Pilota

Finala bera da, baina egoera ez

Bigarren urtez jarraian, Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lau eta erdiko txapela izango dute jokoan. Bihar ariko dira, Sestaon. Olatz Arrizabalagaren ustez, Aldai apur bat faboritoagoa da, baina zehaztu du Zabaleta iaz baino hobeto ari dela.

AMAIA ALDAI-GOIURI ZABALETA. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta, asteazkenean, Sestaoko Las Llanas frontoian, finalaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko abenduaren 14a
05:05
Entzun

Duela justu urtebete, Amaia Aldai (Dima, Bizkaia, 2000) eta Goiuri Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 2009) jo eta ke ari ziren prestatzen Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala. Gauza bera egiten ari dira urtebeteren ostean, bigarren urtez jarraian txapela izango baitute jokoan. Bihar jokatuko dute elkarren aurka, Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas frontoian, 12:00etan (ETB1).

Aldai laugarrenez jarraian ariko da finalean. Ezin eraginkorrago jardun zen aurrekoetan, hirurak irabazi baitzituen: 2021ean, Miriam Arrillagari nagusitu zitzaion (22-14); 2022an, Olatz Arrizabalagari (22-15); eta iaz, Zabaletari (22-13). Inork ez du hark baino txapel gehiago. Baina oraindik ez da asebete, eta beste bat nahi du, laugarrena.

Zabaletak, berriz, bigarren finala du erreskadan. Iaz, lehen aldiz aritu zen Lehen Mailako txapelketan, eta estreinako ezin hobea izan zuen. Ondo bidean, makina bat final jokatuko ditu, izugarri gaztea baita: 15 urte besterik ez du. Baina ez du luzaroan itxaron nahi lehen txapela irabazteko. Bigarren ahaleginean jantzi nahi du. Iazko esperientzia du lagun.

«Finala bera da, baina egoera ez». Olatz Arrizabalagak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997) argi du finalistak iazko berberak izan arren egoera «bestelakoa» dela. «Amaia apur bat faboritoagoa da, halako partidetan hazi egiten baita. Beldurrez ekin zion txapelketari, baina gora egin du. Hala ere, Goiuri iaz baino hobeto ari da, erregularrago, patxada handiagoz, eta aurreko jokoan min eginez. Hori dela eta, ez litzateke sekulako ezustekoa izango hark irabaztea txapela».

Bi partida jokatuta eta biak irabazita iritsi dira biak finalera: Aldaik Nora Mendizabal gainditu zuen final-laurdenetan (22-17), eta Arrillaga finalerdietan (22-12). Nagusitasun handiagoarekin aritu da Zabaleta: 22-9 irabazi zion Andrea Capellani final-laurdenetan, eta 22-12 Itxaso Erasuni finalerdietan. «Biak oso sasoi onean daude: biek nagusitasunez eta ondo jokatuz irabazi zuten finalerdietan, eta horrek asko motibatuko zituen. Biak nabarmendu dira txapelketan, eta merezita jokatuko dute finala».

«Oso kontuan hartzekoa da txapeldunaren presioa izan arren Amaia urtero gai izan dela oso ondo aritzeko»

OLATZ ARRIZABALAGAPilotaria

Baten eta bestearen dohainak kontuan hartuta, traza hartu dio finalari. «Amaia Goiuri baino indartsuagoa da; beraz, jokoa atzera eroan nahiko du; Goiurik, ordea, aurrean jokatu nahiko du, eta tantoa azkar bukatu. Gakoa izango da nork jarriko duen hanka aurrean eta gorputza erdian».

Indarra eta teknika parez pare

Baten eta bestearen dohainak nabarmendu ditu. «Amaia oso pilotari indartsua eta burugogorra da. Berak badaki indarra eta oldarkortasuna dituela dohainik onenak; ez dizu uzten zure jokoa egiten, eta indarrez bukatzen du jokaldia. Horrez gain, ondo moldatzen da defentsako lanean. Modalitate batean ondo aritzen bada, banakakoan aritzen da ondo, lau eta erdikoan. Asko gustatzen zaio bakarka jokatzea. Buruz oso borrokalaria da; askotan irabazten du horri esker».

Aldaik berak aitortu du garai batean ez zuela gozatzen pilotan, ezta irabazten zuenean ere. Beti zegoen haserre eta etsita. Laguntza eskatu zuen. Psikologoarengana joan zen, eta, harekin egindako lanari esker, hobeto kudeatzen du orain etsipena. Arrizabalaga harekin entrenatzen da, eta aldaketa sumatu dio. «Orain dela urte batzuetako Amaia eta oraingoa ez dira berdinak. Haserrealdiak ditu oraindik gaizki ari denean, baina, orain, aurrera egiten du beti. Asko lagundu dio psikologoarekin egin duen lanak. Ikuspegia aldatu du, eta askoz lasaiago dabil kantxan».

Horri esker irabazi ditu azkeneko hiru txapelak. Arrizabalagaren ustez, horrek «meritu handia» du. «Urtean oso gutxitan jokatzen dugu banaka; binaka aritzen gara gehien. Lau eta erdikoa psikologikoki txapelketa oso gogorra da, presio handia dago, Amaiarentzat batez ere, azken urteetako txapelduna baita. Oso kontuan hartzekoa da txapeldunaren presioa izan arren urtero gai izan dela oso ondo aritzeko».

«Goiurik final asko jokatu ditu azken urtean. Agian, iaz baino gutxiago sumatuko ditu urduritasuna eta presioa»

OLATZ ARRIZABALAGAPilotaria

Zabaletari buruz, berriz, nabarmendu du «oso pilotari teknikoa» dela. «Bian edo bi eta erdian pilota uzten badiozu, adi egon beharra duzu, edozein une eta lekutik egin baitezake jokaldia, ezkerrez edo eskumaz. Hori oso arriskutsua da lau eta erdikoan, eta, hori dela eta, Goiuri atzean izan behar duzu beti. Baina hori ez da erraza; gainera, asko hobetu du aireko jokoa. Nire ustez, iaz baino itxura hobea emateko gaitasuna du».

Iazko finala aipatu du. Lehena zuen Zabaletak, eta urduritasunak eta presioak erasan egin zioten: ohi baino huts gehiago egin zituen, eta garesti ordaindu zuen. Arrizabalagak uste du oraingoan hobeto ariko dela. «Iaz pilotari berria zen, lehen aldiz aritu baitzen maila nagusiko final batean. Baina azken urtean final asko jokatu ditu, eta ohituagoa dago. Inoiz ez zara ohitzen final bat jokatzera ETBko kamerak bertan daudela, baina, pixkanaka, hobeto moldatzen zara. Horregatik, agian, iaz baino gutxiago sumatuko ditu urduritasuna eta presioa».

Pozik dago gazteak indartsu datozelako. «Ni naiz helduena zirkuituan, eta nire egitekoa bidea zabaltzea da. Goiuriren adinarekin nik pilota utzi behar izan nuen. Berak ez du geldiune hori izango. Beraz, haiek guk baino hobeak izan behar dute gure adinarekin. Zoragarria da ikustea gazteak indartsu datozela: Goiuri, Laia Salsamendi, Nahia Bertiz... ». 

Buruarekin aztertu ditu orain artekoak, baina bihotzak esaten dio Aldaik irabaztea nahi duela. «Urte osoan entrenatzen gara elkarrekin, eta, orain, finala prestatzen laguntzen ari naiz. Amaiak irabaztea nahi dut, noski». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.