatzekoa da saiatuko direla ni lekutik ateratzen eta Ibai errebotean estu hartzen. Ahaleginduko naiz Ibairi laguntzen; uste dugu aukeratu dugun materiala ona dela behetik jokatzeko eta niri mesede egiteko. Saiatu behar dugu haiek deseroso sentiarazten.
Aurki jokatuko da buruz burukoa, eta txapelari eutsi beharko diozu. Txapelketa hau mesede egiten ari zaizu horri begira?
Txapelketa honetan dut jarria arreta osoa; ez dut aurrerago begiratu nahi.
Sumatu duzu txapelketen falta?
Bai, noski; guri lehiak motibatzen gaitu. Baina lehiatzeko ondo egon behar da. Horregatik, oso pozik nago beste final bat jokatzeagatik; hau da niretzat erregairik onena.
Sagardoaren txapelketa. Javier Urriza. Oriamendiko aurrelaria
«Finalak jokatzea da niretzat erregairik onena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu