Txapelak irabazi edo galtzen dira finaletan; horregatik dira hain egun bereziak. Baina aurretik final txiki asko irabazi behar izaten dira zirt edo zart horretara iristeko. «Lehen partida galdu nuen nik, Aimarren aurka [Aimar Olaizola]; bigarrena, hark; eta horregatik da hil ala bizikoa larunbateko partida». Oinatz Bengoetxearenak dira esanak. Atzokoak. Etziko Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiko partidarako pilotak aukeratu berritan Iruñeko Labriten bertan egindakoak. Iker Arretxe aritu zen leitzarrarekin batera errutina lan horretan. Gehienetan bezala, arazorik ez pilotekin. 106,2 eta 106,4 gramokoak dira Bengoetxea VI.arenak. «Desberdinak baina egokiak dira biak; pisutsuagoak eta gehiago eman beharrekoak, frontisetik gutxiago irteten direnak»; 105,5 eta 104,7 gramokoak dira Arretxe II.arenak. «Desberdinak dira lau pilotak, nahiz eta nireak, agian, gehixeago irteten diren frontisetik. Biziak dira guztiak».
Etziko partidak ez dauka sekretu askorik. Berasaluze VIII.a zain dago aspalditik. Labriteko irabazlea, aurrera; galtzailea, kalera. «Oso partida gogorra» espero du Bengoetxea VI.ak. «Antzeko pilotariak gara, eta bete-betean dago bera, asko jokatuta; profesionaletara iritsi zenetik, garairik onenean dago, agian. Oso indartsu dago». Antzera hitz egin zuen Arretxe II.ak ere. «Hil ala bizikoa da partida. Finalerdietan aritzeko saria izango du irabazleak».
«Dena» emateko helburu bakarrarekin kantxaratuko da leitzarra. «Bestela, argi daukat hark irabaziko duela. Presiorik gabe iritsi da Arretxe ligaxkara, eta errespetu handia diot». Espero zen bezala, etziko partidarako faboritorik ez dagoela adierazi zuen leitzarrak. Luzaidekoak ere loreak zeuzkan gordeta aurkariarentzat. «Lau t'erdian oso abila da Bengoetxea. Oso zail daukat, baina dena emateko helburuarekin kantxaratuko naiz». Taktika argi samar dauka, beraz. «Baina aurrean tarte txiki bat utziz gero, berehala lortzen du tantoa, eta abiadura emanez gero, dejada neurtuak botatzen ditu kontraerasoan».
Bengoetxea VI.ak bi partida jokatu ditu orain arte aurtengo Lau t'erdiko Txapelketan, eta etzikoa seigarrena izango du Arretxe II.ak. «Ondo nago, baina nekatu samar ere bai, partida asko jokatu behar izan ditudalako behe-behetik hasita. Eskuak justu antzean dauzkat». Neke pilatu hori ez du erabili nahi, hala ere, aitzakia gisa. «Oso gustura nago ematen ari naizen mailarekin, eta oso partida polita daukat parez pare».
Final txikirako aitzakiarik gabe
Bengoetxea VI.a eta Arretxe II.a gustura geratu dira etziko partidarako aukeratutako pilotekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu