FUTBOLA

Final itxuran, kontrako giroan

Europarako sailkatu ondoren, Europa ligan jokatu nahi du Realak. Gaur lortuko du, baldin eta Betisen zelaian irabazten badu.

Mikel Oiartzabal, lehen itzulian Betisen aurka Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
Mikel Oiartzabal, lehen itzulian Betisen aurka Anoetan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko maiatzaren 19a
05:15
Entzun

Realaren asteak ziurgabetasunetik bikaintasunera egin dezake jauzi. Astelehenean atzerapausoa egin zuen Bartzelonan galduta, baina ostegunean Valentziaren aurka ziurtatu zuen bosgarren urtez jarraian Europako txapelketetan lehiatzea, bere historian 20. aldiz. Konferentzia ligan ariko da txarrenera ere, zazpigarren geratuta, baina sasoia distira handiagoz amaitu nahi du Europa ligarako sailkatuta. Horretarako ezinbestekoa du liga seigarren postuan amaitzea, eta Betis du bide horretako oztopo bakarra. Hain justu ere, bi taldeak elkarren aurka ariko dira gaur (19:00, Dazn). Egoera erabat argitu dezakeen partida da.

Txuri-urdinek kontrarioaren etxean jokatuko dute final tankerako norgehiagoka. Kontrako giroa izango du, beraz, Betisek zaleen bultzada baliatu nahiko baitu donostiarrak menderatzeko. Ez hori bakarrik; bi kluben artean xextra izan da sasoi honetan, sarreren salmenta dela eta. Realak joanekoan nola, Betisek ez die alerik salduko bisitariei. Hortaz, ia hutsala izango da Imanol Alguacilen taldeak Benito Villamarineko harmailetatik jasoko duen babesa.

Nolanahi ere, osteguneko garaipenak arnasa pixka bat eman dio Realari, eta kalkuluak erraztu dizkio. Seigarren postua berreskuratuta, puntu baten aldea lortu du Betisekin, eta garaipen batek matematikoki bermatuko dio datorren sasoian Europa liga jokatzea. Izan ere bi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko, gaurko norgehiagoka kontatuta. Hala, irabaziz gero lau punturen aldea lortuko luke azken partidaren atarian.

Hori du biderik zuzenena. Haatik, bestelako emaitzek ere ez diote atea erabat itxiko. Gaur berdinduz gero, sailkapenean ez da alderik izango, eta txuri-urdinek puntu baten aldearekin abiatuko dute azken jardunaldia. Aldiz, egoera irauli egingo da Betisek irabazten badu; espainiarrek eskuratuko dute seigarren postua, bi puntu gehiago bilduta, eta azken neurketan erabakiko da zein sailkatuko den Europa ligarako. Realak Atletico Madril laugarren sailkatua jasoko du 38. jardunaldian; Betisek, berriz, Real Madril txapelduna bisitatuko du. Bi talde horiek ez dute deus jokoan.

Oso gogotsu daude txuri-urdinak, Imanolengandik hasita. «Ez da erraza izango; arerio handia da. Baina oso gogotsu gaude; badakigu zer dugun jokoan. Sekulako partida izango da. Helburua gutxienez ez galtzea da, Betisen aurretik jarraitzeko».

Halaber, Realak badu liga bosgarren postuan amaitzeko aukerarik, Athleticen kaltetan; bost punturen aldea dute bilbotarrek, eta sei daude jokoan. Gainera, donostiarren aldekoa da bien arteko golen balantza. Hori bai, batek edo besteak aurretik amaitzeak ez du eraginik izango datorren sasoiari begira; iraulia gertatuz gero, biak leudeke Europa ligarako sailkatuta.

Athletic eta Osasuna, lasaiago

Talde zuri-gorriak ez du bosgarren postuari eustea beste pizgarririk. Behin laugarrenak ihes eginda eta Europa ligarako sailkapena Espainiako Kopa irabaziz lortuta, azken norgehiagokei lasaiago ekingo dio Ernesto Valverderen taldeak. Egoera horretan, Iker Muniainen eta Raul Garciaren agurrek hartuko dute protagonismoa. Sevillaren aurkakoa izango da biek Athleticen elastikoarekin San Mamesen jokatuko duten azken neurketa (19:00, Movistar). Bezperan, ordea, Ernesto Valverdek bereganatu du arreta, beste urtebetez berritu baitu. 

Ordu berean jokatuko du Osasunak ere, Atletico Madrilen zelaian. Sailkapenean postu batzuk irabazteko xedez ariko da azken bi partidetan. Gaurkoaren ostean, Vila-real jasoko du gaur zortzi, Sadarren, Jagoba Arrasate teknikariaren azken norgehiagokan. Teknikariak arrasto sakona utziko du Iruñean; haren tamainako agurra merezi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.