Final-laurdenetako kanporaketak zehaztuta gelditu dira Australian

Wilfred Tsonga frantziarra eta Agnieszka Radwanska poloniarra dira ezustean horren gora iritsi direnak

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Australiako Irekia, denboraldiko lehen Grand Slama, azken txanpan sartu da. Final-zortzirenetako azken partidak jokatu ziren atzo, eta final-laurdenetako lehenengoak jokatuko dira gaur. Zerrendaburu gehienek egin dute aurrera, eta ohiko tenislarien alboan bi agertu dira ezustean: Jo-Wilfred Tsonga frantziarra gizonezkoetan, eta Agnieszka Radwanska poloniarra emakumezkoetan.

Jo-Wilfred Tsongak eman zuen txapelketako lehen ezustekoa. Anddy Murray zerrendaburua utzi zuen kanpoan lehen egunean, eta hazi eta hazi joan da geroztik. Bost setetan irabazi zion S. Warburg estatubatuarrari, lau setetan Garcia-Lopez espainiarrari, eta Richard Gasquet zortzigarren zerrendaburu eta herrikideari irabazita sailkatu da final-laurdenetara. Inor gutxik espero zuen horrelakorik. Tsongak 23 urte ditu, eta 38. zegoen ATP sailkapenean Australian hasi aurretik, baina pista azkarrean oso kontrario arriskutsua da, sakatzaile petoa. Final-laurdenetan Mikhail Jouzhni errusiarraren kontra jokatuko du. Final-laurdenetako beste partidak: Federer-Blake, Djokovic-Ferrer eta Nieminen-Nadal.



RADWANSKA GAZTEA. Tsonga frantziarraren ibilbide bertsua egin du Agnieszka Radwanska poloniarrak emakumezkoen lehiaketan. 18 urte besterik ez du, eta 29. zegoen WTAren sailkapenean Australian hasi aurretik. Ezustekorik handiena joan den larunbatean eman zuen: Svetlana Kuznetsova bigarren zerrendaburuari irabazi zion (6-3 eta 6-4), eta Nadia Petrova 14. zerrendaburua kanporatu zuen atzo (1-6, 7-5 eta 6-0). Final-laurdenetan ariko da, eta ez da sekula horren urrutira iritsi Grand Slam batean. Ezustekoak ematen, dena dela, zalea da. Haren izena lehen aldiz iazko AEBetako Irekian agertu zen. Orduan, Maria Sharapova errusiarra utzi zuen kanpoan.

Radwanskak Hantutxovaren kontra jokatuko du final-laurdenetan. Hauek izango dira beste partidak: Henin-Sharapova, Jankovic-S. Williams eta V. Williams-Ivanovic. Venus Williams Australiako final-laurdenetan ariko da, bost urte geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.