Finala da lehen derbia

EH Txapela jokatuko dute gaur Eibarrek eta Realak, Tolosan (20:30). Periko Alonso jokalari eta entrenatzaile ohia omenduko dute finalean

De Blasis Eibarrekoa eta Oiartzabal Realekoa baloia buruz jotzeko lehian, iragan sasoiko derbi batean. J.ETXEZARRETA / EFE.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Eibarrek eta Realak Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko dute gaur, Tolosan (Gipuzkoa, 20:30 ETB1), Berazubi zelaian. Joan den denboraldian Lehen Mailako euskal derbietan puntu gehien lortu zuten bi taldeak dira, eta gaur dute titulua jokoan. Aurtengoa hirugarren aldia da, eta irabazlea Athleticen ondoren agertuko da txapeldunen zerrendan. Euskal Herria Kirolak omenaldia egingo dio Periko Alonsori finalean. Realeko futbolari eta txuri-urdinen eta Eibarren entrenatzaile izandakoak jarriko die txapela irabazleei. Sarrerak estadioan eros daitezke: hogei eta hamar euroan nagusientzat, eta hamar eta bostean 16 urtez azpikoentzat.

Urtez urte torneoa izena hartzen ari da, eta Kike Zurutuza Euskal Herriko Kirolako kidean sumatu du taldeek gero eta serioago hartzen dutela: «Euskal taldeentzat urteko lehen txapelketa izatea nahi dugu, ez lagunarteko soil bat». Aurreko ekitaldietako finalak partida oso lehiatuak izan dira, eta hori nahi dute antolatzaileek liga hasieraren aurretik jarrita, «taldeak puntu-puntuan» iristen baitira. Alde horretatik, Zurutuzak «asko eskertu» die taldeei harrera, «zoragarria» izan delako. Euskal Herria Kirolaren helburua, baina, ez da partida hutsean bukatzen, kontzientzia sortu nahi baitute: «Euskaldunok gure liga edukitzea nahiko genuke, gure txapelketak, eta gure selekzioa».

Finalari dagokionez, bi taldeek liga hasi aurretik jokatuko duten azken partida da. Ez da erraza asmatzen zein hamaikako erabiliko dituzten. Realak lagunartekoa jokatu zuen atzo, eta Eibarrek, herenegun. Entrenatzaileak denbora dosifikatzen aritu dira, eta nekea pilatzea saihestuko dute. Mendilibarrek prentsaurrekoa eman zuen atzo, eta garbi esan zuen Osasunaren aurka hasieratik jokatu ez zuten 11 jokalariak ariko zirela. Kritiko mintzatu zen, halaber, gaurko partidan «gonbidatuak» zirela esan zuen, eta baldintzak Realak jarri zituela. Antolakuntzakoek zehaztu dutenez, bi taldeetako ordezkariekin bildu ziren partidaren baldintzak eztabaidatzeko.

Gizonezkoen hirugarren finala da, emakumezkoetan, berriz, Euskal Herria Txapelak tradizio handiagoa du, eta bederatzigarren finala hilaren 24an jokatuko dute, Azpeitian. Realak eta Athleticek neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.