Pilota. BERRIA Txapelketako finala

Finala aztergai.

Eskarmentu handikoak dira Zazpi Iturri eta Aurrera Saiazeko entrenatzaileak. Amezketako taldea jotzen dute faborito, baina biek uste dute Aurrera Saiazek ezustea eman dezakeela. Gipuzkoan pilota osasuntsu dagoela nabarmendu dute.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Eskudero, J. Eskudero
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

XALTON ZABALA

Zazpi Iturriko entrenatzailea

«Aurtengoa da inoiz eduki dudan talderik onena»



Pilotalekua bigarren bizilekua du Xalton Zabalak (Amezketa, Gipuzkoa, 1951). Urte asko dira jada ordu aunitz igarotzen dituela bertan neska-mutiko koskorrei pilota erakusten, eta nabari da. Izan ere, Zazpi Iturri elkartea emaitza apartak ari da lortzen, eta bihar beste titulu preziatu bat eskuratzeko aukera izango du. Badaki ez dela erraza izango, baina bere pilotariengan konfiantza osoa du.

Emaitzei eta zure pilotarien izenei begiratuta, inoizko talderik onena duzula esan daiteke.

Inolako zalantzarik gabe. Beste behin ere eduki nuen oso ona, baina aurtengoa izugarria da. Kadeteetan eta gazteetan ditudan bikoteek ez dute partidarik galdu irailaz geroztik, eta Euskal Herriko txapeldun izan dira. Ez dago gehiago eskatzerik. Altunak, Iribarriak eta Tolosak etorkizun ederra daukate.

Beraz, finaleko itxaropen guztiak kadete eta gazteengan ipiniak dituzu.

Bai, txapelketa osoan bezalaxe. Eroso irabazi dituzte partidak, eta nagusietara dena erabakita heldu gara. Olaetxeak eta Santxezek bikote polita osatzen dute, baina esperientzia gutxi dute oraindik. Lehen bi neurketetan egongo da finaleko gakoa. Altuna eta Eratsunengan konfiantza osoa daukat; gazteek beldur handixeagoa ematen didate.

Inoizko talderik onena daukazula esan duzu. Eta hori, Jaka taldetik at utzi duzula.

Egia da. Jaka kantxaratu izan banu, kolorerik ez zuten izango kanporaketek. Iaz txapela irabazi zuen berak, eta ez zait gustatzen urtero taldea errepikatzea. Iribarria kadetea da oraindik, baina gazteekin aritzeko maila soberan dauka. Tolosarekin jokatuta, gainera, hobeto aritzen da.

Pilotari guztiak, dena den, ez dituzu etxean sortutakoak.

Ez. Altuna eta Olaetxea izan ezik, besteak beste elkarteetatik etorritakoak dira: Andoaindik, Astigarragatik, Ordiziatik eta Zizurkildik. Gainontzekoek egindako lanaz baliatzen ari naiz ni kasu batzuetan, baina tira, horrelakoa da pilota mundua. Aurrelariei gehienbat ezker airea erakusten ahalegintzen naiz, hori derrigorrezkoa baita profesional mailara igotzeko.

Espero al zenuen Aurrera Saiaz izatea finaleko aurkari?

Egia esan, ez. Erreka taldearekin itxaropen handia neukan, baina Adiskidek kaleratu zuen. Nire ustez, kadeteen mailan ez zuten bikote egokia aukeratu, eta horregatik geratu ziren txapelketatik at. Hutsegiteak garesti ateratzen dira.

Zer nabarmenduko zenuke Luis Galarragaren taldetik?

Urtero itxura ona ematen duela. Aurten pilotari gazteekin ari da lehiatzen, nagusietan hainbat lesio izan dituztelako, eta ezin hobeto moldatu dira. Beti dago goi mailan, eta hori lortzea ez da batere samurra. Zazpi Iturri ez ezik, Aurrera Saiazek ere baditu pilotari onak etorkizunari begira.

Gipuzkoako bi elkarte arituko zarete nor gehiago. Horrek zer esan nahi du?

