Brasilgo Munduko Kopa. A multzoa. Javier Aguirre. Mexikoko hautatzaile ohia

«Final-laurdenetan sartzea da beti gure asmoa»

Jokalari gisa, 1986an aritu zen Munduko Kopan; entrenatzaile lanetan, bitan: 2002an eta 2010ean, bietan Mexiko zuzentzen. Aurtengoa Brasilen bertan ikusiko du, Mexikoko telebista batentzat iritzi emaile. Brasil du faborito.

«Final-laurdenetan sartzea da beti gure asmoa».
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bidaiatik bidaiara harrapatu du BERRIAk Javier Aguirre (Mexiko Hiria, 1958). AEBetan egun batzuk igaro eta gero, Miamitik Madrilera heldu berritan izan da solasaldia, telefonoz. «Berehala noa Brasilera, Mexiko telebista batean iritzi-emaile lanak egitera». Aurreko Munduko Kopan, Mexikoren aulkian izan zen. Azkar bota du: «Iritzia ematea lan hobea da aulkian egotea baino».

Zer itxura hartzen diozu Mexikori?

Asko kosta zitzaion sailkatzea, aurreneko aldiz jokatu behar izan zuelako kanporaketa zuzena; Zeelanda Berria izan zuen kontrario. Lau entrenatzaile izan ditu oso denbora gutxian, eta hori ez da ona. Baina hor gaude, eta lehiaketa oraintxe hasiko da.

Denbora gutxian hainbeste entrenatzaile izateak ez dizu konfiantzarik ematen?

Ona ez da, hori garbi dago. Baina edozer gerta daiteke. Onena da lau urtez entrenatzaile bera edukitzea, eta hura arduradun dela jokatzea Amerikako Kopa eta Urrezko Kopa. Lau urte egoteak aukera ematen du jokalari guztiak ondo ikusteko, eta gero ondo aukeratzeko. Baina bost hilabete bakarrik darama Miguel Herrerak, eta zaila da horrela.

Zein da Mexikoren jokatzeko eredua?

Bost atzelarirekin jokatzen du beti, eta irabaztera doa, ausart; kontraerasoa ez du ereduaren zutabe nagusia; baloia erabiltzea eta erasotzea gustatzen zaio Herrerari. Bosniaren aurkako lagunartekoan, duela gutxi, lau atzelari jarri zituen, eta harritu ninduen. Zazpi partida egin ditu selekzioan, eta beti bostekin jokatu izan du. Aspalditik ezagutzen dut, eta beti jokatu izan du bost atzelarirekin. Ez dut uste aldatuko duenik.

Multzoaz zer diozu?

Oso zaila da, baina, Brasil izan ezik, beste hirurok antzeko mailan gaude. FIFAren sailkapenean, Kroazia 18.a. da; Mexiko 20.a da, eta Kamerun 56.a. Edozer gerta daiteke hiru horien artean.

Presioa handia izaten al da selekzioaren inguruan Mexikon?

Bai, bai, handia. Futbola erlijioa da Mexikon, kirol nagusia, eta lau urtez behin oso ondo prestatzen saiatzen gara Munduko Kopan lan ona egiteko.

Zer eskatzen zaio selekzioari?

Guk bosgarren partida esaten diogun horretara heltzea; hau da, final-laurdenetara. Zortzi onenen artean sailkatzea izaten da asmoa. Azkeneko bost Munduko Kopetan, Mexiko hamargarren eta hamabosgarren postuaren artean sailkatu izan da. Bitan bakarrik izan gara final-laurdenetan, eta, bietan, Mexikon jokatu zen txapelketa: 1970ean eta 1986an.

Bosgarren partida horretara heltzeko, laugarrena gainditu behar, eta aurkaria hauetako bat izan dezakezue: Txile, Herbehereak eta Espainia. Zaila, ezta?

Pixka bat zaila, bai.

Jokalari on batzuk faltako zaizkio selekzioari. Huts egindako azkenak Montes eta Medina izan dira.

Chapito Montes eta Negrito Medina erori dira, bai. Javier Aquino eta Ponce sartu dira, eta uste dut ondo ordezkatuko dituztela beste biak. Gertatzen dira horrelakoak, eta arazoei konponbideak jartzea izaten da entrenatzailearen lana.

Carlos Velaren kasuaz zer diozu?

Berezia da Carlosen kasua. Berak bakarrik daki zergatik ez den joaten selekziora. Sei hilabeteko zigorra jarri zion federazioak, zelaietatik kanpo izandako afera bategatik. Gero, hiru partida jokatzeko eraman zuten; ez zuen titular jokatu, eta harrezkero ez da gehiago joan, deitu izan duten arren. Oso jokalari ona litzateke selekzioarentzat, baina errespetatu egin behar da haren erabakia.

Txapelketa bakoitzak ez du zerikusirik bestearekin, baina zergatik ez du gainditzen Mexikok bosgarren partida horren muga?

Egoera bereziak izan ditugu. Duela lau urte, ni entrenatzaile nintzela, final-zortzirenetan, Argentinaren lehen gola jokoz kanpo garbian izan zen, eta epaileak, zelaiko pantailan ikusi bazuen ere jokaldia, ez zuen utzi baliorik gabe. Handik bost minutura sartu zuen bigarren gola Argentinak. Haiek baino hobeto ari ginen, baina 3-1 galdu genuen. 2006an, Maxi Rodriguezek luzapenaren bukaeran sartu zigun gola, eta etxera joan ginen final-zortzirenetan. 2002an, ni aulkian nintzela, gringo-en [AEBen aurka] aurka galdu genuen final-zortzirenetan. Injustizia handia izan zen: oso atzean sartuta egon ziren, eta gol bat sartzen asmatu zuten. Egun hartan, epaileak ere egin zigun berea. Ez zait gustatzen epaileen aitzakia jartzea, baina nabarmena izan zen epaile portugaldarraren hutsegitea. Mexikok ezin izan du gainditu bosgarren partida hori. Horixe izango da gure muga. Hala ere, azkeneko bost txapelketak kontuan hartzen badira, hiru selekziok bakarrik gainditu dute beti lehen fasea, eta hiru horiek Brasil, Alemania eta Mexiko dira. Bada zerbait.

Zu selekzioaren entrenatzaile izan zaren bi aldi horietan horrela kaleratuak izateak utzi dizu halako min handi bat?

Bai, bai. Gogoan daukat zer esan nien jokalariei 2010ean, Argentinaren aurkako partidako atsedenaldian: «Berdin jokatzen jarrai ezazue. Oso ondo ari zarete». Argentina baino hobeto ari ginen lehen zatian, eta, hala ere, bi gol horiek jaso eta 2-0 galtzen joan ginen aldageletara. Amerikarren aurka ere antzeko. Hobeak izan ginen. Pentsa, haien entrenatzaileak hauxe esan zidan partidaren amaieran: «Sentitzen dut Javier, baina oso atzean defendatu beste aukerarik ez dut eduki, penalti jaurtiketak zirelako gure aukera bakarra sailkatzeko». Baina gol bat sartu ziguten penaltietara heldu baino lehen, eta gu etxera. 11. izan ginen, eta horixe da emaitzarik onena Mexikon jokatu ez diren txapelketen artean.

Ez da ohikoa Mexiko jokalariak handik kanpo jokatzera ateratzea, nahiz eta azkenaldian gero eta gehiago ari diren. Horrek lehiakortasuna kentzen die gero beste herrialdeen aurka aritzen direnean selekzioarekin?

Baietz uste dut. Oraintxe egon naiz begira, eta datu hau oso argigarria da: Munduko Kopa honetan ariko diren taldeen artean, Europan ari diren jokalari gutxien Iranek eta Mexikok dauzkate. Iranek sei ditu Europan jokatzen, eta guk zazpi. Argentinako eta Brasilgo jokalari ia denak ari dira Europan jokatzen. Aldea da, bai. Hala ere, Mexikoko Ligan maila ona dago; ondo ordaintzen diete jokalariei, eta selekzioa bertan dute. Ez zaie hain erakargarria Europara ateratzea.

Selekzio jakin baten aurka jokatzeko gogoz geratu al zara Munduko Kopan?

Ez. Onenen aurka jokatu izan dut: Frantzia, Italia, Uruguai... Lagunartekoetan, jokatu izan dut Brasilen eta Espainiaren aurka.

Entrenatzailearentzat zein da lanik zailena Munduko Kopan?

Aurreneko partida. Ia beti, geroko bidea zehazten dizu. Non zauden esaten dizu. Lau punturekin, ia beti sailkatu egiten zara bigarren fasera, eta aurreneko partidan hiru ateratzea asko da. Tentsio handia izaten da lehen partidan; lau urtez aritzen zara prestatzen, eta alde fisikotik ondo prestatuta egoten dira jokalariak. Taktikoa da hortik aurrerako dena.

Munduko Kopan aritzea da gauzarik handiena jokalari eta entrenatzaile batentzat

Dudarik gabe, bai. Zure herrialdearen izenean aritzen zara, hori duzu lanbidea, hori dakizu egiten... Hori da handiena, bai. 32 selekzio onenak ez dira joaten Munduko Kopara, sailkatze fasea arraro samarra izaten delako, baina, sailkatuz gero, hori da handiena.

Brasil da faborito nagusia?

Bai, bai. Eta gero, Argentina, Espainia eta Alemania. Betikoak, azken batean. Italia, Ingalaterra, Uruguai, Txile, Kolonbia, Mexiko... horiek gerra ematen dute, baina faborito nagusiak lau horiek dira. Ez naiz ari ezer berezia asmatzen.

Selekziora itzuliko zara berriz?

Etapak dira. Entrenatzailea naiz, eta lanean segituko dut. Zaila da; gazte asko daude, eta oso onak. Gainera, ni kanpoan ari naiz, eta hobe da herrialdean bertan lan egiten duen norbait, jokalarien jarraipena egiteko eta. Miguel Herrera indartsu dago, eta babestu egin behar zaio.

Orain zer egingo duzu?

Zain egon, ea zerbait ateratzen zaidan. Munduko Koparen amaieran hartuko dut erabakia. Espanyolen ez nuen jarraitu nahi; haiek eskaintza egiteko prest bazeuden ere, ez nien entzun nahi izan.

Talderen bat ala selekzioren bat hartuko duzu?

Berdin zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.