Pilota

Finala latza izanen dela badakite

Igandean jokatuko da Binakako Txapelketako finala, Nafarroa Arenan. Ezkurdia eta Rezusta ez dira pozik pilotekin; iritzi diote aukeran zeuzkaten pilotek ez dutela «graziarik». Artola eta Mariezkurrena konformeago daude. Laurak dira txapel gosez.

Jon Mariezkurrena, Iñaki Artola, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta gaur, Nafarroa Arenako frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon Mariezkurrena, Iñaki Artola, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta gaur, Nafarroa Arenako frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko martxoaren 26a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pilotariak aurpegiera serioz ari dira pilotei begira-begira. Suma dakieke kontzentrazioa begitarteetan, eta, erne erreparatuz gero, baita deserosotasun puntu bat ere. Igandean jokatuko dute Binakako Txapelketako finala, Nafarroa Arenako frontoian, eta Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta dira aurrenak ordurako pilotak hautatzen, bertantxe. Pilotariak xehe ari dira pilotaren boteak aztertzen, eta, noizean behin, okertu ere egiten zaie muturra. Derrepentean, abisu bat, metro gutxira: «Aizue, hiru minutu!», jakinarazi die inguruko batek. Ohi denez, pilotariek hamar minutuko tartea izan dute pilotak aukeratzeko, eta, ohartzerako, Ezkurdiak eta Rezustak kasik agortua zuten denbora. Ondoko prentsaurrekoan egin dute aitorpena: eskuetan hiru pilota hartuta, baina buruan «duda asko» zituztelarik utzi diete kantxa lehiakideei, Iñaki Artolari eta Jon Mariezkurrenari. Haiek lasterrago egin dute zeregina, «konforme», baina, hala eta guztiz, alegria handirik gabe. Bistan da laurek utzi nahi dituztela ospakizunak finalaren ondorako, txapela nork jantziko duen jakinen denerako. 

Dudak duda, lau pilotariek nabarmendu dute ez dutela «batere aitzakiarik» finalari begira, eta partidan batzuk eta besteak nola moldatuko diren ikusi arte itxarotea besterik ez dagoela. «Orduan hitz egin ahalko dugu hobeto pilotez ere», azaldu du Artolak, zintzo, eta nabarmendu du pilota guztiak aski antzekoak iruditu zaizkiola berari. Zehazki, Ezkurdiak eta Rezustak aukeratutako pilotak honelakoxeak dira: 105,4, 106,4 eta 106,6 gramokoak. Kontrastean, apur bat arinagoak dira Artola eta Mariezkurrenarenak: 105,6, 104,7 eta 104,6 gramokoak hautatu dituzte. 

Hautaketaren ondoan eginiko adierazpenetan, aukera eskasia nabarmendu dute pilotariek. Rezustak azaldu duenez, pilota gehiegi ere ez lituzkete nahiko, baina iradoki du eskertuko luketela bakarren bat gehiago edukitzea. Haren bikotekidea, Ezkurdia, bereziki kritiko agertu da pilotekin. «Orain arte, txapelketan nahiko garbi izan dugu zer pilotarekin jokatu nahi genuen: lurrean txinparta duten pilotak nahi genituen, graziarekin ibiltzen direnak, eta gaur uste baino gutxiago zeuden halakoak. Duda asko izan ditugu, egia esan», aitortu du. 

«Lurrean txinparta duten pilotak nahi genituen, graziarekin ibiltzen direnak, eta gaur uste baino gutxiago zeuden halakoak. Duda asko izan ditugu, egia esan»

JOSEBA EZKURDIA Aspeko pilotaria

Hain zuzen ere, Ezkurdiak eta Rezustak ez dute ezkutatu zein duten iganderako plana: pilota bizi-bizi mugitu nahi dute zolan, eta, hala, aurkariak haren atzetik mugiarazi. «Frontisetik askorik irteten ez diren pilotak ere nahi genituen», zehaztu du atzelariak.

Ongi hastea, eta eustea

Pilota partidetan, eta bereziki finaletan, «hasierek» daukaten garrantzia azpimarratu du Ezkurdiak: «Hasieran asmatu beharko dugu, bai ala bai. Intentsitate aldetik, erritmo aldetik, hozka egiten, hausten». Hain zuzen, Artolaren eta Mariezkurrenaren bertute bat ekarri du gogora aurrelari arbizuarrak: «Jotzaileak dira, hutsune handiak egiten dituzte». Eta, dioenez, hori eragozteko ere eginen dute lan, tinko. Horretarako, Mariezkurrena eroso aritu dadin eragoztea dute estrategietako bat. «Jon ez dadila eroso egon bostaren zona horretan; saiatuko gara gure erritmoa ezartzen».

Aurrez, finalistak bi aldiz lehiatu dira jada elkarren artean txapelketa honetan, eta Ezkurdiak eta Rezustak irabazi dituzte biak: lehenbiziko ligaxkan, 22-15 gailendu ziren, eta, finalerdietakoan, 22-18. Bi norgehiagoka horietan, pilotarien alderdi fisikoa bereziki erabakigarria izan zen. Partidak franko gogortu ziren minutuek aurrera egin ahala, eta giltzarri izan ziren nekeari kontra egitea eta huts handirik egin gabe eustea. Horregatik, askoren irudiko, hori bera gertatzeko aukera da finalean ere. 

«Partida gogor baterako mentalizatu beharra dugu», onartu du, hain zuzen ere, Artolak. Ados dago jendeak finalaren gogortasunari loturik eginiko aurreikuspenekin. Edonola ere, uste du hori ez dela zertan izan beren kalterako. «Egindako txapelketari begiratuta, uste dut partida gogor asko atera ditugula aurrera, alderdi fisikoan aldea atereaz eta. Haiek ere bai, alde horretatik oso bikote gogorra dira, baina uste dugu partida gogortzen bada ere izan gaitezkeela haiek baino gehiago», erantsi du aurrelariak. 

Jokoaren karga, atzera

Aurkariei mina non egin dakiekeen galdetuta, bi alderdi nabarmendu ditu Mariezkurrenak. Batetik, azpimarratu du hutsak halabeharrez saihestu beharko dituztela. «Haiek ez dute huts egiten, eta guk ere ezin dugu tantorik galdu». Bestalde, garbi dute estrategia. «Logikoa da: biok batera, frontoiaren atzealdea kargatzen saiatuko gara, ea Beñati lana zailtzen diogun», esplikatu du Mariezkurrenak. Eta, ondotik, azalpena errematatu du: «Iñakik, noski, pilota aurrean izandakoan, tantoa bukatzea; hori izango da beste gako bat». 

«Logikoa da: biok batera, frontoiaren atzealdea kargatzen saiatuko gara, ea Beñati lana zailtzen diogun»

JON MARIEZKURRENA Baikoko pilotaria 

Finala zer bi bikotek jokatuko zuten argitu zenetik, franko hitz egin da bikote batek eta besteak halako partidetan daukaten esperientziaren aldeaz. Rezustak du esperientzia handiena binakako txapelketetako finaletan: igandekoa bosgarrena izanen du. Aurreko laurak errenkadan jokatu zituen, 2016tik 2019ra, eta, haietan, txandaka bizi izan zituen garaipenaren poza eta galdu izanaren pena. Izan ere, 2017an eta 2019an txapela jantzi zuen: Iker Irribarriarekin batera batean, eta Danel Elezkanorekin bestean. Hain justu, haren bikotekide Ezkurdiak ere bi aldiz eskuratu du txapel hori. Jokatu dituen bi finaletan gertatu da garaile: 2018an, Jose Javier Zabaletarekin, eta, 2020an, Julen Martijarekin.

Artolak eta Mariezkurrenak beren lehenbiziko finala jokatuko dute igandean. Ordea, biak dira «aski lasai», eta, izatez, uste dute pilotari beteranoen kontra arituta ere, finalek berez dakartela «hutsetik hastea». «Gainera, txapelketa beraren barruan ere, batzuetan, gauzak astez aste aldatzen dira: konfiantza, gorputzaldiak... halere, ez gaitzala zurrunbiloak jan», esan du Artolak. Eta lasai direla berretsi, segidan, Mariezkurrenak. Bestela ere, lau pilotariak dira ados honetan: igandean ez da izanen faborito argirik, eta denak dira borrokatzeko grinaz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.