Gipuzkoako pilotaren egoera hobetzen ari dela eta etorkizunean kontuak aldatu egingo direla. Orain nafarrak dira nagusi profesionaletan, baina urte batzuk barru ez dut uste hala izango denik. Bigarren urtez jarraian irabaz genezake BERRIA Txapelketa, eta hori seinale ona da.

LUIS GALARRAGA

Aurrera Saiazeko entrenatzailea

«Haiei nerbioek eragitea beharko genuke irabazteko»



Pertsona gutxi izango da pilota munduan Luis Galarragak (Bidania, Gipuzkoa, 1959) baino partida gehiago ikusi duenik. Denetik ezagutu izan du, baita ezusteko galantak ere, eta argi dauka horietako bat beharko lukeela bihar Aurrera Saiz bere elkarteak Zazpi Iturriri irabazteko. Halere, pilota biribila dela dio, eta badu txapela janzteko itxaropenik.

Aurrera Saizen izena berriz ere final batean ageri da. Elkartean gauzak ongi egiten ari zareten seinale.

Bai, eta niri izugarrizko poza ematen dit horrek. Lanaren fruituak agertzen ari direla ikusten da. Kadeteetan eta gazteetan pilotari asko ditugu. Lehenengoan, hogeita lau, eta bigarrenean, hamabost; gehienak pilotari onak, gainera. Aspaldi ez ginen kopuru horietara iristen. Horren arazoa bakarra da: BERRIA Txapelketan eta hura bezalako lehietan bikote bat soilik aukeratu beharra.

Emaitzei erreparatuta, hautaketa ongi egin zenuela esan daiteke.

Halaxe da. Denon helburua izaten da finalera iristea, eta guk lortu dugu. Dena den, behin hor egonda, galtzea ez zaio inori gustatzen. Orain arteko kanporaketetan itxura ona eman dute nire pilotariek, eta finalean hala izatea espero dut.

Faboritoa Zazpi Iturri da.

Pilota munduan gabiltzan guztiok iritzi bera daukagu, Zazpi Iturrik dauzkan pilotarien maila oso gutxitan egon izan dela. Altuna bere adineko onena da, artista hutsa. Eta Iribarriak eta Tolosak ere ez daukate inoren inbidiarik. Zaila izango da haiei irabaztea, baina ahaleginduko gara. Nik sinetsarazi diet denei gailendu gatzaizkiela.

Horretarako, nolako joera izan behar luke finalak?

Ez dakit. Final guztiak ezberdinak izaten dira, espezialak, eta horrek sortzen dit itxaropenik handiena. Urduritasunaren erruz Zazpi Iturri bere ohiko mailatik urrun egotea beharko genuke txapela irabazteko. Kadeteetan eta gazteetan zail dugu, baina tira, Labaka gazteetako aurrelariak egun ona baldin badu, ezustekoa emateko gai da.

Nagusietan gehiago zarete.

Baietz esango nuke, baina sekula ezin da jakin. Urbieta II.a gaztea da oraindik, eta arriskutsua. Dena den, koska bat gora egiten badu profesional mailan joka dezakeela uste dut. Egoera berean dauden hainbat pilotari dauzkat elkartean: Apezetxea, Arratibel, Artola...

Onsalo, Renobales, Galarraga. Hainbat dira azken urtean pilota utzi behar izan dutenak. Baina, halere, goi mailan jarraitzen du Aurrera Saiazek.

Bai, eta hori albiste zoragarria da. Pilotari asko dauzkagu elkartean, eta jende asko ari da haien alde lanean. Izan ere, gazteekin lan egin ezean, jai dago. Aurten esperientzia gutxiko taldea kantxaratu dut txapelketan, baina bikain erantzun dute. Guztiek parte hartu ezin izanak ematen dit pena.

Dena den, gutxi edukitzea baino hobea da sobran edukitzea. Dudarik gabe, sasoiko dago Gipuzkoan pilota.

Lehengo batean gauza bera esan nion bati, eta ados zegoela esan zidan. Gipuzkoan pilota indartsu dago, eta, nire ustez, are gehiago Tolosaldekoa. Laster profesionalak izango diren pilotari asko dauzkagu Aurrera Saizen zein Zazpi Iturrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.