Olaizola II.a-Urrutikoetxea batetik, eta Irribarria-Rezusta bestetik. Horra binakakoa aurkeztu zutenean denen ahotan ibili ziren bi bikoteak. Horretarako arrazoiak bazeuden: Baikokoak txapeldun izan ziren 2016an; Aspekoak, berriz, txapeldun 2017an eta txapeldunorde 2019an.
Hiru hilabete pasatu dira, eta lehiak hankaz gora jarri ditu pronostikoak. Bi bikote horietako batek agur esango du lehen ligaxka amaitzean. Seigarren daude Irribarria-Rezusta, hots, lehian segitzeko aukera ematen duen azken postuan. Hamabi neurketetatik bost baino ez dituzte irabazi. Koska bat beherago eta garaipen bat gutxiagorekin daude Olaizola II.a-Urrutikoetxea. Kanpoan leudeke.
Hala, erabakigarria izan daiteke bi bikoteek igandean Tolosan (Gipuzkoa) jokatuko duten neurketa. Irabaziz gero, Irribarria-Rezusta sailkatuta leudeke. Aldiz, galduz gero, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak hartuko liekete aurrea, tanto alde hobea baitute. Kasu horretan, azken jardunaldian erabakiko litzateke dena: Aspekoek Unai Laso eta Jon Ander Albisu izan dituzte aurkari; eta Baikokoek, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija.
Olaizola II-a-Urrutikoetxeak dute presio handiena. «Guretzat, final bat bezalakoa da, galduz gero kanporatuta geratuko garelako. Partida zaila izango da, Irribarria-Zabaleta bikotea indartsua baita. Gogor jotzen diote biek pilotari», esan zuen atzo Urrutikoetxeak, pilota aukeraketan. Hain zuzen, zaratamarrak atzo erabaki zuen jokatzea, osatu egin baitzaio eskuin eskuko mina. Irribarriak, ordea, azpimarratu zuen «neurketa garrantzitsua» dela, «baina ez final bat», galduz gero azken jardunaldia geratuko litzatekeelako.
Bigarren posturako lehia
Azken-aurreko jardunaldia, hala ere, gaur hasiko da. Bi partida jokatuko dituzte, eta bietan egongo da jokoan bigarren postua. Gernika-Lumon (Bizkaia), Altuna III.a-Galarza eta Artola-Aranguren ariko dira —atzelariak Ander Imaz ordezkatuko du, hark mina baitu eskuin belaunean—; eta Urdulizen (Bizkaia), Ezkurdia-Martija eta Laso-Albisu. Ezkurdia-Martijak zortzi garaipen dituzte, Altuna III.a-Galarzak eta Artola-Imazek zazpi, eta Laso-Albisuk sei.
Finala bai, finala ez
Irribarria-Rezustak eta Olaizola II.a-Urrutikoetxeak atarikorako azken tokia izango dute jokoan igandean. Aranguren ariko da Imazen ordez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu