Greziak eta Espainiak final itxurako kanporaketa jokatuko dute gaur Europako Saskibaloi Txapelketan (18:30, Cuatro). Final itxura du, taldeen izen eta mailarengatik, baina final-laurdenetako partida da, eta, bide batez, titulurako bi hautagai sendoren arteko aurrenekoa. Frantziak eta Letoniak ere gaur jokatuko dute (21:30). Bi kanporaketetako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute etzi, lehen finalerdian.
«Gure herriari poz bat eman nahi diogu», adierazi du asteon Giorgios Printezis Greziako hegalekoak. Nazioan bizi den krisi egoera pixka bat gozatzeko helburua hartu du selekzioak, eta bide onetik doa, txapelketan jokaturiko sei partidak irabazi baititu, tartean Belgikaren aurkako final-zortzirenetakoa (75-54). Spanulis da taldeko burua, eta haren altzoan Antetokounmpo, Koufos, Printezis eta enparauek talde lehiakorra osatu dute.
Espainiak. aldiz, bide gorabeheratsuagoa egin du, baina, jokalarien mailari dagokionez, Europako talde onenetarikoa da. Sufrituz pasatu zuen lehen fasea(3-2), baina Poloniaren aurkako azken laurdenean susperraldia izan zuen. Rudy Fernandezek eta Pau Gasolek arazo fisiko txikiak dituzte, baina Espainiak batzen duen talentu guztiarekin, edozeini irabazteko oso gai dira.
Beste final-laurdenean Frantzia da faborito. Etxean ariko da, talde oso ona du, eta orain arte jokaturiko partida guztiak irabazi ditu —final-laurdenetan, 76-53 Turkiari—. Letonia, berriz, txapelketako ezusteetako bat izan da, are gehiago final-laurdenetan Eslovenia 73-66 kanporatu ondoren.
Final itxurako lehena
Espainiak eta Greziak final-laurdeneko oso erakargarria jokatuko dute gaur Europako Txapelketan.Frantzia da faborito beste kanporaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu